literaturaren zubitegia

1.073 idazle / 5.164 idazlan
7.841 esteka / 6.390 kritika / 1.828 aipamen / 5.572 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
«Euskal literatura III»
Santi Onaindia

Etor, 1974

 

33.— Juan Manuel Lertxundi ta Baztarrika

(1870-1925)

 

        Tolosarra duzu euskaltzale bakan au, an baitzan jaio 1870-11-24'an. Eskolapioetan sartu zan gazte zala, Aragoi'ko probintziakoa zan Peralta de la Sal (Hueska)'ko komentuan lenengo ziñitzak egiñik. Ia beti, gaztetan batez ere, Euskalerritik kanpo ibilli zitzaigun eta ez da arritzekoa umetan zekien amaren magaletiko izkuntza aiztu ba'zitzaion ere.

        Eliz-ikasketak amaitu ta 1894'an mezakotu zanean, Zaragoza'n eta Jaka'n irakatsi ta arimazai egin zuen bost urtetan; 1898'an Argentina'ra joan zan, eta 1903'an Txile'ra; 1908'an Euskalerrira itzuli zan, eta 1911'rarte Iruña'n bizi izan zan, eta 11'tik 18'ra Barbastro'n; andik Tolosa'ra etorri zan 1918-5-25'an, gaixorik biotzetik eta arnas-estu gogorrakin: zazpi urte ta erdi ementxe igaro zitun oraindiño, ta azkenez berton il zan 1925-12-8'an, arrats-beran, amarrean eortzia izanik.

        Egon zan ikastetxeetan, matematikak, fisika ta frantses izkuntza irakatsi zitun.

 

        EUSKAL IDAZLE.— Zoria gidari mundu zear ibilli bear izan duten euskaldun askori lez umetako euskerea aiztu, edo beintzat, erdi-aiztu zitzaiola esan dugu. Baiña, alere, egiazkiro maite duguna ezin errezki geugandik uxa. Ori gertatu zitzaion A. Lertxundi'ri ere: barneegi zaiñak egiña zekarren gure izkuntza, urrunaren erdoiz, osoan beintzat, aiztu al izateko. Ikasi egin zuen obeki, ta sustraiz ikasi ere. Eta lan ederra egin zuen euskal alorrean. Txalogarri dugu ontan. Ona bere lan auek:

        1) Poli ta Pello, bi euskaldun bikain da zintzoen kondaira (Donostia, 1910). 176 orrialde. Irakurgai polita, Argentina'ra joandako euskaldunen inguruan osotua.

        2) Euzkal-Iztiya —Gramática baska— (Donosti, 1911). 327 orrialde. Baroja'ren irarkolan. Era berri ta pollit batez adierazten da bertan euskal aditza. Onen aurretik doaz, baita, atzizki-andana ta itzaldiaren zatiak: mugitza, izena, izengoia, berezena edo izen-ordea, aditzkoia, bat-gillea ta esartea. Euskeraz ta erderaz dago; gerora etorri diran gramatikalariak izan dute, aurki, nun ikasi. Euskeraren alde egindako lan au, an Txile'n zegoela, lagun batzuk bultzatuta, asi zan pixkaka pixkaka osatzen, gero Iruña'n euskal irakasle zala argitaratu zuen, ango Diputazioaren diru-laguntzaz. Argitara orduko Tolosa'n apaizburu zan Orkaiztegi'tar Patrizio A. jaunari eraman zizkion «euskal aditz-laurkiak» ikusi zitzan. Eta Orkaiztegi'k, bere aldetik, onela zioan: «Pozik, eta osoro pozik, ikusi det Kalasanz santubaren seme Lerchundi-tar Juan Manuel-ek argitara emateko asmoan idatzi duen euskerazko Gramatika ederra. Ementxe dakust euskel-aditza oraindaño iñork, nere ustez, aldatu ta askatu ez duen lez erakutsiya. Besterik ezpalitz ere, esker ugariyak zorko dizkagu Lerchundi Aitari bere lan eder onegatik». 1910'garren urteko agorrean zan.

        3) Gauzen Ikaskizunak umientzako (Bilbao, 1925). Editorial Vasca'ren irarkolan. 121 orrialde. Durango'n eta 1921'garren urteko agorrean Euskaltzaindiak izan zuen lenbiziko Idazti-batzaldian saritua. Lan ederra. 34 ikaskizun dira guztiz, andik onako goraberak, lugintza, olkintza, sal-erosketak eta abar aurtxoen izketa arruntean argi azaldurik. Azkue ta Zabala-Antxieta'tar Joseba Tolosa'ko sendagille jaunari eskeiñi zion liburu au. Onela diotsa : «I izan aiz neretzat txikitandiko laguna: ikastoletan eta ire etxean alkarrekin ikasten ibilli izan gaituk gure aurtzaroan: emendik aldendu ta luzaroan urruti bizi ta gero, berriz Tolosa'ra etortzean, i arkitu iñutan beti bezela atsegin da maitetsu itzala: eta gaur, gaitzak jo ta makal samar arren, oraindik bizi banauk, ire maitetasun eta zaintze jakintsu bidez, bizirik natxebillek. Jaunak, bear eta nik nai ala, ordaindu dezaizkikela zor dizkiaten laguntzak!»

        4) Umetxoentzat. Ipui mordoa duzu, «Euskal Esnalea»-n 1911-1923 bitartean argitara emana. Ba-zekien nolako gauzak maite dituzten umetxoak; baita nolako izketa eder duten ere; ta olaxe, goxo ta bizi adierazten ditu gairik zaillenak ere. Joskera jatorra du; lasa darabil aditza, ezertariko oztopo gabe, nai zuka ta naiz ika. Euskal aditza ondo erabilteak ba-du bere garrantzia, naiz-ta geiegikeriak edozer gauza lez au ere zakartu.

        Guenik, A. Villasante'k au idatzi zuen: «A. Lertxundi'ren euskera, geienean, onesgarri ta legezkoa da, izen-arazoak zenbaitetan itz trabatsu ta ulergaitzetara daraman arren». Aranatarra dugu.

 

        (Ikus Y. Alzaga, Euskal Esnalea, 1914, 406 orr. eta 1925, 257 orr.; G. Garriga, Bol. Amer. E.V., 1958, 93 orr. ta 1959, 47 orr.; L. Villasante, HLV, 396 orr.; N. Kortazar, Cien autores vascos, 47 orr.; Auñamendi, Literatura, II, 307 orr.).

 

Bilaketa