literaturaren zubitegia

1.068 idazle / 5.149 idazlan
7.837 esteka / 6.363 kritika / 1.828 aipamen / 5.571 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
«Euskal literatura III»
Santi Onaindia

Etor, 1974

 

10.— Alfonso Maria Zabala Etxeberria

(1847-1919)

 

        «Benetako euskaltzalea zan —dio Euskal Esnaleak, Zabala'ren il berria iragartzerakoan—. Urteak gogo beroenak ere oztu ta indar aundienak ere makaltzen dituzte, ta Zabala jaunak, zarra zalako, etzeukan orain lanerako bere gaztearoko kemen eta indarrik. Gogoz, ordea, biotzez, egi-egizko euskaltzalea zan orain ere. Zartzean lan-gaietan gazteai toki egin zien; gogoz, beti bezela, aurrekoen artean zijoan» (1919, 278 orr.).

 

        BIZITZA-PUSKETAK.— Ezkioga'n jaio zan 1847-1-24'an. Ataundarra zan bere aita Pedro Manuel, eta Zegama'koa bere ama Josefa Antonia. Aitaren aldetiko aitonak: Frantzisko Iñazio, Ezkioga'n jaio ta Ataun'en bizi izana, ta Maria Santos Aranburu, Ezkioga'ko alaba. Amaren aldekoak auek ziran: Andres ta Maria Fermina Berasategi, biak zegamarrak. Alfonso Maria'ren gurasoak Zegama'ra joan ziran bizi izaten.

        Gazterik sortu zitzaion eleiz-deia, ta Gazteiz'en burutu zitun apaiz-eskolak. Biurrikeri asko egiña omen dugu apaiz-gai zalarik. Esate baterako, ezin etsi iñolaz ere Zegama'ko jaietan errira gabe, ta, bein, ikastetxea utzi, kalera irten eta, dirurik ez bait zuen, kalean txakur-kume bat galtzarpean artu, saldu ta txanpon aiekin bultzikoa ordaindurik, errira etorri omen zan. Amak laster bialdu ei zuen berriz ere etorri zan bidetik.

        Azkenengo gerratean karlistetan ibilli zan kapillau, «txapel txuri» ta «gizon bikain». Apaiztu ta bertatik Ondarrabi'ra bialdu zuten; gero Zegama'ra erretore. An aldikada bat egin ostean, Donostiko Artzai Onaren elizara etorri zan laguntzaille, ta azkenez, 1901'an, Ernani'ra erretore. Ementxe il zan 1919-8-11'an, gabeko amaiketan, garnu-odolez. «Zenbat jaiotze, ezkontza eta eriotz idatzi ote zitun Ernani'ko elizako agiri-liburuetan, Jaungoikoak bakarrik daki. Bere eskuz idatziak daude danak, iya bere eriotzako eguna arte» (Auspoa, 16, 22 orr.).

        Euskal sua zeraman barrenean, eta egon zan erri guztietako zerbait daukate aren idaz-lanak. Ondarrabi'n Guadalupe'ko Amaren kondaira moldatu zuen. Zegama'ko izkera darabil ipuiñetan batez ere. Donostiko integrista gazteriak eskatuta edo «zer aurkeztua izan zezan egiñak» ditu bost-sei komeri. Maiz egin bear izan zun epai-maiko ere, Kanpion, Manterola, Otaegi ta olakoakin.

 

        EUSKAL LANA.— Guda iskanbillak ito ziranean, laster asi zan euskeraz idazten: 1880'tik aurrera agertzen dira bere lanak Donostiko «Euskal-Erria»-n. Eta itz-lauz moldatu zitun bere kondaira, ipui ta komeriak.

        1) Ondarrabi-ko Ama Guadalupekoaren kondaira (Euskal-Erria, 1884). Zillarrezko luma batekin sariztatua izan zan 1883'an Donostiko Lore-Jokuak antolatu ta Ondarrabi urian egin zan idatzi-batzaldian; urrengo urtean, 1885'an, Tolosa'n berriz argitaldu zuten: 103 orrialde. Geroago, Azkue zanak ere argitara eman zuen Euskalzale-n (1899, 281 orr.).

        2) Ipuiak. Ipui asko urkuldu zitun. Umore-sail bat zeukan Euskal-Erria'k, lenengo urteetan baitik bat, izen onekin bataiatua: «Neguko arratsetan su ondoan kontu-kontari». Atal orretantxe idazten zuen Zabala'k, aldarte oneko. Gabon gau bat lanarekin saria eskuratu zuen 1887'n Donostia'n jaitu ziren Lore-jokuetan. Badu Goierriko usaia.

        3) Komeriak. Euskal Esnalea'k: «Beste idazlan guziak baño obeto, antzerkiak egiten zituan Zabala jaunak. Erreztasun aundia zeukan ortarako, ta berez, indarrik gabe, ateratzen zitzaizkion burutik. Alaiak, atsegiñak, parreragilleak dira antzerki guziak...; or dabiltz erriz erri».

        Ona batzuk: a) Apari merke, atal bateko komeria, Donostiko gazteri integristari eskeiñia ta bertan, 1911-1-6'an lenaldiz antzeztua; b) Periyaren zalapartak, au ere integrista gazteriari eskeiñia ta bertan 1911-12-17'an aurrenik emana; d) Jauregierrotako astoa. Bakar izketa (Donosti, 1912); integrista gazteentzat idatzi ta 1912-1-21'an lenengoz egiña; e) Urruti-izketa (Donosti, 1918); f) Melitona'ren bi senarrak (Donosti, 1918); azkenengo irurok Euskal Esnalea'k atera zitun.

        Bera ere integrista bait-zan, alderdi oietakoek Donosti'n zeukaten talde azi xamarraren atsegiñerako egin zitun komeri auek ba-dute, egia esateko, gatza ta piperra, gazterik osotu zizkigun ipui ta irakurgaitxoai ezer kendu gaberikan. Erritar ta bizkor ustu zizun noiznarik bere barren erosko ta josta-galea.

 

        (Ikus J. Vinson, Essai d'une Bibl. Basque, II, 639 orr.; Euskalzale, 1899, 281 ta abar; Euskal Esnalea, 1919, 278 orr.; G. Garriga, Bol. Amer. E.V., 1958, 95 ta 1964 38 orr.; Auspoa, 16, 9 orr.; A.M. Labaien, Teatro..., II, 181, orr.; N. Kortazar, Cien autores vascos, 45 orr.).

 

Bilaketa