literaturaren zubitegia

1.073 idazle / 5.164 idazlan
7.841 esteka / 6.390 kritika / 1.828 aipamen / 5.572 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
«Euskal literatura III»
Santi Onaindia

Etor, 1974

 

9.— Antero Daniel Apaolaza Aranguren

(1845-1908)

 

        Idazle ontaz San Martin'ek idatzi zigun beiñola: «Euskaldun izakera itzetan lander eta egiñetan eder egiazkoa bada, ez gera erromantikutarako jaioak, ta gaitz zaigu ere ori irentsitzea. Baiña, arritzekoa bada ere, gaurko idazle askok daramate erromantiku kutsua... Apaolaza, ordea, aurreratutako Barojatarra genduan. Eta Barojak bezela, ukatu ezindako euskotar gogoa zeraman bere barrenean txertaturik» (Auspoa, 8, 17 orr.).

 

        BIZITZA.— Urretxua'n munduratu zan, 1845-1-3'an. Bere gurasoak: aita, Antonio Maria urretxuarra ta ama, Maria Isabel, Antzuola'koa. Botikariotzarako ikasi zuen Madrid'en, eta ango Ikastetxe Nagusiko «Claustro de la Facultad de Farmacia»-k eman zion titulua, 1869'an. Urrengo urte-guenean bere botika jarri zuen Bergara'n; 1873-12-15'an, ordea, bertako alaba Felipa Azkarate Lizeta'rekin ezkondu zan.

        Iritziz ta ideiaz, garai artan ondo ikusiak etziran liberal oietakoa genduan. J. San Martin'ek: «Bere botikak liberalen biltoki fama omen zuan; an biltzen bait ziran erriko liberal inteletualak, ta ori ez zan fama ona orduango Bergaran». Aundikiak oraindik indar asko bai zuten. Ta aundiki oiek, konserbadore bikain bezela, beti agertu izan dira lenari loturik». Antero, beraz, aurrera egin nai zuenetarikoa zan.

        Erriko agintaritzan ere sartua dugu, Naiz-ta agiririk aurkitu ez, 1881-7-2'an Bergara bertako alkate izentatua izan zan. Baiña bere iritziak, edo-ta izakera zital samarrekoa zalako, etzan luzaro kargu ortan egon. J. San Martin'ek berriz ere: «Ez dakigu arritzekoa dan garai aretan liberal bat izatea erriko agintaritzan, baiña arritzen ez gaituana da idea oietako gizonak agintaritzan asko ez irautea». Dana dala, urte orretan, zergaitik ez dakigula, utzi bere Bergara'ko botika, utzi baita bere konsejaltza —orrela agertzen da 1881-9-29'an—, eta botika ta guzti Antzuola'ra, bere amaren errira joan zitzaizun. Antxe, Antzuola'n il zan 1908-12-21'an.

 

        EUSKAL LANA.— Onela darrai J. San Martin'ek: «Antzuola'n bakardade aundian bizi izan zan Antero. Bere ideak orduango Bergara'n ez baziran ontzat artzen, Antzuola etzan izan erri obeagoa. Berak jenio zital xamarra omen zuan eta bere emaztea ere ez omen zetorren zearo bat. Aurrerantzean etzuan Anterok bere buruarentzat, eta batez ere bere gogoarentzat, pakerik arkitu. Ingurukoak etzituzten bere ideak ongi ulertzen. Baiña, bere bakardadea eztitze alde edo, zartzarora, literaturari ekin zion txolarte libreetan».

        Bakartadea ona da, beti ere, lanari ekiteko. Apaolaza'k ondo zekien euskeraz eta euskerazko lanak osatzeari eman zion. Gisa ortan zertuak ditu ainbat lan jator eta itzulketa. Itzulien artean bat Patxiko Txerren, arenetik gaur ezagutzen dugun bat-bakarra. Beste guztiak, liberalkeriz loituak ziralako edo, Antero il zanean, erre egin zizkioten bere senideak. Lan oietatik asko bertsoz egiñak ziran, antza.

        Zer dugu Patxiko Txerren (Bergara, 1890) au? Trueba'ren «El Judas de la casa» euskeraz. Naiko irakurria; geroztik ere bost argitalpen ezagutu izan ditu. Itzulpen onek ba-du bere edertasuna; tokiz aldatzen zitun gertaerak, Galdames ta inguruak barik Antzuola aldeak agerleku egiñik. Gertaerak, gaiñera, laburtu egin zizkigun, «prosa arinduz, baiña gaia laburtu gabe». Trueba'ren idazkera astun xamarra zerizkion eta berak «eralgiz kendu zion zaia». Eta eibartar idazle aitatuak: «Itzultzaille batek orretarako eskubiderik ez badu ere, «El Judas de la Casa»-k, Apaolaza-gandik atera zanean asko irabazi zualakotzat gaude. Jatorrizko bera baiño obea da irakurtzeko» (Ibidem, 17 orr.).

        Bost argitalpen ezagutu ditu: 1) Bergara, 1890, Juan Lopez'en etxean; 2) Ibaizabal, 1903, 60 geia, 3 orr.; 3) Irun, 1915, J. Diaz'enean; 4) Donostia, 1917, Martin, Mena y C.a'ren irarkolan, «Euskal Esnalea»-ren separata bezela; eta 5) Auspoa, 1962, 8'garren zenbakian. Mikel Arrutza euskaltzaiñak ere itzuli zuen, Etxe-kalte (Bilbao, 1934) izenez Verdes Atxirika'ren irarguan argitara emana.

        Esaera politak ditu, erriaren agotik jasoak; izkuntza apartekoa du, literaturarako guztiz jatorra. Azkue zanak lau bider aitatzen du bere «Morfología»-n.

 

        (Ikus Azkue, Morfología, 1923, 809 orr.; J. San Martin, Auspoa, 8, 9-19 orr.; Auñamendi, Literatura, II, 164 orr.).

 

Bilaketa