literaturaren zubitegia

1.071 idazle / 5.159 idazlan
7.840 esteka / 6.384 kritika / 1.828 aipamen / 5.571 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
«Euskal literatura II»
Santi Onaindia

Etor, 1973

 

2.— Juan Etxamendi, «Bordel»

(1792-1879)

 

        Luzaidetar idazle bizkor Enrike Zubiri'k onela: «Uste dut pertsularia eta koblakaria ez dirala gauza bera. Lehenbizikoak dira eman pertsuak egiten dutenak eta kantua berari emaiten dakotenak. Bigarrenak, koblak egiten dituztenak oste baten aitzinian, edo beste batekin ari dena gai bati buruz jardesteka. Lehenbizikoetarik zen Bordel, nahiz koblakari ona ere. Omen haundia zuen Benafarroan eta Laphurdin. Ehunka utzi dauzkigu bere pertsuak ezin geiago ederrak. Nork ez du ezagutzen hango Eskual-herrian bere kanta miresgarria "Lurraren pian sar nindaiteke"? Baztango "Oinazez" abestiaren parekoa da, eta bere histura eztia bihotz zolaraino sartzen da, amodioaren pairamenak erakusten dauzkuna, bihotz zauritua agerian ezarririk» (A. Irigarai, XX-garren mendeko Nafarroako euskal idazlariak, 1958, 58 orr.).

 

BIZITZA.— Bertsolari ospetsu au 1782-1-7'an munduratu zitzaigun Luzaide deritzan napar-erriska troka artekoan. Bere gurasoak: aita, Pedro Etxamendi, Frantzi'n Mendibe'koa zan odolez, eta ama, Josefa Larralde, Luzaide'koa; Bordel basetxean bizi ziranak.

        Egun txarrak ziran aiek, edo beintzat urbiltzen zioazten; Frantzisko matxinada egunak noski. Umeak urte bete ta gutxi geiago zuela, beraz, 1793-4-25'an frantses erkaldarrak inguratu zuten Luzaide, ta «bakoitzak bere larrua ez uzteko ahal bezala atera behar izan zuten erritik», iru urtez beintzat Orreaga ta Auritz inguruetako errietan bizi izanik. Ekaitz ondoren sorlekuratu ziranean, erriko etxerik geienak suak janda idoro zituzten; bakoitzak berea, berriz jaso bearra izan zuten, eta gaur zutik daudenak, geienak, erretze ondoren berriro eraikiak ditugu.

        Gure bertsolariak ere, berak jaso zuen berea, naiz-ta geroago, Bordelia deritzaiona, ondoko borda aundiarekin. Luzaide'ko amalau lenengo bizitegietatik auxe dugu bat, eta bertakoak ostatutzatik bizi izan ziran batez ere, Jondoni Jakue'ren bideari esker.

        Arnegi'ko Baxoa auzoko alaba Juana Harriet'ekin ezkondu zan Etxamendi, lau ume beintzat izanik: Ana Josefa (1838), Frantzisko (1840), Maria (1843) ta Migel (1847). Alabetatik Ana Josefa ezkondu zan etxera, ots, Bordel'era, Ehialar'eko senar Arrosagarai'rekin, eta onek, Bordel'ek, «orduan galdu zuen Etxamendi izena eta asi Arrosagarai».

        Juan Etxamendi, Eleizakoak artuta, Luzaide'n bertan il zitzaigun, 1879-5-30'an. Zubiri'k: «Diteken gizonik izaite eta yite ezti eta berexikoa zen, eta eskual kankak eta neurtitzak bihotzian errotik sartuak zituen».

 

BERTSOLARI.— Sustraitik eta izorroz Bordel'en bizitza ta bertsuak ikertu ta ikasi zitun J.M. Satrustegi'k onela idazten digu: «Enrike Zubiri, Manezaundi, luzaidarra zen Bordel bezala, eta beti aipu onean zuen gure bertsularia. Berak zionez: "Oxalde, Etxahun eta Bordel ziren mendiz bertze aldeko iru bertsulari aipatuenak... ". Eta Bordelez, bereziki, erranen zuen gero: ..."eskual kantak eta neurtitzak bihotzian errotik sartuak zituen". Bertsuak "bihotzian errotik sartuak zituen gizona"; egia! Elaike bere nortasuna obeki agertzera eman lezaketen itzik arrapa. Lur iraultzen ari bazen ere, papera eta luma sakelan zituen beti; eta noiznahi lana utzirik asiko omen zen zirrimarren egiten. Beste batzutan, berriz, aitzur giderra zerura begira utzita itzuli ere bai etxera, paperrik ez bazuen berekin. Erasiatzen zuen orduan bere amak, "etzela hura laborari baten laneko manera-ta". Ez erranaren pare...». (Auspoa, 45-46, Bordel bertsularia, 28 orr.).

        Jendeak, sudur oneko, ao betean esan oi zuena auxe zan: Otxalde ta Etxahun, bi bertsolari ospe aundikoekin batera zebillela Bordel beren erritarraren izena. Ortaz, bada, jendearen iritzi ta esanez luzaidarra etzan bertsolari exkaxa, on-ona baizik. Bioa, berriz ere, Satrustegi'k Bordel'i buruz dioskuna, au da, onen bertso-zaletasuna ta griña erakusten diguna noski. «Bordelek —dio— etzuen bertsutarik bere egunoroko ogia etxeratzen; eta erraitekotan nago itz neurtuan "maite-garra" bainore gehiago zuela, delako "erdi beharra". Hori ikusten da: famili guzitan izaten dira beren goraberak, eta gure bertsulariak ere izan zuen "ñika" zerbait etxean. Arnegi'n, Baxo'ko alaba zuen emaztea, eta iges egin zion sortlekura. Uste izan zuken gaixoak, Manez joanen zitzakola billa neskato denhoran bezala; baiñan, Bordelek bazuen aski lan arto jorran. Zenbait egunen buruan, alorrean ari eta, nun ikusten duen eldu zakola emaztea. Elgar artu baizuten nagusi mutilak, erraiten dio hunek: "—Etxekoandre! Zer berri da Baxoan?" Eta naguseak itzetik ortzera: "—Etzela onendako an deuse laxoan!"». (Loc. cit.).

 

NEURTITZ-LANAK.— Mordoxka utzi zitun Bordel'ek bertsoak. Nun ote ditugu gaur? «Auspoa» etxe argitaldariak, oraintsu, sorta bat osotu zuen, Bordel bertsularia izenarekin. Ona, zeazki, an datozen batzuk:

        1) Burasoeri. Bere gurasoai buruz emanak. Zazpi bertso ditu kopla onek, eta esker onez betea agertzen zaigu Bordel. Laugarrenak onela: «Aitamez gira oroitzen/ eta begiak bustitzen/ ez tugulakotz aurkitzen; / gure aurtasunean bazakiten/ hek gure ongi altxatzen,/ etsenplu onen emaiten,/ gutaz ziren urrikaltzen; / eskerrak deztegu biurtzen».

        2) Donostian soldado (1823). Donosti'n muda-mutil zegoela, istillu larriak ziran egun aietan. Bein, bederatzi mutil, beste alderdira igaro naiean, arresi azpiko zulo baten sartu ziran; frantsesak arrapatu ta gorriak ikusiz erririk erri erabilli zituzten, «gutxi jan eta erdi buluzi»; zigorkada ederrak ere artu zituzten bizkar gaiñean: Bordel'ek, Luzaide'n diotenez, berreuneraiño artu bear izan zituen. (Egan, 1962, 77 orr.). 30 bertso dauzka.

        3) Karlisten gerrako (1832-1839) kantiak (1838). Beroan egiñak dira. Liberalak zeuden aurrenik Luzaide'n eta karlistak «mendiz mendi ibili besterik ez zeukaten». «Ikusten duzu goizean» doiñuz kantatzeko dirala ere, bene-benetako samurtasuna agertzen digute. 11 bertso.

        4) Bihotza zeraut nigarrez urtzen. Gaztetan alkar maitatu bai, baiña gero ezkondu ez, eta gero, alargundu ondoren, len-maiteari egiñak. 4 bertso, sentimentu aundiz.

        5) Barberaren koblak. Satrustegi'k: «Preottoa bazterretxeko alaba, izan behar zuen bertsutan den izar ederra. "Barbera" berriz, gero Luzaiden mediku izan zan jaun bat. "Cirujano" deitzen dute elizako paperrak». 5 bertso.

        6) Ene andregaiari. Satrustegi'k: «Mutil denboran berari gertatua du bertsolariak. Erriko nexkato gazte bat, Bordel hartaz gustatia dela erranez joan da nunbait; eta aski lukela baia emaitea, ezkontzeko. Jakin du mutikoak, eta biak gomitatiak ziran eztei-egun batez asi zen bazkarikoan koplaka. Mahitik goratu ta, gorriturik atera izan behar zuen salatik nexkatoa». 7 bertso edo ahapaldi.

        7) Mendekoste bestetan. Bordel'en koplarik ezagunena, maiz argitara emanikoa; Azkue'k bere La Música popular bascongada (Bilbao, 1901) dalakoan dakar, 11 orr., eta J.D.J. Salaberri mauletarrak bere Chants populaires de Pays Basque-n (Paris, 1930), 210 orr. «Florida» esaten zaion karta-jokuan Arnegi'ko bost andrek egiñiko komeria kontatzen digu. 9 bertso.

        8) Aiundamendukoak. 60 urtez garbitu barik zeuden Erriko etxeko goraberak aipatzen ditu. Luzaide'ko plazan, erri osoaren aurrean kantatuak. 9 bertso. Poesi soziala noski.

        9) Ene izpirituan ba-zen zenbait bertsu... Kantu au oraiñarte Otxalde'rena bezela, «Zahartasuna eta Gaztetasuna» izenarekin ekartzen zuten kantutegiak. Baiña Luzaide'n Bordel'ena dala diote zarrak (BAP, 1962, 3, 241 orr.). 11 bertso.

        10) Luzaideko indemnizazionaren gainian. An inguruko mugak zirala-ta, 1856-12-2'an Baiona'n artu zuten erabakia goratzen du. Paperetan ere (Iruña, 1868) argitara emana. 10 bertso.

        11) Aldudeko kantiak (1864). Sarri-askotan gerta oi dana gertatu zan orduan ere: gura ez, ba, gurasoak eratutako ezkontzarik. Aldude-Betain'go alaba, bertsolariak kantatua, orixegatik joan zitzaigun Montebideo'ra. Dio: «Amodiorik gabe ez naiteke esposa,/ sekulakotz nindaike/ orduan malurosa;/ ene ixilik egin/ dutenek ezkontza,/ saldu nahi ninduten/ animalen gisa». 16 bertso.

        12) Eriotz krudel bat, edo Xuhar zenaren eriotza (1864). Arnegi'n jazoa. 1864-9-8'an, Xuhar'enian aitzurrotxez garbitu zuten nagusia, bei jezten zegoela, bere emazteak aginduta nunbait. Iruña'n argitaratua izan zan (Egan, 1962, 34 orr.). 22 bertso.

        13) Limiten gainian (1865). Luzaide'n geien abestua. Muga istilluak. Lendik ere bosteun urtez auzitan ibillirik, azkenez Espaiña'ko erregiña Isabel II'garrenak eta Frantzia'ko Napoleon'ek alkarrekin eginiko lege baten bitartez atondu zituzten mugaldetako asto, bei, ardi ta olakoen tarteko goraberak. (J.M. Satrustegi, El Pensamiento Navarro, 1956-12-20). 26 bertso.

        14) Napoleon'en bertsuak (1870). Napoleon III'garrena, Eujenia Montijo —Granada'koa sortzez, baiña Bizkaiko Arteaga'koa jatorriz— emakume liraiñarekin ezkondua, maite zuten luzaidarrak, muga-baieztak onez atondu zitulako batez ere. Bertsolariak orain prantsesen esker gaiztoa negartzen du; 1870'an, izan ere, Frantzitik bota egin zuten gizaseme aundi ura, ta andik iru urte baiño len il zan, erbesteratua. Emeretzi bat bertso ziran guztiz, baiña gaur zortzi besterik ez ditugu ezagun.

        15) Apezenak (1876). Karlos VII'garrenaren eta onen lagun apezen aurkako bertsuak dira. Arnegi'ko jaietan, bein, Sinket'enian geratu zan Bordel eta an kantatu-azi omen zizkioten bertso auek. 25 ahapaldi, gatz-piperrez beteak. Errez atera dezakegu emendik politikaz liberala gendula Bordel.

        16) Sortuz geroz guziek... Au dugu Bordel'en azken kantua. Sei bertso ditu, ederki biribilduak. (Egan, 4-6, 1963, 83 orrialde).

        Ba-ditu beste batzuk ere, baiña auekin aski.

 

        (Ikus Enrike Zubiri, Prosistas navarros, 1958, 57 orr.; S. Onaindia, MEOE, 449 orr.; Jean Ithurriague, Un peuple qui chante, 1947, 56 orr.; J.M. Satrustegi, Egan, 1958, 1-2, 22 orr., 1961, 4-6, 189 orr., 1962, 1-3, 34 orr.; Olerti, 1962, 116 orr.; BAP, 1962, 421 orr., eta El Pensamiento Navarro, 1962-12-20; S. Onaindia, Gure Bertsolariak, 1964, 252 orr.; «Auspoa», 45-46, 1965; Auñamendi, Literatura, I, 652 orr.).

 

Bilaketa