literaturaren zubitegia

1.073 idazle / 5.164 idazlan
7.841 esteka / 6.390 kritika / 1.828 aipamen / 5.572 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
«Euskal literatura II»
Santi Onaindia

Etor, 1973

 

1.— Joakin Lizarraga

(1748-1835)

 

        Amazortzigarren mendearen amaialdiko napar idazlaria. Ez dira askorik luma erabilli zuten napartarretan, baiña ez ditugu arbuiagarri ere, gora aundikoak baizik.

        Egues ibarreko lau baten datza Elkano; ementxe jaio zan Joakin Lizarraga 1748-9-17'an. Napar erriska ontan il ere egin zan, bertoko apaiz-aita zala, 1835-1-20'an. Bere gurasoak: Tomas Lizarraga ta Maria Frantziska Iragi. Mitxelena du izena bere jaiotetxeak. Bere erritik, esan dezakegu, etzan atera ikastaldiak egiteko besterik. Goideiak eragiña ta an inguruko jesulagunak bultzatuta, bear bada, Loiola'n sartu zan 1766'an. Urrengo urtean —1767—, ain zuzen, Jesus'en Lagundia Espaiña'tik jaurtia izan zan, eta jesuitak beren etxeetatik sakabanatuak. Lizarraga bere etxera itzuli zan, eta eliz-ikasketak osotu ondoren, Elkano'ko erretore, apaiz-aita izentatu zuten, 1774'an, irurogei ta bat urte kargu orretan egiñik.

 

IDAZLANAK.— Ementxe zegolarik asi zan idazten. Berez sor-azi zuen gar ori, ala besteren batek zirikatuta? Ez dakigu. Umetatik zekin euskeraz, eta Loiola'n igaro zuen urtean izango zitun noski zirikatzaille yaioak ere; Larramendi, Mendiburu ta Kardaberatz'en liburuak, gainera, esku artean izango zitun. Dana dala, ezagutzen zitun bere aurretiko euskal idazleak —Axular eta abar ere bai—, ta aien ederrez baliatuko zitzaigun dudarik gabe. Laster oratu zion idazteari, ta 1771'koa dugu bere lendabiziko esku-idatzia, 1776'koa bigarrena ta 1800'koa irugarrena. Idazti asko osotu zitun euskeraz; baiña, tamalez, iru besterik ez dira oraindio argitaratu; aren uzta joria oraindik auts-artean daukagula esan dezakegu. Ona argitaratuak:

        1) Urteco Igande guztietaraco Platicac edo Itzaldiac (Donosti, 1846). Iñazio Ramon Baroja'ren moldiztegian. Irurogeta bost itzaldiko liburuak 447 orrialde dauzka. Latiñez dator itzaurrea, 1802'an egiña. Gai ugaria, euskaldun baserritarrai gaitzetik igesi ta onari eusteko irakatsiak ematerakoan batez ere. Itzaurre ortan gogoratzen digu Trento'ko Batzarrak, sess. 5, de reformat. c. 2. dakarrena. Gaiak, igandez igande, gai berezi bakoitzari dagokionez, azaltzen ditu, ez gero luzeegi ere, garai artan oitutzen zanez, labur ta mamitsu baizik.

        2) Jesus-Cristoren Evangelio sandua Juanec dacarren guisara (London, 1868). L. L. Bonaparte printzipeak argitaratu zion liburu au, baita urrengoa ere.

        3) Coplac (London, 1868). Bertso liburutto bat da; guztiz 729 kopla ditu, launakoetan, Jesus'en deduz eta maitasunez osotuak. Neurtitzez ere ba-zekin kantatzen nunbait; argitaratu gabe ba-dauzka amairu orri osoak «Ama-Birjiñaren onra ta amoretan egindako neurtitzaz»:

        4) Azkenez, 1822'an argitara ekarri zuten Iruña'n Lizarraga'k egin zuen Xabier Deunaren bizitza laburra. 28 orrialde. Itzaurrean egillearen bizi-zeaztasun batzuk dakazki.

 

ARGITARA GABEAK.— Or-emen sakabanaturik daude Lizarraga idazle trebe ta jatorraren lanik asko; esan dugunez, oraindik argia ikusi gabe Naparruko Aldundi etxean daudenak, onela sailkatu zitun beiñola Aita Intza euskaltzaiñak:

        I. Sermones Cathetici Consentanei ad Cathechismun Romanum, ab anno 1771, Vasconice. Zenbait prediku ta platica euskeraz; urte guztiko igandeetan ta beste zenbait jaietan predikatuak. 109 itzaldi dakazki 455 orrialdetan, orrialde bakoitza bi sailletan berezirik.

        II. Azaletik 3 zenbakiarekin izentatuak daudenak: 1) Jesu Kristoren Bizitzaren historia laburkiro, eta beraren Ama Birjiña Maria Santisimarena bidenabar, 54 orrialdetan; 2) Zenbait dotrina M.SS.mak emanak Sor Maria de Jesus Agredakoari; 3) Sandu zenbaiten bizitzak euskeraz laburkiro paratuak... Berexi dire Aita Pedro Ribadeneirak kantatzen tuenetatik.

        III. Elcano gañetik daukan idatziak CCXVIII orrialdetan lengo idaztian jarri dituan bizitzak beste era batera idatziak. Gero neurtitz pilloa.

        IV. Iruña'ko buruñurdunen bakartegian dago «bere eskuz idatzitako neurtitz asko dakartzen idaztitxo bat». Aurrena, «Sacris Solemnis» antzera egindako kopla asko, 21 orrialde; gero, «Pange lingua», euskeraz, ta urrengo 29 orrialdetan, «Pasione Santuaz». Beste idazti bat, Sermones de Decalogo et Oratione dominicali deritzana, 384 orrialdekoa. Eta beste irugarren bat, Erien ongi maneatzeko eta ongi iltzen laguntzeko zenbait itzgaien oroigarri ta asiera, bere jaiotetxean aurkitua. 140 orrialde euskeraz, eta beste 11 laterazko otoitzakin.

        Iruña'ko Apaizgaitegian ere ba-dira oraindik beste batzuk.

        Euskal idazle askotxori bezela gertatu zitzaion oni ere: idatzi arren, nork eta nola argitaraturik ez. Ainbat esku-idatziak batzuk bakarrik ikusi dute argia, ta auetatik lenengoak egillea ilda amaika urte geroago. Aranda'k emandako lege gogorra zegon, gaiñera, bitartean euskal liburuak argitaratzeko. Edu ontako oztopoak izango zitun, bai, gure napar idazle jatorrak.

 

NOLAKO EUSKERAZ?— Zer askotan erderatiko kutsu pixkat duenagatik, idazle argi, errez eta zentzuduna dugu Lizarraga. Makiña bat itz eder, adizkera ta esakun ba-ditu ezarian bezela bere idaz-lerroetan ereiñak. Irakur zatiño au neke min, oiñaze ta eramakizunai buruz ondua:

        «Sufrimentu andiak egiten du gizon santu eta andia: arteraño ez da andirik Jaungoikoaren kortean. Arrai txikiak badira erreka txikietan ere, baña arrai andirik ez duzute arkituko itsasoan baizik, eta itsasoa da gazimiña, aditzera emateko trabajuen samintasuna. Aise bizi dan persona, ez da on andia, ta asko kosta ez dan gauza ezin izan diteke guztizkoa, gaiñ gañekoa; trabaju ta tormentuetan luzaro irautea da gauza andia.

        »Erregeak honratzen dituzte beren persona andi, estimatuenak, beren arma ta insignia ederrakin; gure errege Jesus onaren arma ta insignia ederra da bere gurutze gogor, odolez gorritua, eta au da eramateko ematen diena maiteen dituenai; erregek soldadurik obeenai lanik andienak ematen eta fiatzen dizten bezala, gure errege dibinoak alaber trabajurik andienak santurik andienari ematen eta fiatzen dizkate» (Urteko... 10 orrialde).

        Iruña aldeko euskera darabil elkanotarrak; an inguruan garai artan mintzatzen zana. Gaur, zori txarrez, izkelgi galdua edo-ta illa dugu, aintziña baten geienik eta zabalen mintzatzen zana, alegia. Aita Intza'k sakonki ikasi ta aztertu zuen, orain berrogetamar bat urte, Lizarraga'ren izkera ta, Urteko igande guztietarako Platikak'i buruz, au diosku: «Idazti onetan Napar-egoalde euskera du, ezagun dunaz berea. Baño asko nasten du, Napar iparraldekoa. Batzuetan esaten du izanen eta beste batzuetan izango. Esan diteke ipar aldeko aditz laguntzallea derabilela era bat, naiz bein edo bein (oso gutxitan) bere erri aldekoa nasten ba-du ere. Dizueten ordez dizieten, duzuen ordez duzie; zazute'ren lekuan zaze ta olakoen batzuek. Jaun onek bere beste idazti guztietan Goi-Napar egoaldeko euskera uts-utsa derabil eta Donostia'n argitaratzean nonbait aldaketaen bat egin zuen bere idazti onetan, ala dirudi beintzat» (Euskera, 1922, 22 orr.).

        Bestalde, Bonaparte'ren laguntzaille izan etzalarik ere —orduko illa baitzan—, Bonaparte'k oso maite zuen Lizarraga ta, asko ikasi ta aztertu ostean, argitara eman zitun onen liburu batzuk. Napar goi-aldeko izkelgia ongi ezagutu ta mugatzeko, adierak batez ere, jakingarria zitzaion oso elkanotarraren mintzaiera; eta 1868-9-5'an, onela idatzi zion Intxauspe kalonjeari: «Oraindik berrogetamar urte dirala izkelgi auxe zan izkelgietan zabalena. Dauzkadan arekiko inkuartu ta infolioak aski dira erlijiozko literatura txiki bat osatzeko, zuberotar irarria baiño aberatsagoa, ta ia Bizkaikoa bezain ugaria» (Jorge Riezu, «Principe de Viana», XIX, 1958, 158 orr.).

 

        (Ikus Fr. Michel, Le Pays Basque, 524 orr.; J.M. Hiribarren, Eskaldunak, 149; J. Vinson, Essai Bibl. Basque, I, a. 292; S. Onaindia, MEOE, 230 orr.; Aita Intza, Euskera, 1922, 22 orr.; E. Fagoaga, Euskera, 1959, 63 orr.; A. Irigarai, Euskera, 1959, 119 orr.; L. Mitxelena, HLV, 49 orr.; L. Villasante, HLV, 58 orr.; Auñamendi, Literatura, I, 302-4 orr.).

 

Bilaketa