literaturaren zubitegia

1.071 idazle / 5.159 idazlan
7.840 esteka / 6.384 kritika / 1.828 aipamen / 5.571 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
«Euskal literatura II»
Santi Onaindia

Etor, 1973

 

1.— Jose Paulo Ulibarri Galindez

(1775-1847)

 

        Araba'k eztu, tamalez, euskal idazle askorik eman, gaur eta leen ere erdeldunduena bait-dugu. Bi ala ere ba-ditugu, arabar lurraldeetan jaioak: Barrutia ta Ulibarri. Aramaio'ko semea bata, esan dugunez, eta Okendo'koa bestea. Biak euskaltzale bero, baiña biak guk naiko azturik eukiak, azken urteotararte beiñik bein. Barrutia'z aurreko alean.

        Okendo'n jaioa dugu J.P. Ulibarri, 1775-8-17'an. Bere gurasoak: Jose Ramon Ulibarri Esnariaga ta Anjela Galindez Abasolo, biak okendoarrak. 1784'an Bilbao-Abando'ra aldatu zan Ulibarri sendia, beren osaba-izekoarenera, eta ementxe bizi izan zan Paulo beti: 1847-5-5'an il zitzaigun.

        1794'an prantsesak mugaz onuntz etorri zitzaizkigunean, Jose Paulo'k, beste askok bezela, gudara joan bear, eta bertan, Gipuzkoa'ko Sasiola ta Itziar inguruetan, gosez ta otzez, ziñak eta miñak ikusi zitun. 1797-1-30'an Abando'ko alaba Maria Josefa Landa Urkiza'rekin ezkondu zan; bere gutunetatik agiri danez, «Mari-pepatxu» zeritzon emazteari. Etzuten antza seme-alabarik izan.

        Abere-sendatzaille (albaiterua) zan ogibidez. Nun ikusi zuen? Bilbao'n? Dana dala, maixu zan bere zeregiñean. Baita beste gauza askotan ere erakutsi zuen gai zala: Abandoko erriko etxean lau aldiz egon zan ango ondasunen begirari; Gernika'ko Batzar-aulkia irutan —1814-1829 ta 1830— artu zuen, birritan Abando'ko erriaren izenean eta irugarrenez Luyua'koak bialduta. «Ara jo ta orra jo, egiñalak egin zituen urte onetan, Gernika'rako eskabidea lortzearren. Zer dala-ta Gernikarrai ori? Bizkai'ko agintari jaunen aurrean euskerearen alde su ta gar egiteko, Luiua'tarrak emon eutsen euren ezarleku bat; baña ezbear batek galerazo eutson bere asmoak azkeneraño eroatea» (Olerti, 1962, I-II, 126 orr.).

 

ZER EZBEAR?— Urte ortan —1830'an— etxeko zurubietan golpe gogor bat artu zuen, «baten batek labangarrien bat ipiñirik, antza». Birikiak eta bularpe osoa askatu zitzaizkion, bi urtetan lanerako gauza etzala egonik. Baiña Gernika'n egin zuen lanak emango du bere frutua. «Arik amaika urtera —dio L. Akesolo'k—, 1841'an, Bizkaia zerbait itxartzen asi dala dirudi: Gernika'ko batzarkideak euskeraren aldezko erabagi pozgarri samartxo bi artu ebezan: eguneroko erabagien laburpena euskeraz egin eta urrengo eguneko batzarrean irakurtea, eta Institutoan euskerea irakastea. Erabagi orreik ez ete dautsie ezer zor Ulibarri'ren aldarri ta ekiñari?» (Op. cit., 127 orr.).

        Gizarteko istillu ta goraberak zirala-ta, etziran egun samurrak aiek. Zer ete genduan okendoarra politikaz? Kadiz'ko aizeak beintzat etzitun eder. Jokabide ari «deabruziñoa» deitzen zion; euskaldunen Foruak aixatu zituztelako batez ere, deabruaren lana bete zuten aiek. Karlisten gerratean, jauskeratik osatu zanean, erriko batzarretara joaten asi zitzaigun; «1834'tik 1836'era gobernuak ixentauak egon arren agintari, eztau batzarretara uts andirik egiten; eta eztau bere laguntza ukatuko erriko gorabera ta azi-orraziak atontzeko» (Olerti, 1962, I-II, 122 orr.).

        On Karlo'en aldekoa zan. Onek Elizondo'n eman zuen agindua, Ulibarri'k euskeraz jarri zigun, bere Gutun-liburuan agiri danez. «Euskerearen eta Euskalerriaren zoriona Don Karlos'en aldeti etorriko ziralako uste osoan» zegoen; uste ori erakutsi zuen beiñik bein 1834'an Diputadu jaun eta euskaldun gogo onekoai zuzendu zien agerkai berezi batean. Erregiñaren alde jokatu bear zuela esaten zioten; biotzak, baiña, etzion olakorik eskatzen. Ez, etzan politika zalea, euskerearen eta Euskalerriaren ona nai zuen bakar-bakarrik. Ona labur Ulibarri uri-gizonaren irudia. Bergara'ko besarkada (1839) ondoren, ez zuen ezer nai izan.

 

EUSKAL IDAZLE.— «Eztakigu —dio L. Akesolo'k— noz asi zan euskera lantzen eta euskeraz idazten. Ikasi amaren altzoan ikasi eban bere Okondo maitean, gero liburuetan bere ikasi eban gure izkuntza maitatzen eta lantzen. Euskera maitatzen irakatsi eutsenen artean ixentau giñaikez: Etxabe, Poza ta Bizkai'ko zozoa, Galizia'ko mosolloari erantzunez norbaitek XVII'garren gizaldian Madrillen ateratako liburua. Euskera lantzeko erabilli zituen liburuak: Larramendi, Astarloa, eta Lécluse ta Astigarraga gramatika gaietan; eta Axular, Kardaberaz, Añibarro, Mogel, Aita Bartolome, Iztueta eta abar... Harizmendi'ren bertso batzuk bere sartzen ditu bere gutunen artean, nonbait otoi-liburuen batetik artuta. Noz asi zan bera idazten?».

        Ez noiz asi zan idazten, ez zer idatzi zuen lenengo, ez jakin arren, ark aurrenik argitara atera zuena, auxe izan zan: 1) Egunari eusquerazcoa erderazcotik itzuliya. Vizcai, Guipuzcoa ta Arabaco Provinciaentzat. 1815'garren urteraco. Bilbaon. Etzun geiago atera, ziskua urri zeukalako nunbait. Egutegi onek, ordea, gure txaloak merezi ditu. «Beraugaitik —dio Akesolo'k—, gure egutegi-egilleen aitita emongo neuskio nik goitizena».

        2) Gabon-kantak.— 1814'tik 1832'raiño, urtero, agertu ziran kantok; egillearen izen gabe. Baiña Abando'n eta Bilbaon, aita prantziskotarren komentu inguruan erneak dira noski, aspaldi bateko oitura zanez. «Baiña oraingoak su barri bat dakarre. Eta su-emoille, Ulibarri dabil nonbait, iñor ibiltekotan. Su-emoille besterik ez? Kanta-egille ez?» 1819'garrenekoak bizkaitar emakume baten izenez irten zuten: Eleuterio Basozabala'kin ezkonduta Abando'n bizi zan Bizenta Mogel omen zan andre bertsolari ori. 1832'garrenekoak ere Mogel orrenak ziralakotzat zebiltzan or-emen.

        Baiña ba-dira oraindiokarren beste Gabon-kanta batzuk, «gaboneko otsaldi, osaste edo kanta, osaste edo berba neurtuak». Aueri buruz A. Akesolo'k: «Oneik Ulibarri'ren usaña daukela esango neuke euren izenean». 1824'tik gorakoak zabaltzen Ulibarri'k berak ekin zion; aurrerago, euskerazko egunaria argitara zuenean, bereak ba'lira bezela zabaldu zitun batzuk, baita zorion aundiak artu ere artu zituen, «politak zirala-ta».

        Ona, ernegarritzat, 1824'an egiñiko amabi bertsoko au:

 

                Bizkaian ezta biar — erbeste legerik,

                geure foru maitiak — nai doguz bakarrik.

                Aldendu bitez, bada, — gaiztuen asmuak,

                eta gorde osoro — Bizkai'ko Foruak.

                Eurak gordetzekotzat — Diputaziñua,

                Gernika'n batzarrian — daukagu autuba;

                iñok gura badesku — Foruba lurpetu,

                guztiok bear geunke — esan: gu gara gu!

                Bakia da guretzat — doerik onena;

                baña balego iñor — gura eztabena,

                laster ikusiko dau — buruban egurra,

                eta gordeko dogu — geure ollo-lurra.

 

        3) Gutun-liburua.— Zer dugu au? Okendoarrak, 1822'garren urtea ezkerotik batez ere, «berak besteai ta besteak berari egiñiko kartak edo gutunak liburu batera aldatzeko oiturea»

zuen. Karkak ez ezik, beste gauzarik asko ere ba-ditu liburu ontan, txit jakingarriak. Azkenerantza datoz bertsozko lanak.

        Aundiki ta jakintsu askorekin zuen artu-emana. Batzuk: Erro, erregearen ingurukoa; Iztueta ta Mendizabal gipuzkoarrak; Bizkaiko Diputadu Nobia Salzedo, Anitua, Barrenetxea, Valdespina'ko markesa; Gernika'ko batzarkide Basaguren, Soloeta Baltzola, Olabarria, Julian Argaiz; Berriz'ko Juan eta Praisku Zengotita-Bengoa koronelak; Zabala, Luno ta Estarta prantziskotar prailleak.

 

POEMA-EGILLE.— Karlisten gudaz gero, lagunartea utzi zuen osorik. Euskera du lagun, eztu beste ezer nai: tarteka marteka, iñoiz ere aspertu gabe, euskal arloari lotua bizi da. Olermenak joa, bertsogiñen ere ari zalgu. Gutun-liburuaren azken orriak bertsoz edertuta utzi zizkigun.

        «Sekula ezta izan —idazten du L. Akesolo'k— bertsogille txit azkarra ta eztau adiñik onena neurtitzetan ekiteko. Ezta urretxindorra bere, baña kantuz, euskerazko kantuz nai dau emengo aldia egin, eta emengo egunak amaitu. Eder-legeari dagokionez, goragarri andi-andirik ezpadabe bere, Ulibarri'ren poemok, asmoz beintzat, txit gogoangarri dira. Eurotan darabiltzan gaiak ikusita, gure literaturan arabar ez-ezagun au bide barri-urratzalletzat jo lei» (Zortzikote, 1962, 138 orr.).

        Zertzuk ote ditu, ba, kantagai? Gizona nundik datorren adierazi ondoren, euskal erriko etxeen jatorria, meatzak, olak, lur-lanak, egazti ta abereak, arrantzeak, ezkontza, aurren aziera, antziñako euskaldunen indarra ta, azkenez, bere Okendo maitea. «Arras aundiko poema baten puskak dirudie kanta oneik euren baldartasunean». Olakoa osotu zuten geroxeago J.M. Hiribarren azkaindarrak bere «Eskualdunak» eta E.M. Azkue lekeitiarrak bere «Euskadia» idaztean. Okendoarra bere kabuz ibillia dugu onetan ere.

        Bere erria du azken-abesgai. Ona:

 

                Euzkerazko eskoletati urten dabe

                guztizko yak tun andiyak:

                iru milla urte onetan

                Ukondo'ko semiak

                itxasoz ta legorrez

                agintari nagosiak;

                Ulibarritartik agindu

                Ukondo'ko erriak.

 

        Dakusgunez, edozeiñen aurrean lotsa barik agertzeko moduko euskal-idazle txit jatorra dugu Ulibarri.

 

        (Ikus L. Akesolo, Olerti, 1962, I-II, 121 orr.; BAP, 1962, I, 25 orr.; H.V. Berriotxoa, BAP, 1961, III, 313 orr.; Auñamendi, Literatura, I, 589 orr.).

 

Bilaketa