literaturaren zubitegia

1.073 idazle / 5.164 idazlan
7.841 esteka / 6.390 kritika / 1.828 aipamen / 5.572 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
«Euskal literatura II»
Santi Onaindia

Etor, 1973

 

21.— Jose Inazio Arana

(1838-1896)

 

        Bere egunetako euskaltzalerik jakintsuena, bear bada. J. Manterola'k onela dio: «Idazlari onen lanez omentzen dira, geien bat, gaur-eguneko euskal literatura ta olerkia». Eta A. Villasante'k: «1880'garren urterantza nabarmendu ziran euskaltzale jakitun eta argienetariko bat».

 

GIZONA.— Azkoiti'n jaio zan, 1838-5-26'an, Baraikoa etxean, eta Andre Mariaren Jasokunde elizan bataiatu zuten. Aurtzaroko eskola azi-orraziak Azkoiti'n bertan, eta Amezketa'n eta Ezkioga'n artu zituen, geroago bigarren maillakoak —izkuntza ikasketak batez ere— Azkoiti'n, Albiztur'en, Arantzazu'n eta Iruña'n osoturik. Arantzazu'n latin eta griego ikasi zitun berariz, Jose D. Albeniz aitak, an, 1847'an irasita, zeukan latin-eskolan.

        1857'an, Loiola'ko jesuiten aztetxean sartu zan. Aita jesulagun egiñik, gaur ikusten, biar erakusten eta etzi eliz-arazoetan, Loiola'n, Salamanka'n, Leon'en, Palenzia'n, Orduña'n, Durango'en eta, ibilli zitzaigun. Frantzia'ra irutan erbesteratu bearra izan zuen, Baiona'n, Poyanne'n eta Hagetmau'en egotaldiak egiñik. Oña (Burgos)'en il zan, 1896-12-19'an.

        Bere idatzietatik atera dezakegunez, gizon argia ematen du, ta irudimen bizikoa. Orrela zan, izan ere. Arana-Goiri'k irakasle euki zuen Orduña'n, eta bere liburu eder Lecciones de Ortografía del euskera bizkaino (Bilbao, 1896) argitaldu zuenean —Aita Arana il zanean, ain zuzen—, onela idatzi zuen: «Neure adiskide kutuna ta itzal aundikoa zan A. Arana. Jainkoak bere baitan artu bei josulagun onaren arimea. Ak nire idaz-eraren oiñarriak ezagutzea nai neban biziro, bein eta barriro agertu bait eustazan gai orretan biok genduzan makur-aldeak; baiña Jaungoikoak ez dau gura izan. A. Arana'k euskerazko esku-idatzi batzuk itxi ebazana, ba-dakit: esku onetan dagoz, eta eurak egindo dabe egokien dana. Aita Arana adimen-sakontasunez baiño geiago nabarmentzen zan irudimen azkarrez: eler-zale geiago genduan ele-jakitun baiño. Nigaz ez etorren bat ez euskal gaietan, ez politikan; baiña guztiz ona zalako, ta beraz, zintzo ta prestua, arekin ezin zitekean asarretu, bere gogo ta gauza guztietan asmorik garbiena erakusten zuelako... Bai, a biotzez eder bezain irudimenez bizi genduan» (Lecciones... 266 orr.).

 

IDAZLANAK.— Ainbat liburu idatzi ta argitaratu zizkigun. Ona batzuk:

        1) Vidas de algunos claros varones guipuzcoanos de la Compañía de Jesús (Tolosa, 1870). Erderaz, A. García ta Anai Jose Ilzargarate'ren laguntzarekin.

        2) Jesusen Biotz Sagraduco Billera santu edo Congregacioaren gañeko cerbaitzuec dacazquien liburucho devotoa (Gazteiz, 1870).

        3) San Ignacio Loyolacoaren Bizitza laburtua euskaraz eta gaztelaniaz (Bilbao, 1872). 224 orrialde. Liburu azkenean datoz euskerari, euskalkiai eta euskal ortografiari buruzko zenbait oarkizun eta azalpen.

        4) Ama Virgiña guciz garbi Concepciocoaren Oficio laburra, latiñezco itz neurtuetatik eusquerazco zortzicoetara itzulia (Errorna, 1872).

        5) Beste liburuxka bat latiñez (Touiouse, 1875).

        6) Loyola-co Oroitza txiki bat (Tolosa, 1882). Bigarren ekoizpena. Euskeraz eta erderaz.

        7) Iruña'ko «Revista Euskara»-n: Notas bibliográficas sobre el Cicerón eúskaro, Sebastián Mendiburu (1888).

        8) Bai, pecatu da liberalqueria (Baiona, 1888). 48 orrialdeko liburuxka. Aurreko urtean —1887— Barzelona'n azaldu zan F. Sardá y Salvany'ren Liberalen dotriña pecatu da, A. Arana'k euskeraz egokituta. Baita 1891'an, Barzelona'n bertan, azaldu zan El liberalismo es pecado —Liberalkeria pecatu—; ekoizpen ikaragarria duzu, zortzi izkuntzetan, ots, espaiñeraz, katalanez, euskeraz, portugaleraz ezkerreko orrialdean, eta lateraz, italeraz, prantsesez eta doitxeraz eskumakoan. Ez dakar nortzuk itzulia danik.

        9) Disertaciones sobre la Ortografía Euskara (Bilbao, 1890).

        10) Aita Henao'ren Averiguaciones Cantábricas deritzan lanari geigarri gisan ezarritakoa (Tolosa, 1895).

        11) Manuel Larramendi'k Agustin deunatzaz euskeraz egiñiko itzaldi bat ere, Aita Arana'k argitaratu zuen leenbizikorik. Lan guztiok ospe bizia erantsi zien bere izenari. Ta, egiazki, euskerak etzeukan ixillekorik beretzat. Euskal literatura ez-ezik, euskaldun idazleak eta beuron lanak ere, ondo zekizkian. Aspertu gabe idatzi zuen Euskalerriko aldizkarietan, eta erderazko Semanario Católico ta Corona poética deituetan.

 

OLERKARI.— Olerkari ere ba-genduan, eta ez kaxkarra. J. Manterola'n onela goratzen zuen: «Garai auetan euskal Musa'ri agur dagien koplarien artean sakon liraiñena» dugu A. Arana.

        Batzuk ba-ditu, bai, ederki landuak, goi-argiz dirdirka. J. Sebastián Elkano'ri (1519-1522'an munduari bira eman ziolako) onkitua baitik bat, irudimen ausartez ta biotz-ikutu leunez mamitua. Ba-doa Elkano egats urdiñez eguzkiaren argia nun sortu ta nun gordetzen dan jakin nairik. Boga ta boga dijoaz, bera ta bere lagun azkarrak. Bide zuzenetik ote dabiltza? Olerkariak kanta:

 

                Ongi dijoaz. Alperrik dira

                   odei goibelak urratzen,

                alperrik trumoi-danbatekoak

                   eta oñazkarrak zartatzen.

                Itzul-joldeak burruka amiltzen,

                   lurrak ikaraz dardatzen.

 

        Poemarik naikoa ditu txit egoki landuak. Itzulpenak ere bai, Dies irae, Magnificat eta abar. Urteetan zabal dabillen «Arantzazuko» ereserkia berea du; baita Ama donzella Begoña-koari euskera kantia ere, 1880'an saritua.

 

        (Ikus J. Vinson, Essai Bibl. Basque, 433, 436, 504, 563 zenbakiak; J. Manterola, Cancionero Basco, III, 270 orr.; S. Onaindia, MEOE, 359 orr.; N. Alzola, «Euskera», 1958, 25 orr.; L. Villasante, HLV, 278 orr.; Auñamendi, Literatura, I, 686 orr.).

 

Bilaketa