literaturaren zubitegia

1.073 idazle / 5.164 idazlan
7.841 esteka / 6.390 kritika / 1.828 aipamen / 5.572 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
«Euskal literatura II»
Santi Onaindia

Etor, 1973

 

20.— Klaudio Otaegi

(1836-1890)

 

        Ondarribi'ko eskola maixu onek ikasbide ederra damakigu euskal arloan. Eta, zalantzarik gabe, merezi du aipamen berezia gure literaturan.

        Zegama'n jaio zan 1836-10-30'an. Amets-billa etzitzaigun asi gaztetxorik; baiña ba-zitun olakoak ere bere izate barnean: ertilari agertu zan oraindik ume zala. Olako zerbait, egia esan, guztiok daramagu, lurpean azia ernemin bezela, lera-moltzo apartekoa lertu-zori. Otaegi musikari emana zebilkigun mutikotik, eta amalau urteko zala, Zegama'ko organu-jotzailletzakoa bere izerdiz antzea ta jakituria neurtuta, irabazi zuen. 1854'an Gazteiz'era joan zitzaigun ikasten, laster maixu-titulua aterarik. Ogeta bi urte zeuzkan Ondarribi'ko eskola maixutza eskuratu zuenean. Eta antxe bizi izan zan bizitza osoan, bere egitekoa alik eta zeatzen beteaz. Eta antxe, itxas-egal atsegintsuan itzali zan, oindiño gazte, 54 urte zitularik, 1890-1-10'an.

 

BERE EUSKAL LANAK.— Musikaz landa ba-zuen beste griña bat ere, bere baitan ondo tinkatua: umetatik arduratu zan amaren altzoan xurgatu zuen izkuntzaz. Baiña euskal lanak 1863'an asi zituen batez ere, ta L.L. Bonaparte printzipeak ortara bultz-eraginda bear bada. Onen aginduz biurtu zigun beintzat Kristau Dotriñea Zegama'ko, Azpeiti'ko, Irun'eko ta Ernani'ko euskalkietara. Urrengo urtean, 1864'an, Gipuzkoa'ko Aldundiak iragarri zuen konkursorako San Juan'en Ebanjelioa jarri zuen gipuzkeraz, oar eta eraskin askoz ornituta; baita Bonaparte'k aginduta, Ordizia'ko euskerara Dotriñea itzuli ere.

        1866'tik aurrera, maiz, L.L. Bonaparte printzipearen laguntzaille zintzo izan zitzaigun euskal lurralde zear osotu zituzten izkera-txangoetan. Amezkoetatik barna lendabizi, ta Erronkari ta Salazar ikuskatuz gero. Urte orretan bertan berriz itzultzen du bere Dotriñea Tolosa aldeko izkelgira, baita Basaburua ibarra zearkatu ere, Gipuzkoa'ko ta Naparroa'ko euskerak zituen alde ta diferentziak atzerritar euskeralari argiari erakutsi-azteko. 1869'an eta 1870-71'an berriz ere lagundu zion Naparroa'ko mendiak zear, Bonaparte bere lan eder Mapa lingüístico de las siete Provincias Bascongadas osotzen zebillelarik.

        1867'an Zegama'ko euskerara biurtu zitun San Markos'en Ebanjelioa eta Salomon'en Abesti Ederra, eta Gipuzkoa'ko literatur-euskerara Salomon'en Abesti Ederra, Rut'en eta Jonas'en liburuak eta San Juan apostoluaren Apokalipsis. Lan auek argitaratu gabe dagoz gaur ere.

        Kartaz ere ar-eman etengabea izan zuten adiskide ta alkar-laguntzaille biok. Ezta arritzekoa. Gorago esan dugunez, bada, L.L. Bonaparte'ren bigarren emazte Klemenzia Richard eta K. Otaegi'ren andrea, aizpak ziran. Ortaz, alkarrekin egotaldiak ere egiten zituzten; 1869'an, esate baterako, illebete osoa egin zuen Bonaparte'rekin, napar ibarretatik ara eramandako zazpi euskaldunen artean lan eta lan. Urrengo urtean, Irube'ko euskeratzaz dagizki azterketak; baita Izagaondoa'koa ere ikertzen du; 1872'an, berriz, Rodriguez Ferrer'i ainbat datu eskuratzen dizkio bere lan ospetsu «Los Vascongados» burutu dezakean.

 

OLERKARI.— Azkenez, badu oraindik astia Manterola'ri laguntzeko, ainbat itzulpen osatu ta olerki-batzaldietan sariak eskuratzeko. 1880'garren urteaz geroz egin zituen bere poesi-lanik geienak.

        Nolako olerkari al genduan? J. Manterola'k diosku berezkoetarako baiño erreztasun geiago zuela itzulpenak egiteko. Ta, izan ere, ainitz onako egin zizkigun, ark eta onek eskaturik, Fray Luis de León, Trueba ta beste, euskeraz jarriaz. 1881'an, Irun'go euskal jaietan K. Otaegi'ren Elkar gaitezen denok napar-euskaldunok irabazi zuen Naparroa'ko Asociación Euskara'k eskeiñitako Urrezko Dedu-domiña, eta urte berean, Donosti'ko Udalak Calderón de la Barca'ren eungarren urtea zala-ta antolatu zuen jaian, zegamatarraren Euskal-Oroitza lan ederrak eraman zuen lenengo saria. Eta, aurrerago ere, 1879'an, Elizondo'ko euskal festetan, Naparroa'ko Asociación Euskara'k eskola maixurik onenarentzat saria bat jarri zuenean, K. Otaegi'k jaso zigun 100 pezetako saria.

        Ona, erakuskin bezela, Adiskide baten Oroitza deritzaion lau ahapaldiko eresi au:

 

                Dena beltz ikusten det begien aurrean:

                ez det arkitzen pozik nere barrenean;

                triste daukat biotza, onik ez etxean;

                indarrak ere naute uzten azkenean!

 

                Otzikara gisa zait gorputza mugitzen!

                Bakarrik ezin egon, zer-naik izututzen;

                gau ta egun nago, ai! negarrez urtutzen!

                Zer zaidala dezute uste gertatutzen?

 

                Adiskide bat il zait! Zer adiskidea!

                Ezpaitu iñork gaur, ez, arkituko obea!...

                Zergatik joan zatzazkit, o lagun maitea!

                utzirik pena eta naigabez betea?

 

                Zer da nitzaz izango zu gabe munduan,

                itzal uts bat ezpada baso eremuan?

                Ona izan ziñan-ta, zintzoen lekuan

                atseden zazu lasai! Atseden Zeruan!

 

        (Ikus Sorarrain, Catálogo General... 423 orr.; P. Mourlane Mitxelena, «Congreso de Oñate», 626 orr.; J. Manterola, Cancionero Basco, III alea, 264 ta 326 orr.; S. Onaindia, MEOE, 370 orr.; N. Alzola, «Egan», 1957, 367 orr.; Auñamendi, Literatura, I, 664 orr.; L. Villasante, HLV, 266 orr).

 

Bilaketa