17. Juan Benanzio Arakistain
(1828-1906)
Euskal elezar biltzaille trebe bat daukagu begi aurrean. Gaur ba-diteke zenbait «gizon ikasi ta uste-aundiko batzuei umekeri edo emakumekeri iruditzea». Ori al da Azkue'k, Barbier'ek, Barandiaran'ek, Kanpion'ek eta Arakistain'ek, Etxaide'k eta Jautarkol'ek, Etxaniz'ek eta Bustintza'k egin diguten lana? Aizea astintzea, bear bada? «Erri-anima ta biotzondoaren zati omen dira dio A. Iturria'k elezarrok. Ala izan ere. Ta gure erriko elezarrak euskal animaren altxor ta edergaillu noski».
Deba'n jaio zan Arakistain, 1828'an. Valladolid'en egin zuen lege-karrera, ta gero egunkarietan idaztera eman zion. Eta ogibide bezela, idazlari edo eskribau arloan lan egin zigun Azpeiti'n eta Tolosa'n. Azken erri onetan il zan, 72 urte zitula, 1906-11-7'an.
IDAZLE. Gure errian elezar bikaiñik asko ditugula-ta, auek ikasi ta dotoretzen saiatu zan. Aurretikoen kutsu biguiña darien ipuiñok edatuz euskaldunak lenera begira ipiñi nai izan zizkigun.
Bere liburuak: 1) Tradiciones vasco-cántabras (Tolosa, 1866). 382 orrialde. Zortzi ipuin luze dituzu, ederki moldatuak: a) Gau-illa; b) Hurkamendi; e) Irarrazabal'go orma lartekoa; e) Kantauritarrak; g) Iru olatuak; i) Beotibar'ko zelaia; j) Kaperako gorularia; k) Morumendi'ko damea, bertsolan egiña. Atsegiñez irakurtzen diranak, noski. Ipuiok, batzuk beintzat, euskeraz jarriak izan dira, «Irarrazabal'go orma tartekoa» ta «Iru olatuak» baitik bat.
2) Lelo kantzoa («Euskal-Erria», 1886, 1-10). 1.058 bertsoko poema. Erromantiku tankeraz moldatua duzu, baiña ederki ta jasez; gai orretan, alboko literaturetakoen ondoan ere tente jartzeko aiñakoa. Lelo'ren elezarra, kantatzen digu arnas aundiko. Ona apurño au, dastagarri:
Ixilik! Gogoaren pasioz lasterka,
etorri nintzan iñork ezer etzekiela.
Gaba zan! Sartu nintzan etxian ixilik,
illargia zeguan guztian argirik!...
Ez det... ez det esan nai zer ikusi nuan
zorigaitzeko gau beltz izugarri artan.
Bakarrik, esango det penak zoraturik,
uste nuela il bear nuela bertatik;
eta ala nindutenak penatu zirala:
bat, zu, Dola; bestea, doillorkume Zara.
3) Bereak ditu gaiñera: El Basa-jaun de Etumeta eta Cuadros del Evangelio; eta Laura deritzaion drama ta beste batzuk, sarri samar antzeztuak.
(Ikus «Euskal-Erria», 1906, 1, 456 orr.; G. Garriga, «Bol. Amer. E.V.», 1952, 127 orr.; Sorarrain, Bibliografía, 867 ta 1230 orr.; J. Vinson, Essai Bibl. Basque, 360 ta 551; S. Onaindia, MEOE, 775 orr.; A. Iturria, Elezarrak, «Kuliska sarta», 7-8; Auñamendi, Literatura, II, 125 orr.; F. Arozena, Diccionario biográfico vasco, 37 orr.).