4. Jose Bizente Etxagarai
(1773-1855)
Gabonetarako, iñauterietarako ta antzeko jaietarako kontaezin ala bertso-lan ondu zituna.
Donosti'n jaio zan, 1773-7-1'an. San Bizente elizan bateatua. Donostiarra zan bere aita ere, Martin Josep; ama, ordea, Maria Ana, Urrestilla'koa. Sendi onek etxe bat zeukan Esterlines kalean, baiña 1813'an, ingles-portugesak Donosti kiskalazi zutenean, beronen etxea ere suak irentsi zuen, ordurartekoan Bizente'k ondutako euskal olerki guztiakin batera. Sunbilla'ko alaba Antonia Latasa'rekin ezkondu zan 1819-11-28'n. Bi alaba izan zituzten, baiña agi danez etzuen Etxagarai'k zorion aundirik ezkontzan izan. 1855-4-15'an, 81 urteko zala, Donosti'n bertan eriotzak itzali zion bizia.
Beartsu bizi izan zitzaigun, 1813'tik aurrera batez ere, urte luzeetan Donosti'n Udaletxeko arduradun izanik. Alai, maitekor zan guztiakin; euskaltzale amorratu ta olerkari errikoi. J. Manterola'k dioskunez, berau izan zan 1813'tik 1853'rarte zerbait idatzi bear zan jai ta abagune guztietako bertso-jartzaille naitaezkoa. Teatru bat zala, dirua biltzeko jaialdi bat zala, iñauteri, ikasle-zamo-sail, ziranak zirala, Etxagarai genduan koplagille. Donosti'ko elizetarako eguberri kantak zortziko, artzai-abesti, erregen eresi, berak moldatzen zizkizun beti. Politikaz liberala zan, Txapel Txuri ta Karlos Bostgarren orren artekoa.
Ongi zekian euskeraz. Bertso-neurkeran ederki zebilkigun: umore ona dariola daude bere lanak oro. Itz-lauz ere idatzi zuen zerbait: 1856'an L.L. Bonaparte'k berarekin eraman zuen Jesukristo'ren Ebanjelioaren itzulpena egiten, baitik bat. Aren bertso-lanak, berriz, orbelak iduri or-emen dabiltzan paper zaharretan eta «Euskal-Erria» aldizkarian dauzkagu sakabanaturik. Gure egunotan A. Zabala josulagunak bere Auspoa bilduman batu ditu ia denak, denak ezpadira. Festera (35-36) du izenburu, ta emen sartzen dizkigu aren urtez urtezko 61 lan eder. Auek dioskute nor eta nolakoa zan Etxagarai.
Errege-sendikoai ta aundikiai atsegin ematearren, baratzaien, langille-maixuen eta onakoen jaiak ospatu oi zituzten gazteak.
Ona, 1830'an, iñauteri egunez langille maixuen jairako biribildu zitun kopletatik iru ahapaldi. Martxa deritzaio lenari:
Erritar gure Donostiako
jende artzalle maiteak,
ditugu guztiz gauza ederrak
ugari ta merkeak:
soiñ egokiyak, zapata pollit,
armariyo eta kutxak,
barrika, parol, pertza, paziya
eta guraize txorrotxak.
Belaun-txingoa:
Zortzi langille maisu guztiyak gazteak,
eta emazteak,
arintzen nekeak,
gatoz plaza berrira umore onean,
dantzari lanean,
kantari nekean;
soñubarekin gera alegre dantzatzen,
ez gera nekatzen,
ez ere aspertzen;
salto bada, gizonak eta andreak salto,
egiñ lana, kanta
ta nekean dantza.
Eta Kriskitin:
Badegu gogo, lana badegu,
ofizioko jendeak,
argatik gaude beti kontentu
gizonak eta andreak:
egunaz gogotik bearrean
eta deskantsuz gabean.
(Ikus J. Manterola, Cancionero Basco, 1878, IV, bigarren sailla, 54 orr.; F. Lopez Alen, «Euskal-Erria», LVIII, 545 orr., XLIII, 136 orr., ta LV, 47 orr.; S. Onaindia, MEOE, 335 orr.; Aita A. Zabala, «Auspoa», 35-36; Auñamendi, Literatura, I, 609 orr.).