63. Wentworth Webster
(1828-1907)
Ona euskal gauzetzaz zurtua bizi izan zan atzerritar bat. Asko ibilli zan Eskozia, Suiza, Alemani, Ego-Amerikan eta Egipto'n zear. Gure lurraldeko aizea osasungarri zitzaiola-ta, ona etorri zan, Biarritz'en eta Donibane-Lohitzun'en zeuden ingeles anglikanuen kapellau lez, eta ementxe bizitu zan il arteko guztian.
Uxbridge (Inglaterra)'n jaio zan 1828-6-16'an, eta Sara'n, 1882'tik aurrera bizi izan zan bere etxean, il zitzaigun 1907-4-2'an.
Ainitz lan argitaratu zitun euskal gaietaz, naiz aldizkari ta egunkarietan naiz liburu-tankeraz. Ona batzuk:
1) Basque Legends, with an essay on The Basque Language by J. Vinson (London, 1877). Euskalerriko elezar pillo bat da, naikoa nabarmen ta txitozkoak.
2) Altabiskarco Cantua (Madrid, 1883); «Bol. de la Real Academia de la Historia» dalakoan argitaratu zan, III ale, VI'garren ingurraztian. Kantu au lenengoz, 1834'an argitara atera zuan Prantziko «Institut Historique»-n idazkari zan Garai Mongláve'k idazlan luze batean.
3) Pastorales Basques (1879). Lan bikaiña, «Tradition au Pays Basque»-n azaldu zitun beste ainbat euskal lan bezela.
4) Grammaire Cantabrique Basque (1900). Pierre Urte'k 1712'an idatzi ta ordurarte azaldu gabe egondakoaren irarpena dugu.
5) Les Loisirs d'une étranger au Pays Basque (1901). Maite zuen eusko folklore, bere ertz guzteetatik begiratuta; min ematen zion, beraz, gure ipui, kontaera, abesti, dantza ta gaiñerakoak galtzen zioaztela ikusteak.
(Ikus Philippe Veyrin, «Musée Basque», 1929, VI, 1-29 orr.; Ph. Veyrin, RIEV, 1935, 316-339-344 orr.; Ph. Veyrin, «Gure Herria», 1962, 219 orr.; G. Garriga, «Inv. Bibl. Vasco», 1956, 60 orr.; L. Villasante, HLV, 400 orr.; Auñamendi, Literatura, I, 369 orr.; J. Urkixo, RIEV, 1934, XXV, 201 orr.).