literaturaren zubitegia

1.063 idazle / 5.119 idazlan
7.827 esteka / 6.319 kritika / 1.828 aipamen / 5.567 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
«Euskal literatura II»
Santi Onaindia

Etor, 1973

 

57.— Laurent Diharasarri

(1848-1902)

 

        Sara'n jaio zan 1848'an. Apaiza. Kanbo'ko erretore. Baiña, 1890'an orduan egiteko ziran auteskundeetan legez autarkia ematen jendeari ez ziola uzten-eta, Orzaize'ra aldatu zuen gobernuak, Baiona'ko gotzaiaren baimenaz. Saratarrak, ala ere, Erromara jo zuen, beste 18 apaiz euskaldun lagun zitula, gotzaiaren erabakiaren kontra. Erroma'k etzuen, sarri oi duenez, gotzaiaren egiña deuseztu, Frantziako Eleizegazko politika arazoa edo egoera ere naikoa auskor eta bupera zalako, baiña Bere Santutasunaren ganbarari izendatu zuten Diharasarri.

        Izan ere, ezin dezakegu aiztu garai artan Elizeak Frantzia'n zeukan bizitza larria. 1870'an jarri zan irugarren Errepublika, erlijioaren aurkakoa oso. Jules Ferry'ren egunak ziran, gaur ere Frantzia'n daukagun irakaskintza laikoa sartu zuena. Jainko ta errege barik eratu nai zuen bere erri-auzia. Eta berezkoa zan euskaldun apaizak Errepublikaren kontra ta beren eliztarren alde agertzea.

        1894'an diputadu aurkeztu zan Diharasarri. 3.779 autarki jaritsi zitun, baiña bere leikideak, 5.351. Apaiz on eta gartsua genduan Diharasarri, eta ba'liteke zerbait laiño ta tolesik gabea. Donibane-Garatzi'n il zan, 1902'n, ezbear batez, au da, mando zoratu batek egindako zaurietatik.

 

BERE EUSKAL LANAK.— 1) Aphezen dretchoac eta eginbideac eletzionetan (1890); 2) Erlisionearen ichtorioa laburzki (1890); itzulpena; 3) 1897'an, Baiona'n, auek: San Antonio Paducoa, Mariaren ahurren esku-liburua, eta Giristino legea laburzki. Eta beste zenbait esku-idatzi argitara gabe.

        Ez dugu nolanaiko idazlaria. P. Lafitte'k au dio: «Diharasarri jaunaren estiloa arras erantzia da: ideia ta asmoak argi betean jarri nai ditu beronek, era ontara edo artara jantzi gabe. Bere joskera logikazkoa da oso, bere esaera buruzkoa ta gardena, barne-lits gabea; labur, Bainville bat euskeraz. Origatik bera irakurtzea guztiz atsegingarri zaio gogoari» (Le Basque et la Litt..., 66 orr.).

        Olerkari ere ba-genduan. 1896'eko dagonillaren 27'an euskal jaiak Maule'n, Abbadie jaunak eratuta. Olerki-gaia: Madalen Larralde, prantses iraultzak il zuen saratar neskatxa; bi lenengo sariak: 100 franko ta «makilla», eta beste 140 franko. Iruk eraman zuten saria: 1) Madalen Larralde saratarra hamabortz urthetan hila, 1794-an; egille: Diharasarri, Orzaize'ko arimazaia; 2) Euskaldun martire, Sara-tar neskatilla Larraldeko Madalenari; egille: Felipe Arrese Beitia; eta 3) Larralde-ko Madalenari oroitz bat; egille: Franzisko Lopez Alen.

        Amabi ahapaldi dauzka Diharasarri'k ondutako Madalen Larralde'k. Ona oietatik iru. Elizak utsik ziran Frantzian, apezak igesi; baiña Euskal erria orotaz gaiñ Kristotarra duzu, ta Madalen Larralde, amabost urteko neskatilla Bera'ra doa mendiz. Zertara? Konfesatzera.

 

                Primadera goiz batez, argi urratzean,

                Saratar bat heldu zan Berako bidean;

                Nexka gazte guria, Madalen Larralde,

                Bakarrik, otoitzean, zoan etxe-alde.

 

        Baiña bat-batean sasipetik ilki dira soldadu batzuk, eta atxilo daramate Donibane'ra. Zertan zebillen galdetzen diote. Ezin gezurrik esan. Betik dio gauza berdiña. Eta epaiturik, lepoa pikatuko diote.

 

                Jendez da, Donibanen, estalia plaza;

                Plazaren erditsutan gillotina gaitza.

                Aingeru bat iduri debruen artetik,

                Madalen agertzen da, eskuak loturik.

 

        Oro negarrez daude. Madalen, ordea, kantuz! «Agur Erregiña!».

 

                Iganarazten dute tresna lazgarrirat;

                Burua pikaturik ba-doa lurrerat;

                Bainan arima xuxen altxatzen zerurat:

                Egiak du betikotz hartzen bere ganat.

 

        (Ikus P. Lafitte, Le Basque el la Litt..., 66 orr.; S. Onaindia, MEOE, 582 orr.; L. Villasante, HLV, 176 orr.; R. Moreau, La Religion des Basques, Baiona, 1964, 226 orr.; Auñamendi, Literatura, II, 82 orr.).

 

Bilaketa