literaturaren zubitegia

1.071 idazle / 5.159 idazlan
7.840 esteka / 6.384 kritika / 1.828 aipamen / 5.571 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
«Euskal literatura II»
Santi Onaindia

Etor, 1973

 

55.— Edmond Guibert

(1847?-1872)

 

        Ezpeletarra. Umetatik zan olerkari, ta gai ugari kanta zituen kopla-sail sentikorretan. 1859'an, Urruña'n, Abbadie jaunak eratutako euskal jaietan agertu zitzaigun lendabizi: gaztetxo zan, eta lotsakor, jakiña. Amar urte geroxeago ere, etzan ausarta; 1869'an, bada, Sara'ko jaietara igorri zuen lana ere etzuen bere izenez firmatzen. Nork egiña zan jakin ez zezaten, «Ezpeletar bat» jarri zion bere poesi-lan eder Andregeia'ri.

        Ordun Larresoro'n zegoen ikasten, eta sariketara bialdu zuen lana guztiz poliki taiutua zetorren. Etzuen saririk jaso, deduzko aipua bakarrik; baña J. Vinson'ek asko zarata astindu zuen Baiona'ko «Le Courrier» zalakoan, gaztetxo aren olerki-poema besteenak baiño obea zala aitortuaz. Lapurteraz dago Andregeia, ta «Intxauspeko alaba» airean kantatzen da. Amairu ahapaldi ditu, ta maitea urrun joan zitzaion neskatxa baten auenak dira. Ederki dio:

 

                Idortean lorea laster histen:

                tristezian Maria hiratzen;

                ezpainetan ya hil zaio irria;

                bethea du nigarrez begia.

 

        Eta usoak laguna galtzean kantuz eztitu oi duen bezela bere barruko pena, olan dagi andregeiak ere, lau ahapaldi eriotz-ukigarritan aizeari adieraziz bere zorigaiztoa. Ate-joka norbait: «Idekazu, idek!» Maitearen abotsa. Amasok idekitzen dio atea. Ta zegon Maria'ren maitea! Eta amosok: «O!, Yaun ona!». Eta, bi eskuak altxatuz, bedeinkatzen ditu bere aurrak.

        Daskonagerre'k prantsesez bere Les échos du pas de Roland nobela zeukan idatzia, baiña euskeraz argitara eman nai zuen, batera edo aurrenik. Berak ez zeukan ortarako beste euskera, ta itzultzaille baten billa ibilli zitzaigun. Larregi apezagana jo zuen lenen, eta egin zion eskatutako lana, baña «jatorrizko frantsesarekin oso bat ez zetorrena» noski. «Autoreak orduan —dio J. Vinson'ek— Larresoro'ko gazte batengana jo zuen; Edmond Guibert zeritzan, eta Seminario Tipiko ikasle argia zan, eta Andian ere urtebete egiña». 1870'garren urtea. Onek burutu zion itzulpena, eta era egokian, lendik ere Ganix'en ezbearra euskal bertsutan kantatua zuen eta. Daskonagerre'k, baiña, etzuen biurpen au argitara eman, Guibert'ek erabillitako euskalkia ez bait zan Donibane-Lohitzune'koa.

        Azkenez, bertako sakristau batek, J. Vinson'en eta beste norbaitzuen laguntasunaz, moldatu zuena argitara zuten. Guibert, alere, etzaigun origatik samurtu, ta «Atheka-Gaitzeko oihartzunak» atera zanean, berak idatzi zuen Baiona'ko «La Semaine religieuse» dalakoan lan orri buruzko artikulu ederra, 1868-6 24'an. «Gaiñerakoan —dio J. Vinson'ek—, politikazko goraberak zirala-ta, au da, zerbait geroago dzart egin zuen gerra zala-ta, mozturik gelditu ziran erabat garai artallo literatur-saio guztiak». Guibert bera argeliar tiratzailleetara joan zitzaigun soldadu; geroxeago Mexiko'ra aldatu zan, eta andik etxera zetorrela, negargarrizko eriotza aurkitu zuen Bordele'n 1872-7-22'an.

        Bere bertso-mordo batzuk: Bonaparte printzipeak eskatuta, «Le Barde Cantabre» —Bertsolari Kantabres deritzana— (Larresoro, 1869-2-17); «Ganix», 1869-12-31'an egiña ta Beira'ko printzesaren seme Sebastian Borbon printzeari opatua. Prantsesez ere ondu zituen kantu batzuk: «Berceuce tasque» —eusko-seaska—, eta abar.

 

        (Ikus J. Vinson, Essai Bibl. Basque, 377 h, eta 612 ta 664 orr.; J. Manterola, Cancionero Vasco, 1877, I, 53 orr.; S. Onaindia, MEOE, 469 orr.; L. Villasante, HLV, 164 orr.; Auñamendi, Literatura, I, 64o orr.; R. Bozas Urrutia, Atheka Gaitzeko oihartzunak, Donosti, 1970, 270 orr.).

 

Bilaketa