literaturaren zubitegia

1.073 idazle / 5.164 idazlan
7.841 esteka / 6.390 kritika / 1.828 aipamen / 5.572 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
«Euskal literatura II»
Santi Onaindia

Etor, 1973

 

16.— Jean B. Artxu

(1811-1881)

 

        Altzuruku (Zuberoa)'n sortua, 1811-9-11'an; La Réole'n il zan 1881-6-9'an. Ainbat urtetan, La Réole (Gironda)'ko leen-eskoletako ikerle ta arduradun izan zitzaigun.

        Euskaltzale, ta ez motela. Bere kasa ta kabuz gauza aundirik idatzi ez zuen arren, itzulpenik naikoa ditu, bai frantsesetik euskerara egiñak, bai euskeratik frantsesera itzuliak. Laguntasun baliotsua eman zien L.L. Bdnaparte printzeari ta Fr. Michel'i. Arestian aipatu dugun Hiribarren'ek bere «Eskaldunak» poeman euskaldunen lorea deitzen dio.

 

        Lanik aipagarrienak:

        1) Poésies Basques de Bernard Dechepare (Bordele, 1847). 82 orrialde. Beñat Etxepare'ren bertso-lanen bigarren argitaratze au, Gustave Brunet'en pentzura egin zan. Euskeraz eta prantsesez. J.B. Artxu'k osotu zuen itzulpena. Etzan ain ederra, alere, ber-argitalpen au: testu zaharra «obetu» egin zuten maiz xamar, oar mordoak ezarri ere bai. Egia esateko, Artxu etzan zeatza izan bere itzulpenetan: zer batzuk itzuli gabe utzi zituen, eta iñoizka etzuen doi ta zuzenez jokatu.

        2) Proverbes Basques recuillies par Arnauld Oihenart (Bordele, 1847), Artxu'k prantseraz jarrita. 310 orrialde.

        3) La Fontainaren Aleghia berheziak neurt-hitzez franzesetik uskarara itzuliak (La Réole, 1848). 347 orrialde. P. Lafitte kalonjeak Zuberoa'ko izkera berezko ta txairoz daudela dio La Fontanaren alegi euskeraz jarriok. Nik, alere, MEOE-en idatzi nuen: «Bere asmoa txalogarri dala be..., etzan goi-goiko maillaraiño igon» (439).

        Ona, irakasbidetzat, «Axeria eta Akerra» deritzanetik lenengo ahapaldia:

 

                Axeria bidian zoen

                bere adixkide akerrarekiñ;

                honen adarrak gora ziren ederki,

                     bena etzien ikusten

                     sudurra beno urrunago;

                     bestia faltsukerirako

                     igaran zen nausia.

                     Biek zuten egarria;

                puzu baten barna eraitsi ziren,

                eta urez asia edan zuten.

        4) Kantu patriotikak (Baiona, 1848). «Chant du départ» eta «La Marseillaise» dira euskeraztuta; eta beste bi kantu, bata euskaldunena ta bestea errepublikanuena.

        5) Uskara eta Franzes Gramatika, uskalherrietako haurrentzat eguina (Baiona, 1852). 212 orrialde. Gero ere, bi aldiz beintzat (Baiona, 1853 ta 1868) argitara ekarria.

        6) Ruthen libria, Salomounen kantiken kantika, Donasen libria (Baiona, 1888). 33 orrialde. Artxu'k L.L. Bonaparte printzearentzat beiñala itzuli zitun Idazteunetako iru liburuok, geroago, protestanteen Bibli-Alkarteak argitaratu zizkigun bere gisaz.

 

        (Ikus J. Vinson, Essai Bibl. Basque, I b, 26 b, 242, 243, 264, 647; J. Manterola, Cancionero Basco, IV, 1877, 32 orr.; P. Lafitte, Le Basque et la litterature... 29 orr.; S. Onaindia, MEOE, 429 orr.; L. Villasante, HLV, 161 orr.; Auñamendi, Literatura, I, 662 orr.).

 

Bilaketa