literaturaren zubitegia

1.063 idazle / 5.111 idazlan
7.824 esteka / 6.304 kritika / 1.828 aipamen / 5.567 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
«Euskal literatura II»
Santi Onaindia

Etor, 1973

 

21.— Luis Zirilo Iza ta Agirre

(1837-1892)

 

        Santurtze'ko eskola maixua, oraintsu arte gure literaturan azaldu ez dan euskal idazlea. Bilbao urian jaio zan 1837-7-9'an; San Juaneko parrokian bataiatu zuten urrengo egunean, geroago M. Unamuno bera bataiatua izan zan batai-arruan, ain zuzen. Bere gurasoak: aita, Juan Domingo Iza, Legorreta'ko semea, ta ama, Polonia Agirre, Ondarroa'ko alaba. Ia bizialdi osoan Santurtze'n len-ikaskizunetako maixua izan genduan, eta 1873'an emendik idatzi zion L.L. Bonaparte'ri euskeraz, gaur ere Bizkaiko Diputaziñoko artxibuan aurkitzen dan idazkia, ta, karta ortan zioanez, euskeraz irakatsi ta ikasteko gramatika bat idazten zebillen, eta euskera-erderazko iztegi bat.

        Bizkaiko Diputaziñoak, 1888'an, euskeraz irakasteko irakastegi bat Bilbao'n jarri nai izan zuenean, aurretiaz nor aukeratuko egin zuten saiorako sei aurkeztu ziran: Azkue, M. Unamuno, Arana-Goiri, Iza, Eustakio Madina ta Pedro Alberdi. Iza, beraz, gizon jakintsu auen artean azaltzeko, etzan edozein euskal aranean. Santurtze'n bertan il zan 1892'an, eriotz itsez, au da, garun ixuriz edo bizi zan etxeko balkoitik jausita artu zuen zartadaz.

 

EUSKAL IDAZLE.— Irakasle diranentzat eredu eder: egia esan, ez ditugu maisu asko bide ortatik jo dutenak, ots, euskaldunai euskeraz erakutsi dienak. Iza'k bai: izpazter artako umeak euskeraz eskolatu nai izan zituen. Eta, bai ba, amaren altzoan xurgatu dugun izkeran, askozaz ere errotiago ikasi oi ditugu gauzak. Gaiñera, etzun irakatsi bakarrik egin; idatzi ere bai: eskolan aurtxoai irakasten ziena liburuetan itsatsia utzi nai izan zigun. Santurtze'ko umetxoentzat, adibidez, geografi polit bat argitara eman zuen, bertako zeaztasun bitxi askorekin. Baita beste auek ere:

        1) Zalameako Alkatia. Komediya iru jostalditan eta itz-neurtuan Pedro Kalderon de la Barkak egiña (Bilbao, 1881). 53 orrialde; Juan E. Delmas'en moldiztegian irarria. Ezta komedi osoa, aren irudi ikusgarrienak baizik. Irudi batzuk Donostia'ko «Euskal-Erria»-k ere argitaldu zitun.

        2) Olerkiak; ba-ditu txanbeliñak ere. Bat, Begoña'ko Amari eskeiñitakoa: «Begoñako Ama Birjiña Miraritsuari» (Euskal-Erria, 1880), eta beste bat, Aita Mendiburu'ren omenez: «Aita Sebastian Mendiburu-ri bere lenengo Eunkiko Mugaldian» (Euskal-Erria, 1881). Arturo Kanpion'en Orreaga ere «Euskal-Erria»-k argitaldu zuen, Iza'k euskeraz jarrita. J. Manterola'k bere olerki-sorta «Cancionero Vasco» deritzanean, (lenengo sailla, IV), lau euskalkitara itzulita argitara zuen F.M. Samaniego'ren La Lechera edo La Fontaine'ren La Laitiére et le pot au lait; Agustin Iturriaga'k egin zuen gipuzkeraz, Goietxe apaizak lapurdieraz, J.B. Artxu'k zuberotarrez eta Luis Iza Agirre'k bizkaieraz. Itz lauz dago, baiña ederki eginda. «Persona muy competente en cuanto se refiere a nuestra hermosa lengua», diño J. Manterola'k Esne-saltzaillea dalako alegi orri ipiñi zion itzaurrean.

        Marzelino Soroa'k bere jostairudi «Au ostatuba!!!» eskeiñi zion, itzokin: «On Luis Iza eta Agirre euskera zale jakintsuari eskeiñia oroitzan. Egilleak». Oso apala omen zan, baiña euskal gaietan guztiz aitua. Ortografi berezia darabil bere idatzietan; edo obeto, aurretik ere Bonaparte printzipeak, Van-Eys'ek eta beste euskalari batzuk erabillia: doi-doi gaur darabilguna. Ez du sartzen v'rik, ezpa ta euskera; c ta q'ren ordez, k darabil; gue, gui ta ce, ci'ren ordez, ge, gi ta ze, zi; ss'ren ordez, x ta j'ren ordez y; h berriz osoan kentzen du.

 

        (Ikus J. Vinson, Essai Bibl. Basque, 548; J. Manterola, Cancionero Vasco, lenengo sailla, IV, 20 orr.; L. Akesolo, BAP, 1964, 462 orr.; N. Kortazar, Cien Autores vascos, 28 orr.).

 

Bilaketa