10. Juan Jose Mogel eta Elgezabal
(1781-1849)
Arima-zai arduratsu bezain euskaltzale bero. Oraindik orain esana utzi dugunez, Juan Antonio Mogel entzun aundikoaren illoba da Juan Jose, ta Bizenta'ren neba. Juan Iñazio Mogel. J. Antonio'ren anaia, Deba'n jaio zan; mediku izan zan gero bere aita ta aitona bezelatsu, an eta emen bere egitekoari zegokionez bizi izanik. Bi seme-alaba beintzat euki zituen: Juan Jose ta Bizenta. Juan Jose'ren aurtzaroko berri gutxi dakigu; Deban sortu zana bai, 1781'neko apirillaren 26'an; bere aita Juan Iñazio erri artako osagille bait zan urte aietan.
Baiña ez dakigu noiz artu zuen apaiz izateko burubidea. Bere osaba J. Antonio'rekin bururatu zitun eliz-karrerako leen-ikaskizunak; gero, ordea, Oñati'ko Goi-Ikastetxean jarraitu ta amaitu zizkigun. Nun egona dugu lendabizi arima-zai? Jakin ez. 1811'tik il zan arte guztian, orraitio, Markiña-Xemein'go parroku izan zan, bere osaba bezela. Lur-ondasunetan txit beartsua bezain jakitez aberatsa omen genduan.
Euskaltzale genitun batez ere anai-arreba biak. Gaztetxo zirala umezurtz gelditu ziran; baiña J.A. Mogel'ek oso maite zituen bere bi illobak, eta umetatik berak eskolatu zizkigun maitekor eta txeratsu, «letrakin batean euskal-zaletasuna ere barne-barneraiño sarturik», eta denporaz, biak euskal idazle trebe izatera ere iritxi zitzaizkigun.
Eta J.A. Mogel'ek, il aurretxoan, Peru Abarka, berak idatzitako libururik ederrena utzi zion Juan Jose bere illobari, ilburuko bezuza bikain bezela. Onek, ostera, Aita Jose Domingo Untzueta prantziskotarraren eskuetan utzi zuen, egundokoren baten praille prantziskotarrak Zarautz'eko komentura biurtzen baldin ba'ziran, ara eramateko aginduarekin. Emaillearen gogoa asetu zuen A. Untzueta'k. Garai artan prailleak komentuetatik jaurtita zeudelako jarri zion baldintza ori; ogetamar urte geroago, 1867'an, ango lekaidetxea berriz iriki zanean, ara joan zan Peru Abarka'ren orijinala.
Txara, mendi ta ibar zuri-orlegiz inguraturiko Markiña bailleran 38 urtetan arima-zai yaukala izan ondoren, Markiña'n bertan il zitzaigun J.J. Mogel, 1849-7-20'an.
IDAZLANAK. Idazle sutsua dugu. Kultura kezkak darabilkiguna. Ona bere liburu batzuk:
1) Baserritar nequezaleentzaco escolia, edo icasbidiac guraso justu ta jaquitun familija ondo azi ebeeneen exemplu ta eracutsijetan (Bilbao, 1816); Pedro Antonio Apraiz'enean. 265 orrialde. Bein eta berriz argitara emana: 1845'an Gazteiz'en, eta Gregorio Arrue'k gipuzkerara itzulita Tolosa'n 1878'an, baitik bat.
Familia duen aita baten bizikera duzu, eleberri antzean josirik. Ekandu ta bertutez egoki oiñarritua, onaren ixpillu bezela agertzen zaigu; ez du akatsik, eta bide ortatik daramazki bere seme-alabak ere. Garaia garaiko, ta orduko pentsa-moldea ederki edesten digunik ezin dezakegu uka, gaur arrigarri ba'zaigu ere. Alkar-izketaz dago: seme-alabak galde ta aitak erantzun, bere osabak Peru Abarka'n egin zuen erara egiña. Kristau-ezikeraren laburpen bat duzu, arin bezela jostari, baiña beti serioski. Gaur bizi geranontzat auxe du liburuak ederrik aundiena: seriotasun geiegi, naiz familiari naiz bizitzari buruz; ezkor (pesimista) agiri zaigu liburuaren aria daraman len-pertsona, ots, Juan; eta gaur baikor izan nai dugu. Baiña garai artarako etzegoen gaizki.
Ona zatitxo bat, baserrietako ekandu batzuen arriskua adieraziz:
«Aitak: Gal-joteak, ira edo garo ebateak, orbel batze, lino apaintze edo ezpatetaak, arto zuritze, ta beste onelako lan batzuk, egin oi dituee al dabeen gazteeria batuta, geieenez nekazari alper atzeratu oi dabiltzanak, edo seme-alaba ibiltauak daukeezanak. Etxekoandrea alper lotia, ta alabaak amaren ozpalekoak badira, asmeetan dabe gau-gorueta. Egunezko gaiztakeria askori gitxi eretxirik, etxe batzuetan, batez bere arto zuritze, ezpateeta, gorueta ta neke gitxiko laneen ondoren, egin oi dira gau-jolas "bigiria" esaten jakeenak. Euren bearra nolanai amaituta, asten dituee dantzarik naastu ta nasaienak. Oi dira atxakiaz argia amateetan dabeenak. Dantza ostean edo leenago, etxe baten baiño geiagotan, egiten dituee amar amarka, ardiak aparteeta, amoreak egite, alkar jasote, ta aitatuteak lotsatu leian gauzarik ezain, ero, ta nabarmeneenak. Gurasoak begira barrez, edo lotara. Baiña Jangoikoak ez dau lorik egiten. Ez dago beretzat illunik ta guztia dakus» (Eskolia, Gazteiz, 1845, 122 orr.).
2) Eguneroco lan on eta erregubac, meza santuba ondo enzuteco: confesino eta comuninoya biar dan leguez eguiteco prestaera eta zucenbidiac (Bilbao, 1820). A. Zabala'ri atsegin zitzaiona. «Nekezaleentzako Eskolia»-gatik au esaten digu: «Euskera ederra du», eta bigarren augatik. «Euskeran, aurrekoa baiño geiagoa da».
3) Mayatz-illeraco berba-aldiac (Tolosa, 1885). 256 orrialde. Agiri danez, egillea ilda 36 urtera argitaratua. Aurreko urtean gipuzkeraz atera zan liburu ber-berau: «Mayatzeco loreetaraco itzaldijac» (Tolosa, 1884).
Ogetamaika itzaldi dira, maiatz-illeko egun bakoitzerako antolatuak. Garai artan asia dugu noski euskal errian sustraiak ain sokonki botata oraiñarte euki ditun loretako eraspena. Markiña'n, Mertzedeko komentuan batez ere, urtean urtean ospatu oi zan aundikiro, eta Mogel'ek arakoxe borobildu zitun itzaldi auek. Gaiñerako lanak bezela, Markiña inguru-mariko euskeran idatzita dagoz, eta errez bezin atsegintsu irakurtzen dira.
Guenez, beste au ere ezin dezakegu aizturik utzi: Plauto bascongado o el bascuence de Plauto en su comedia Poenulo, acto 5.°, escena 1.°, y la impugnación del Manual de la lengua basca por Lécluse (1828). 125 orrialde. Liburu au alere, esan dugu, J.J. Mogel'ek argitaratu zuen arren, etzan berea, Prai Bartolome, Markiña'ko praille karmeldarrarena baizik, liburuak berak dakarren oarkizunak dioanez. Plauto'k bere Poenulus antzerkian, bostgarren ekiñaldiko len-agerraldian, sartu zuen atal asmagaitz bat euskeraren bidez argitu zitekeala uste zuten. Dakigunez, Lécluse, Frantziako Tolosa'ko Irakastetxean maixu zanaren esan-ustekizun batzuen kontra idatzia da.
Onez gaiñ, itzaldi-mordo galanta ere ba-zuen, eta itzaldiok, elederrez ezezik, izlariendako lagun bezela, guztiz billatuak izan ziran garai batean. Ontan, osabari jarraituki, su-emaille ere bagenuan, eta eder zitzaion itzaldiok gazteai uztea: eliz-irakastegietara lotsa gabe igotzen asko ta asko bultzatu zitun.
Mogel biok, au da, osaba ta illoba, alkar sutarazi zuten; eta, jakiña, biok izan zitzaizkigun maixu euskal idazlaritzan. Juan Jose'k, alere, eztu iñoiz ere izen aundirik iritxi; ez Orixe'ek, ez Mitxelena'k ez digute aipatzen. Ez ote zuen merezi? K. Etxegarai, Azkue, J. Garate, I. Omaetxebarria, L. Villasante, San Martin, K. Etxenagusia ta beste batzuk, ordea, debarrari txaloka dauzkagu. Errikoia da, joskera ona du; baita irudimena ere, Eskolia deritzan liburuaren orrietan bereziki.
(Ikus J. Vinson, Essai Bibl. Basque, 182, 204, 605; K. Etxegarai, «Euskera», 1926, I, 8 orr.; J. Garate, La época de Pablo Astarloa y Juan Antonio Moguel, Bilbao, 1936; I. Omaetxebarria, Euskera, Zarautz, 1959, 301 orr.; J. San Martin, «Euskera», 1960, 26 orr.; L. Villasante, HLV, 241 orr.; K. Etxenagusia, Lorategia, 127 orr.; Auñamendi, Literatura, I, 597 orr.; M. Zarate, Bizkai'ko Euskal idazleak, 85 orr.).