literaturaren zubitegia

1.071 idazle / 5.159 idazlan
7.840 esteka / 6.384 kritika / 1.828 aipamen / 5.571 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
«Euskal literatura II»
Santi Onaindia

Etor, 1973

 

3.— Pedro Jose Patrizio Astarloa eta Iturri

(1751-1821)

 

        Apolojista aundiaren anai. Durango'n jaioa, bere anaia lez. Santa Ana elizan bataiatua. Markinarra zuen ama, ta, berak dioskunez, Markiña'n azia. Origatik «Markinakua da —dio— nire euskera, aintxe azi nintzalako». Nun osatu zitun len-ikasketak, nundik nora ibilli zitzaigun aiek menderatu arte; oietatik gutxi baiño ez dakigu.

        Prantziskotar. Jantzia Bilbao'n artu zuen, itxura baten. Ordena barruan maisu izan zan, Filosopia ta Teolojia erakutsirik. Gizaseme argi ta asko ikasia. 1816'an prantziskotarren Kantauri probintziko Aita Nagusiaren onulari genduan; eta, gerotxoago, 1818'an, Aita Probintziala izendatu zuten Gazteiz'en euki zuten lekaide batzarrean. Eta iru urteak amaitu baiño len il zan Bilbao'n, 1821'eko epaillean.

        Etzan paketsu joan aren kargu aldia, azkenengo bi urteak batez ere. Gogora, 1820'garrenaren asieran, nola jeiki zan Riego, ta nola jarri zuten Kadiz'ko Konstituzioa. Ez ziran, ez, egun xamurrak. Fernando VII'garrenak, azke ta bere-berez, ontzat artu zuen legedi berria: praille guztiak gotzaien mende jarri bear izan zuten, baita Konstituzioa aintzakotzat artu ere. Ekaitz gogorra, iñolaz ere, Aita Astarloa'rentzat.

 

EUSKAL IDAZLE.— Liburu bat idatzi zuen, ale bitan: Urteco Domeca gustijetaraco verbaldi icasbidecuac, ceinzubetan azalduten dan Erromaco catecismua... (Bilbao, 1816, lenengoa; ta Bilbao, 1818, bigarrena). Bata Eusebio Larunbe'renean, 275 orrialde; ta bestea Pedro Apraiz'enean, 290 orrialde. Oetan dator ugari euskaldun arima-zaiak bere eliztarrai eman bear dien ikasbidea; baita euskaldun kristauak jakin eta egin bear duen guztia ere.

        Zerk beartu zuen onetara? Astarloa'k berak dio liburuari jarri zion aintzin-solasean. «Ikusirik —dio— zenbat on ekarri leizan euzkeraz ifiniriko Irakasbidiak, atsekabe andi bat emoten eustan Trentoko batzarren gurarija geure errijetan bete baga egotiak. Sarri, eta sarri emon eustan, neuk lan au egiteko goguak; baña jakitiak enintzala duin onetarako, neure ezjakite, neure sortasun eta neure astuntasuna gaitik, atzeratuten ninduban. Denpora luzian egon nintzan zer egin jakin baga; baña azkenez altsubago edo poderosuago izan zan, liburu euzkerazko onek ekarri al leikezan mesedien gurarija, neure duineztasunen ezaueria baño; eta alan azartu nintzan euzkerazko lan au artuten».

        Eta bere irakatsia arima-zaiñai zuzenduko zien; auek bada, Bizkaian zear sermogille ibillirik oartu zanez, etzuten nora jorik beren iganderoko itzaldiak egiterakoan. Eta orixegatik, «errazago izan leijen jaijegun guztijetan prediketia», osotu ditu berbaldi auek. Apaiz gazteentzat dira, batez ere. «Sartu barri askok —dio— eztakije ez nundik asi, ez ze liburu autu..., ez zelan euskerara itzuli. Baña liburu au euki ezkero, eztauke Arimazainak ikasbidia ez azaldu edo espliketako atxakijarik. Ementxe daukez berrogeta amairu Berbaldi euzkerazko, zeinzubetan daguan Erromako Irakasbide gustija».

        Ortaz, urteko igandeak ainbat itzaldi biribildu zitun, beurotan bananduaz Kristau Ikasbidearen zatiak, ots, Kredoa, Sakramenduak eta jaungoikoaren eta Eleizaren aginduak azalduaz. «Egoki banatuta dauka lana —diosku A. Aranguren'ek—, eta gai guztiak aztertzen ditu zeatz eta garbi».

        Ba-zuen beste asmo berezi bat ere: erria dotriñaz eskolatu. Garai artan meza nagusitan bakar-bakarrik egin oi zan itzaldia; eta, jakiña, asko geratzen ziran meza nausi ortara joan eziñik, gazte asko gaiñera bizi-bideko zerbait ikasten kanpora joanak ziran. Auek ere nun dotriña ikasi euki zezaten, egin zuen bere lana. Onela itzaurrean: «Neguko gabetan sutondoan gorubetan, edo beste zereginetan dagozanian, murmurazinoe, ipuin ezain, berba lotsagarri ta barriketa gangar orde, alkarri doktrinia itandu, eta dakijanak eztakijanari irakasten emongo balitz, guraso, ugazaba, seme ta krijadu gustiak ondo edo ondo jakingo leukee... Eztago atxakijarik doktrina ez jakiteko, gizonik sor eta astunenak ikasi leike, benetan nai baleu».

        Bi liburuak antza, naiz-ta urte berean argitaratu ez, erabat osotuak ditugu. Lenengoak 26 berbaldi dauzka, 11 Kredoaren azalpenerako ta 15 Sakramentuenerako. Bigarrenak, ordea, 27 ditu; 19 Jainkoaren legeko aginduak azalduaz eta 9 Eleizarenak adieraziaz. Lenengo liburuan, oiez gaiñ, beste bi zatitxo ere eman zizkigun: 1) Urteko domeketako Ebangeliuak euskeraz, eta 2) Domeketako Ebangeliuetatik Berbaldiak aterateko esakai edo testuak. Bi zatiak egoki-egoki datoztenak dira.

        Bi liburuok argitaratu ziranean, A. Astarloa «Lectore Jubiladu, Burgosko Probintzijako Aita ta Kantabrijako Definidore» genduan. Bigarren argitalpen bat ere ezagutu zuten, 1903'an Durango'ko F. Elosu'ren etxean egin zana baitik bat. Bi aletan au ere. Ta bigarrenari —ez dakigu nork— geigarri bezela oarpen batzuk ezarri zizkien, Aita Arcos'en Catecismo Católico ta beste ekandu-liburu aitagarri batzuk begi aurrean eukirik.

        Bigarren liburua, egillearen laguntzaille zintzo izan zan Frantzisko Longa eta Antxia'ri eskeiñita dago. Itz berotan aipatzen eta goresten ditu euskaldunak beiñola erromatarren kontra iritxi zituzten egitsari gogoangarriak, eta orduan, Napoleon Bonaparte'ren aurka, Longa'ren bitartez izan zituzten garaipenak. «Bost uste —dio— iraun eban Oktaviano Augusto'k gure erri onetan egin eban gerriak; eta bost urte iraun dau Napoleon'ek egin deuskunak; eta orduban areek Erromako Agintarijaren kontra sendo egon zirian legez, alaintxe berori ifini da murru irme bat legez Napoleonen aleginen kontra» (Itzaurrea, VIII). Longa au Zenarrutza auzoko seme, mallabitarra zan, eta prantsesen gudatean geure askatasunaren alde kementsu jokatua. «Aurrez aurre arpegi emon eutsen Franzesai —dio Astarloa'k—, ikasi zana legez Bilbo, Vitorija, Tolosa, Yanzi, Irun, Vera, Askain eta beste leku askotan, arerijuak España gustitik urten artian» (XIII). 1831'rantza il zan Longa, ta onek lagundu ziola dirudi bigarren liburua argitara ekarten.

 

NOLA IDATZI ZUEN.— Astarloa'k berez euskera «bikain ta aberatsa» du. Etorri aundikoa da. Irakurtzerakoan, bitxi ederrik asko aurkitzen da aren orrialdeetan. Ikasiz ere, garai artako beste idazle batzuk bezain goxo leuna ez izan arren, irakurria zuen Larramendi'ren iztegia, ta berri-zale agertzen zaigu noz edo nozkoren baten.

        Aren asmoa etzan, ala ere, euskera joriz mintzatzea, erriari erakustea baizik. Eta erriak jateko xeetua bear du, ondo egosiko baldin badu. Euskeraren jatortasunari so-egiñik, bada, etzigun beti ain garbi ta ederra erabilli. Aita Aranguren'ek: «Erderazko itz asko, eta askotan alperrak idatzi zitun; baño bere ustetan bearrekoak ziralako». Durangoar oni ere au gerta zitzaion: geure kontura idazten dugunean, esan nai duguna euskeraz pentsatuta idatzi oi dugu, jator ta egoki; baiña orrela ez dagigunean, zakarrago ta erarik ezago agertzen. Ederto zekian Bizkai'ko aditza, sintetikua batez ere.

 

        (Ikus F. Michel, Le Pays Basque, 519 orr.; J. Vinson, Essai Bibl. Basque, 183; Pedro Aranguren, «Egan», 1957, 309 orr.; H.V.B., BAP, 1958, 273 orr.; I. Omaetxebarria, Euskera, 292 orr.; L. Villasante, HLV, 226 orr.; K. Etxenagusia, Lorategia, 103 orr.; Auñamendi, Literatura, I, 284 orr.; M. Zarate, Bizkai'ko euskal idazleak, 64 orr.).

 

Bilaketa