1. Joan Batista Gamiz
(1696-1773)
Arabar euskal-erdal olerkaria. Sabando'n jaioa, 1696-4-8'an. 1716-4-21'an jesuita sartu zan Villagarcia (Valladolid)'en. Jesulagun anaia izan zan bizitza guztian. 1720'tik aurrera La Coruña'n sukaldari ta Valladolid'en diru zaiaren laguntzaille izan ostean, 1730'an Iruña'n aurkitzen dugu, bertoko ikastetxeko diru-zai bezela. 1767'an Karlos III'garrenak espaiñar lurraldeetatik jesulagunak bota zituenean, Italia'ra jo zuen beste askorekin, eta Casa-Lequio deritzan Bolonia'ko bazter-auzoan il zitzaigun 1773-4-28'n.
IDAZLE. Umetatik zekien euskeraz. Baiña nork bultzatu ote zuen idaztera? Ona J. Goikoetxea-Maiza'k dioskuna: «El pobrete Babazorro onek Iruña aldekoa du bere buru-lantzea, eskolatzea. Letraz naparra da arabar au. Iruña-ikastetxeko letragiroa erantsi nunbait edo; an bizi izan bait-zan A. Isla erdal-idazlearen eta Mendiburu euskal-idazlearen lagun. Norbaitek zirikatuta asi zan euskeraz idazten. Mendiburu-k akullatuta ote? Baño oiartzuar au gabe ere, euskaldun aunitz zituan Gamiz-ek bizi-lagun. Gaiñera, etxetik bezin errez artu zezakean kanpotik ere, Iruña-tik ain zuzen, diogun bultzadatxoa».
EUSKAL IDAZLE. Etzun askorik idatzi euskeraz, baiña idatzi zuena ez da arbuiatzekoa ere. Loiola'ko Aita jesuiten artxibuan dago liburu esku-idatzi bat, 180 orrialde dituna, pergaminazalezko, 22 x 16 luze-zabalekoa, erdal-euskal olerkiz ornidua; 147-150'rako orrialdeak euskerazko olerkiak dakaz. Bi olerki luze ta lau labur dira guztiz. Luze biak: 1) Euscaraz gaiztoetan, 22 ahapaldi, launa bertsokoak: 88 bertso guztira; eta, 2) Dabilcenchoac, 17 ahapaldi, zazpiña bertsokoak: 119 bertso guztira. Lau laburrak: 1) Onecochoa, zortzi bertso guztira; 2) Veste bat arendaco, bi bertso; 3) Veste bat ere bai arendaco, lauko txikia; 4) Veste tunucho (sic) berri bat, amazazpi bertso. Danetara, beraz, 238 bertso dira sabandotarraren olerki lana. Erderaz, berriz, paper meta du.
Bertso-saiook, ausaz, bere ixil-gozorako opilduak ditu. Ez dagerkigu oler-irakin bizikoa, gatz-pikorrik baduen arren. «Bere maiteak kantatzen ditu dio A. Goikoetxea'k euskal bertsoetan, irudipen utsezko maiteak, iñolaz ere. Erderazko bertsoak, ordea, emakume irudituetikoak ez baiña, ezur eta maminzkaekikoak dira, antza: «A cierta doncella fea»; «A una presumida... », etab.
BERTSO-KERA. Eta nola dabilkigu bertsogintzan? Goitik egaz dagi, ala lur-mintzetik urbil? Entzun A. Goikoetxea'ri ontan ere: «Bertsokera, oso bajutik dabil askotan. Olerkiak badirudi, ega-arin, aize garbitan egazkatu bear lukeala. Baiño ez; emen, kakalardo beltz, lurrazpiko kirats-erretenetan likistuta doa osin beltzetara. Aziera-eziera txaarreko esaldirik ere ba du, ortako iztegia uzteraiño. Euskerazkoak ditu garbienak, edo guztiz garbiak, egia esateko».
Sabandotar onek, baiña, akats eta guzti ere, berea merezi du, izkuntzalarientzat berariz estimagarri dugu aren poesi-saio ñimiñoa. Ona Dabilzentxoak dalakotik apur au:
Zure urrezko uleak nauko galdurik,
kateia orrekin nauko ondo loturik.
Ene maitea!
askatu ta emadazu
libertadea.
Edu ontakoak dituzu arabar koplari onen luma-muturretik jalgitako gaiñerakoak.
(Ikus Aita J. Azpiazu, Bigarren Euskaleguneko Itzaldiak Doneztebe-n, Bermeo-Gaubeka, 1926; S. Onaindia, MEOE, 249 orr.; Goikoetxea - Maiza, EGAN, 1969, 1-6, 3 orr.; Vida Vasca, 1969 21 orr.).