3. Agustin Basterretxea
(1700-1761)
Izpazter'en jaioa, 1700-11-22'an (23?). Esan bearrik ez, gurasoen sukalde goxoan aziera arretatsua izan zuenik. Len-eskolak bere errian eta Lekeitio'n eginda, umetatik barruan oar zuen deiari erantzunaz, Jesusen Lagundian sartu zan 1716-10-25'an. 1734'an euki zuen profesa nagusia. Aurrenik, maixu be zela, Literatura, Filosofi ta Teolojia irakatsi zitun, bidenabar mixiolari ere ibillirik, Bizkaiko erriak barna batez ere. Orduña'ko ta Lekeitio'ko Ikastetxeetan nagusi izan zitzaigun, eta azkenez, Lekeitio'n, nagusi zalarik, mundu au utzi zuen, 1761-11-18'an.
IDATZ-LANAK. Euskal mixiolariak metaka euki oi izan dituzte sermoe ta itzaldiak. Aita Agustin'ek ere izango zitun olakoak, baiña gaur ez ditugu ezagutzen. Bai, orrea, atera zitun iru lantxo auek: 1) Jesu-Christo gure Jaunaren Pasioa, euscarazco versoetan (Bilbao, 1777); 2) Guisonaren acabuco lau gausac (Bilbao, 1881), eta 3) Anima penitente baten negarrac.
A. Basterretxea'k iru lanok bizkaieraz idatzi zituen arren, lenengoa ta bigarrena A. Kardaberatz'ek gipuzkerara itzur zizkigun, eta izkelgi ortan ezagunagoak dira, ta orrela agiri zaizkigu aspaldiko eliz-liburuxka geienetan. Baita gero, A. Agustin'ek gipuzkeraz osotu zitulakoan, lenengoa ta bigarrena, noski, bizkaieraz jarri zituzten. Ain zuzen, 1832'n egiñiko irarpenak titulu au dakar: Yesucristo gueure yaunaren pasiño santua, Aita Basterrechea Izpazter-tarrac ta Yesuiteac Guiputz-euskerazco bersoetan imini evana. Orain urtetan dau Bizceicoetan garbiago, leunago, neurtuago eta bizcorsheago (Tolosa'n, Yoan Ignacio Mendizabalen etxean). 24 orrialde. Bigarrena ere, geroxeago, Jose A. Oar'ek jarri zuen bizkaieraz.
Bertsotan mamindutako iru liburuxka auetatik lenengoa, ots, Jesukristo Gure Jaunaren Nekaldikoa izan da argitaldirik geien ikusi dituna. Aita R. Galdos eibartarrak, 1928'an, onen ekoizpen berria egitean, ogei bat aurreratiko jartzen dizkigu lerroz lerro; baiña da-dira antza geiago ere. Uriarte jesulagunak diosku lenengoz Bilbao'n argitaratu zala, ta 1760'garren urtea baiño len. Azken-urteotan, A. Galdos'ek iker-lan ederrez ornitu ta bikainki argitara emana (Donosti, 1928), bizkaieraz ta gipuzkeraz daukazu.
Bertso-sorta auek, beti ere, atsegin izan zaizkio gure erriari. Pasiñoa deritzana oroz-gaiñ. Irurogei ahapaldi dira guztiz, zortziko nagusitan. Bederatzi puntukoen sunda dute. Ta maizenik, onela idatzita agertzen dira liburuetan:
Jesu-Kristori/ kendu ezkero
pekatuakin/ bizitza,
baldin ezpadet/ negar egiten
arrizkoa det/ biotza:
guztiok lagun,
kanta dezagun
bere penazko/ eriotza.
Gaurko egunean ere, Gipuzkoan, Bizkaian eta Naparroan, sarri aditu oi dira kantu erdiragarri onen izki-doiñuak, Aste Santuz atan ere. A. Basterretxea olerkari piña dugu, zabu ta ezmez gabe oiñarriturik, biotzil eztia barruraiño sartzen diguten ahapaldi sakonak jalgi zituna.
(Ikus J. Urkixo, RIEV, XXII, 211 ta 150 orr.; R. Galdos, S.J., Yosukisto gure Yaunaren Nekaustea euskerazko neurtitzez, Donosti, 1928; S. Onaindia, MEOE, 246 orr.; A. Irigoien, Euskal Kantak, Bilbao, 1959, 17 orr.; L. Mitxelena, HLV, 116 orr.; L. Villasante, HLV, 120 orr.; N. Kortazar, Cien autores Vascos, 95 orr.; M. Zarate, Bizkai'ko euskal idazleak, 37 orr.; Auñamendi, Literatura, I, 225 orr.; J. Vinson, Essai Bibl. Basque, 116).