literaturaren zubitegia

1.073 idazle / 5.164 idazlan
7.841 esteka / 6.390 kritika / 1.828 aipamen / 5.572 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
«Euskal literatura I»
Santi Onaindia

Etor, 1972

 

17.— Joanes Tartas

(...1624...)

 

        Zein urtetan ziur ez jakiñik ere, 1610'tik 1612'ra bitartean dator mundura zuberoeraz len-liburua idatzi zuena: Juan Tartas. Soheta, Maule'tik urbilleko erritxoan nekazari izan zan bere aita, dakigunez. 1624'an, Leskar'eko Barnabitarren ikastetxean egiten ditu bere estudiorik beiñenak; andik urteetara, Olorone'ko Andre Mari elizako zerbitzari zala, Arue'ko erretora izendatzen dute 1641'an, titulu onekin bait-dizkigu firmatzen bere eliz-lanak; 1662'tik, antza danez, Mitikile ta Ospitale ere berak zeramazkin. 1673'ko maiatzetik Arue'ko ta Atarratze'ko erretora dugu, baiña urrengo gabonilleko 15'tik, ogeta amasei urtetan, lenengo titulua bakarrik darama.

        Tartas'ek ba-zuen entzutea bere egunetakoen artean. Au dakusagu beintzat bere liburutik; argitara ateratzeko baimena eman zion Baiona'ko gotzai Joanes Oltze apezpikuak diño: «Merezi du lehen bai lehen imprima dadin», eta garai artan Camblong eta Susmoin'eko arimazai zan Joanes Baguarie jaunak, 7/7'ko bertsotan itz goralpentsu auek jarri zizkion liburuaren sarreran eta bukaeran:

 

                Euskal herriak Tartas

                lauda doktor handia.

                Euskaldun orok hartzaz

                dugu libru hautia;

                sainduki bizitzeko

                hark doktrina saindia,

                zelurat ioaiteko

                emaiten du bidia.

 

        Bere liburu omen da Tartas'en argazki. Ta arduraz irakurri ezkero, orixe dugu. Lan au, izan ere, jatorra da naiz tituluz naiz mami-azalketaz. Bigarren ateraldia zuberotarraren bizi argitasunez ta oarrez ornitu zigun Darricarrere'k onela: «Idazkera da gizona, idazle argi batek esan duenez, eta esakun au J. Tartas'i egotzi dezaiokegu: laister ikusten dugu ikusi ere esku artean dugun liburu onek, liburua bera asmatu ta idatzi zuen egillearen irudia damakigula, jator ta zeatz: egiazki esan dezakegu gizona, au da, idazlea, antxe daukagula mami ta ezur, bere izkera bizian; aditzailleak eskolatu ta sustatzeko aukeratzen ditun adibide ta gertakariak naiko argi azaltzen dute, bai, egillearen bizikera; baita munduko gizaseme danez, pentsatu ta maite duena ere».

 

BERE LANAK.— Liburu bi utzi zizkigun euskeraz.

        1) Onsa hilceco bidia (Orthez, Biarnon, 1666); Iakuez Rouyer, Erregeren inprimatzailia baitan. Monein'eko iaun markizari eskaiñia. Argitara emateko izan zuen eragozpenik. Azaldu-baimena irixteko edo... Dana dala, lendabizikoz Atarratze'ko erretora zan A. de Conget'ek eta Idauz ta Mendi'ko arimazai zan B. Jauregiberri'k eman zuten, 1657-12-10'an; gero Dax'ko bikario jenerala ta Utziate'ko nagusi zan D. Irunberri'k, 1659-12-6'an, eta azkenez, Baionako gotzai Joanes Oltze'k, 1665-7-1'an, jarri zuen bere siñadura.

        Tituluak dionez, liburuaren mamia auxe duzu: ongi iltzeko bidia. Egilleak, uda batez, zugaitz aundi baten itzalpean eguneko orenak esaten zegoelarik, loak artu ta amets bizi bat izan omen zuen. Goitik gizon eta emakume taldea zerura igotzen ikusi zitun; beetik, ordea, beste talde aundiago bat ifernura jeisten. «Iratzartu nintzan —dio— eta hartu luma eskura euskaldunen faboretan euskeraz porogatzeko, onsa hiltzeko bidia dela, herioaz eta hiltziaz ardura orhitzia, eta salbatzeko eztela bide hoberik mundian» (Irakurtzaliari, 4 orr.).

        Tartas'ena, beraz, ondo iltzeko asketika liburua dugu. Iltze onik ezta bizitza onik gabe: ondo il nai duenak, ondo bizi bear du. Auxe da kristauaren jokabidea; au baieztu ta indar-azteko Aristotele, Seneka, Agustin deuna, Jeronimo deuna ta olakoak dakazkigu gogora, esan zutenekin bere esanak sendoagotzeko. Ortarakoxe darabiltza jazoerarik asko ere, era guztikoak. Irakur: «Evagrius filosofa paganoa zen —dio—; eta Synesius apezpiku saindu batek, fede honiala konbertiturik, jesan zaukon eta enpruntatu hirur hogei libera urhe prauber emaiteko, (kondizionerekin, bertze mundian filosofa hark) eman zaukon promesa bat eta zedula bat bere eskuiaz siñaturik. Denbora laburretan filosofa hura jin izan zen hilera eta hil baino lehen eman zian kargu espres bere domestikoer, zedula hura eta promesa, haren bi eskuien artian estekaturik, haren gorpitza hoberat eta tonbalat etzan lezaten. Erran bezela egin...».

        184 orrialde zitun guztiz lenengo argitalpenak. Bigarrenak, ordea, Darricarrere'n oarrakin RIEV'ek (Paris, 1911) egin zuenak, 108. Azken orrialdean olerki bat dakar —bost ahapaldi, sei bertsoko—, orduan Parlamentuko adbokatu ta Barkoitz'eko Iugia zan P. Darhetz'ek Mosde Tartas erretorari eskeiñitakoa.

        2) Arima penitentaren occupatione devotaq: Orationia, Barura eta Amoyna (Orthez, 1672); Hirur Iriko jaunaren seme Montirande deitatzen dan jaun Anadeari eskeiñia, ta Jakue Rouyer Erregeren inprimatzaillia baitan argitaldua. 135 orrialde. Eliz-baimenak eman zituzten: Bonnecase, Maule'ko arimazaiak eta Aita Nezepor kaputxiñoak, 1668-8-23'an, eta Arnaud-Prantzisko Maitie, Olorone'ko gotzaiak, 1668-10-26'an.

        Liburuaren mamia. Iru kapitulu ditu. Lenengoan au dakar: «Orationia zer den, haren nezesitatia, nolako behar dian izan, zer bertute eta indar dian Jinkoa baitan»; bigarrenean: «Barura zer den eta haren indarrak zer diren»; irugarrenean: «Zer den amoina, nola eta noiz eman behar den, zer den haren indarra eta bertutia». Azkenez, iru olerki dakazki egilleari eskeiñiak, latiñez, pratsesez eta euskeraz; euskerazkoa Jean Baguarie jaunarena dugu.

 

* * *

 

        Darabillen euskera nungoa ote dugu izkelgiz? Zuberotarrez da geien bat, baiña badu beste inguruko izkelgietarik ere. Adi berari: «Ene euskera eztakit aprobatiatzen denez; bai ala ez, badu orotarik zerbait, Zuberoak, Baxanabarrek eta Lapurdik eman drauko zerbait, baina ez oro; Arue'n egin dut neure pieza pobria, hanko lengagia ezpada aski eder, hanko euskerak du ogena, eta ez euskaldunak» (5 orr.).

        Latiñetiko itz asko sartzen ditun arren, eta bere gisako agertu, Amikutze'ko euskeraz, ots, Zubero ta Baxebanarra tartekoz, poliki antolatzen da: akats artean ere, badu bitxi ederrik. P. Lafitte'k onela: «Xuberoko mintzaire berezia funtsez eta errotik nahi duenak ikertu, behar ditu bata nola (Tartas'en liburu biak noski) bertzea artazki iragan, eskuratzen ahal baditu segurik: ezen lili arradoak dira» (Loretegia, 48 orr.). Bi liburu auen zati batzuk J. Vinson'ek, prantsesera ere itzulita, Revue de Linguistique dalakoan (VII, 1874, 70 orr.; XVIII, 1885, 215 orr.; eta XXII, 1889, 299 orr.) argitara zitun.

 

        (J. Vinson, Essai Bibl. Basque, 33 ta 34; J. Jaurgain eta J. Urkixo, RIEV, 1907, 25 orr.; D'Aranatz, RIEV, 1927, 295 orr.; L. Villasante, HLV, 91 orr.; Auñamendi, Literatura, I, 199 orr.).

 

Bilaketa