15. Aita Bernardo Gazteluzar
(1619-1701)
Ziburun jaio zan, 1619-3-12'an. Gutxi ezik ez dugu aren bizi-zeaztasunik: 1640'an Jesus'en Lagundian sartu zala, ta bere egunetan predikari ta arima-zai ona izanik, Pabe'n il zala, 1701-4-15'an. Orrela Aita Somervogel'ek Bibliothéque de la Compagnie de Jésus deritzan liburuan. Bizitz-aldirik geiena, itxura danez, Pabe'n igaro zuen.
BERE LANA. Bizi-aztarna gaillenik utzi ez ba'zigun ere, kaizu ederreko gizasemea izan zan Aita jesuita lapurtar au. Ez diñot soiñez, ez bait dakigu, baiña bai gogoz, adimenez eta biotz-ondoz. Liburu eder bat borobildu zuen: Eguia catholicac salvamendu eternalaren eguiteco necessario direnac (Paue, 1686); Joanes Desparatz, Erregeren inprimatzaillea baitan. Baiona'ko gotzai Gaspar Priale'k, Jesuiten Aita nagusiak, Orzaize'ko A. Basili'k eta A. Jakue Oihenart'ek ematen dute baimena.
Bertsoz eginda dago liburu guztia, lenengo orrietan itz lauz ere zerbait ekarri arren. 479 ditu guztiz. Eta zortzi zatitan bananduta dago: a) Sarrera bezela, 1686'tik 1715'raiñoko egutegi ta jai aldakorren ondoan, kristauak bete bear dituan gauzak dakazki: meza, letani, eresi ta atsalde-otoitzak (14-18); b) koplak Jesukristoren jaiotza, nekaldi ta eriotzari dagozkienak (85-206); d) Aldareko Sakramentua (207-262); e) Andre Mariaganako eraspen eta jaiak (263-316); f) gizonaren lau azken edo azagak (317-410); g) errietako zaindari santuak (411-438); i) bakoitzaren lanbideari dagozkien otoitz eta eskariak (439-459), eta j) kristau ikasbidea ta askotariko erreguak (459-479).
Kopla auetatik jatorrak ditu geienak, eta itzuliak beste batzuk. Jatorren artean auek dituzu ederrenak edo: «Urrun adi Parnaseko», «Musa zahar profanoa», «Erraguzu, Maria», «Ihiz taria», «Leku sainduak»... eta itzulitakoen artean: «Ama zegoen tristea», «Dies irae», « Creatura damnatua», eta abar. Liburu oso bakana. Gaur Donostia'ko Diputaziñoko liburutegian daukagu ale bat.
IRITZIAK. Egun aietako eliz-gizonak ba-zuten erria eskolatzeko bide berezi bat: bertsotan zetozten erri xearen eskuetan ipiñi bear zituzten liburuak. Edu ontan jokatu zuten Argaiñaratz'ek, Harizmendi'k eta Ziburu'ko Etxeberri'k; eta Gazteluzar'ek badu, ain zuzen, zer ikusia, zein odolez zein elez, Joanes Etxeberri'rekin.
Gazteluzar gogoratuz au dio P. Lafitte'k: «Axular bezain miresgarria zaiku, non ezten gorago ere ezarri behar, hain baitu eskuara laño, bakun, bero, jori eta gurbil» (Loretegia, 51 orr.). Eta ondoren, Etxeberri'rekin berdinduz: «Gazteluzar, Joanes Etxeberri baiño erauntsi-ezago, andi-ezago da, baiña ordaiña artuz, aztun-ezago, txukunduago ere bada, garbi, argi, ugariago ta igi-neurri (ritmu) obea duena. Erabat, XVII'garren mendeko poetearik leunena dugu» (Le Basque et la littérature d'expression basque, 39 orr.).
Eta L. Mitxelena'k, F. Michel'i jarraituki: «Olerkari samurra degu, baiña bertso-neurkerak barraiatzatzen trebea ere; ontan, ba'liteke berak jakin gabe, Oihenart ibilli zan bidetik doakigu. Bere bertsoak, erriari erakustea elburu izanagatik, jakintsuak dira naiz egituraz naiz jantzi dion mitoloji-soiñekoz, Aita jesulagunak arroztasun auxe ezesteko bakarrik jantzi ba'zituen ere. Ola liburuaren len-bertsoetan:
Urrun hadi, Parnaseko
Musa zahar profanoa;
eta zu zato zeruko
Musa berri dibinoa
(HLV, 77 orr.)
Eder, gogoko zaizkigu, egia esan, A. Gazteluzar'en olermen lanak. Bigun ta zaintsu, errez ta ao-goxoz dagizki denak. Neurkera sotilla du, lau bertsokoetan geienik: 9/8 edo-ta 8/8. Neu rri osoa, ia beti, Oihenart'ek opa zuena. Irakur bederen Kreatura damnatua dalakoaren atalño au:
Hire pena zertan datza,
zerk darozkik zilatzen
arima eta gorputza?
Has adi ba agertzen:
erraguk, erraguk:
argitu nahi gaituk?
Gaur eguneango Lizardi, Etxaniz, S. Mitxelena ta antzekoen itxura du, arin ta barre-xamur izatean. Orixegatik edo, dakigunez, oso antzinatik 1763'tik 1846'ra 22 argitaraldi izan dituzten Kantiko Izpiritualak'etan beti agertazi dira Joanes Etxeberri'n eta A. Gazteluzar'en neurtitzak (Kantikak, Baiona, 1948, XVIII orr.).
* * *
Zer asmu ote zuen olerkari bikaiñ onek bere eraspen liburua bertsoz egiterakoan? Berberak diosku Abisu edo sarreran: «Denbora hautan dio hañitzik hañitz liburu eder argira eman tuzte: ezta bada hau bertzeak baño ederragoa; bañan nola, bertze gauzetan bezala, debozionean gustu diferentak baitire, iduritu zait hañitz deboten artean batzuek huntan gustu hartuko dutela, gustiz mariñel debotek, eta hek prinzipalki konsideraturik, deliberatu dut liburu hunen egitera... Ezen nola plazer hartzen baitute itxasoan latinez Elizako himnoen kantatzeaz, atsegin gehiago izanen dutela himno beren eskaraz errateaz, aire berean eskaraz eman tut: eta gaiñerako bertsuen airea komunzki gustiek badakite» (11-12 orr.).
Gazteluzar'ek, beraz, bere liburuko euskal kantak idatzi zitun, latiñezko eresien airera, batez ere itxasaldeko mariñel jendeak beren eguneroko arima-ekiñetan abestu zitzaten. Ezagutzen ditugu aurreragoko kantak, bertso ta guzti. Noiztik kantatzen ote ziran? Ez dakigu. Baiña, naiz-ta argibiderik ez, lendik ere oso zaharra zan kanta oiek oiuzkatzeko aztura, elizbarruan eta itxas-gaiñean berariz.
(Ikus J. Vinson, Essai Bibl. Basque, 39; P. Lafitte, Loretegia, 51 orr.; S. Onaindia, MEOE, 223 orr.; L. Mitxelena, HLV, 77 orr.; L. Villasante, 90 orr.; Auñamendi, Literatura, I, 194 orr.).