literaturaren zubitegia

1.071 idazle / 5.159 idazlan
7.840 esteka / 6.384 kritika / 1.828 aipamen / 5.571 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
«Euskal literatura I»
Santi Onaindia

Etor, 1972

 

11.— Esteban Garibai Zamalloa

(1533-1599)

 

        Jatorriz oiñatiarra izanik ere, Arrasate'n jaio zan 1533-III-9'an. Bere jaiotetxeak, 1873'an erre aurretik, idatzi au zeraman sarrerako ate-buruan irarrita: «Ementxe jaio zan Esteban Garibai ta Zamalloa, igandez, 1533'ko epaillaren 9'an, eta ementxe idatzi ta bukatu zuen, 32 urte zitularik, gurean lenengoz argitaratu zan «Historia General de España».

        Lenengo ikaskizunak iru maixugandik —Bidazabal, Albistur eta Arriola— artu zituen. Oiñati'ko Ikastetxe nagusira joan zan gero; andik Gazteiz'era eta Santo Domingo de la Calzada'ra, nainun eta noiznai ikasle bizkorra ta argia agerturik. Nortasun aundikoa zetorren, dudarik gabe; ta oraindik gazte zala ere, orduko Loiola'n aurkitzen zan Borja'ko Frantzisko'k berak idatzi zion eskutitz bat, 1555'an. Urrengo urtean, zezeillaren 1'an ezkondu zan Arrasate'ko alaba Katalina Asurdui gaztearekin: seme bat izan zuten, 1558-4-27'an jaioa.

        Mondragoiko alkate izan zan 1568'tik, baita Gipuzkoa'ko Batzarrekoa ta mugan bialgaien begirale ere. Baiña etzan agintzea bere berezko deia: istori-gauzai emana zebillen jo te ke. Ia bukatua zeukan bere Compendio Historial, eta berau argitaratzeko Gipuzkoa'ko Batzarrari eskatu zion laguntasuna; etzuen ala ere ezer iritxi. Orduan bere kontura argitaltzea erabaki zuen, eta 1569'an, Ernani'ko Batzarrari bere karguen garbitasuna emanik, Flandes'era joan zan bere Compendioa argitaratzen. 1570 ta 1571 Amberes'en egin zituen, Plantino ospetsuaren irarkolan liburuaren ateratzeaz arduraturik. Lana bukatu ta etxeratuaz, berriro asi zan bertatik, Bilbao'n, Madrid'en, Toledo'n, Sevilla'n... paper zaharrak arakatzen. Ontan emaztea il zitzaion, 1572-11-27'an, 16 urte alkarrekin bizi ondoren. Geroago, berriz ezkondu zan Toledo'ko alaba Luisa Montoya'rekin.

        Argitaratu zuen liburuak izen aundia ekarri zion Garibai'ri. Eta onen pozez edo, langille zail zebillen ango ta emengo artxibu ta paper txortak aztertu ta miatzen. Bere gauzetan zolia ta nekagaitza zalako, Felipe II'garrenak kargu aundiak eman zizkion: bere Ostatari egin zuen 1576'an, bere liburutegi-zain eta Kronikalari 1592'an. Ziur ez dakigu nun —Madrid'en ala Toledo'n?— eta noiz —1599'an ala 1606?— il zan; eta aren gorpua Mondragoira ekarriko zuten noski, emen bait zeukan bere illobia: kronikalariaren seme Esteban Garibai ta Montoya'k, bada, 1611-10-25'an egiñiko testamentuan, Arrasate'ko frantziskotarren komentuan daukaten sendi-illobian beatzea nai du.

        Komentu au, ain zuzen ere, berak ainbeste lagundurik jasotakoa dugu. Iru lekaretxe zitun begiko: frantziskotarrenak bi, Mondragoikoa ta Azkoitikoa, ta Toledo'ko jesuitena. Asko lagundu zien aueri, bai diruz bai bere bitartekotasunez. Ordena auetako nagusiekin ere ar-eman barrukoa izan zuen. Eta —nola ez?— Santa Teresa aundiarekin ere bai. Biok ziran, dakizunez, ibiltari aspergaitzak; baiña entzutez baiño etzuten alkar ezagutzen. Egun batez, orraitio, biak Toledo'n aurkitzen zirala, Garibai'k, ango karmeldar prailleen adiskide zanez, bertako nagusiari, Aita Yepes'eri txartel bat eskatu zion, eta txartel onekin joan Teresa Amagana ta alkarrekin mintzatu ziran. Eta Garibai'k bere Oroitzapenetan onela: «Oraingoan asko poztu nintzan berarekin, baita beste batean ere; Teresa bera ere bai poztu zan, ni ikusten joan nintzakiolako» (Memorias, 372 orr.) 1577'garren urtean izan zan alkar izketa au.

 

        BERE LANAK.— Izkuntza asko zekizkin, latin, griego ta abar, baiña Garibai'ren arlo berezia istori-gaiak ziran, eta ontan punterengo agertu izan zan beti. Bere lan ugarien artean, auek dira beiñenak:

        1) Compendio historial de las crónicas e Historia universal de todos los reinos de España (Amberes, 1571). Lau ale lodi argitaratu zituen, XL liburuan. Espaiña'ko erreiñu guztien lenengo kondaira dugu, aldiz urren osatua; ortarako, ordea, Espaiña ta Portugal'eko artxibu ta liburutegiak zeatz arakatu bear izan zituen. Eta arrigarria da, ziñez, arrasatetarrak egin zuen lana.

        2) Ilustraciones genealógicas de los Reyes Católicos de España (Madrid, 1596).

        3) Grandezas de España. Auxe noski Garibai'ren lanik garrantzitsuena, baiña zati batzuk izan ezik, oraindiño era argitara eman gabea. Amaika ale aundi dira 243 foliotan bananduta. Azken aleak bakarrik argia ikusi du; Academia de la Historia'k argitaratu zuen 1854'garren urtean Memorias de Garibay izenarekin.

        Iru liburu auetan datoz Euskalerriari buruzko ainbat gauza, berri ta kondaira. Bizkaiko, Gipuzkoako ta Arabako gauzarik asko Gaztela'ko erreiñuan sartzen ditu; Naparruan, ordea, erreiñu azke ta bere jabe bait zan, edesti berezia eskeiñi zion, urrengo gizaldietan Aita Jose Moret jesulagunak jarraitua. Memorias deritzan liburuan etxeko gauza asko sartu zituen, gure edesti-apur, esaera zahar, errefrau ta abar. Auetatik zer batzuk J.K. Gerra'k argitaratu zituen, lenengo RIEV aldizkarian, 1908-1912, eta gero izen onekin: Ilustraciones genealógicas de Garibay referentes a solares vascos (Donosti, 1933).

 

ESAERA EDO ERREFRAUAK.— Txorta bi dira. Bata Memoriai histórico español (VII alea) esan dugunean datorrena, ta bestea Francisque Michel'ek bere «Proverbes Basques recuillis par Arnauld Oihenart» (Rochella, 1847) argitara emaniko esakun zaharren artean, 255-266'rako orrialdeetan datoztenak. Txorta biok, Garibai'k berak dionez, beronek bialdu zizkion Juan Idiakez donostiarrari; Idiakez au, dakigunez, jatorriz arrasatetarra genduan, eta Espaiña'ko Errege Pelipe II'garrenaren ministru, Aita Bañez dominikuak «gure endaren omena» deitzen ziona.

        Bi xorta auetatik, alere, gureganaiño ezta bat ere iritxi, esku idatzi edo autografi bezela diot. «Liburutegi Nazionala» deritzanean aurkitzen da gaur ere G 139 itz-motz eta zenbakiak daramazkin kodes edo orri-xorta; baiña emengoa ezta Garibai'ren izkia, XVII'garren mendean egiñiko aldakia baizik, eta aldaki auxe dugu Academia de la Historia'k 1845'an argitara ziguna. Beste idatzia (Cc 79) lenago Laterri Liburutegian zegona ta Benito Maestre'k F. Michel'i emana da, onek «Proverbes Basques»-en geigarri bezela atera zuena. J. Urkixo'k berriz argitaldu zitun esaera oiek, azalduta, Los Refranes de Garibay (Donosti, 1919) deritzan liburuan.

        Garibai'k darabillen izkerari so egin ezkero, esaera auetan nabari da euskelkietako alde pixkat. Mondragoe aldean, Leintz ibar osoan bezela, bizkaiera darabille geienbat; eta izkelgi ontan daude Garibai'k bere lanetan eskeintzen dizkigun kanta zaharrak: «Oñetako lur au jabilt ikara», «Milia Lastur» eta abar. Baita Cc 79 esaera xorta ere. Beste bildumak, orraitio, au da, G 139 xortak, Memorias... Refranes en vascuence compuestos por Esteban de Garibay y Zamalloa (Madrid, 1854) deritzan pilloan dauzkagunak, bizkaieraz dauden arren, badute giputz-kutsua. Aldatzaillea gipuzkoarra zalako, bear bada?

        Esakun auek, dudarik gabe, batzuk Garibai'k berak asmatuak izango dira; beste batzuk erriaren agotik jasoak, eta beste irugarren batzuk, inguruko girotik iges egitea neketsu zaigun ezkero, prantses, bearnes ta espaiñarren erara antolatuak. Dana dala, geienak giza-gogotik berez sortuak dira; antziñatik alere, ta agoz-ago gureganaiño iritxiak.

 

KANTA ZAHARRAK.— Euskaltzale jatorra gendun Garibai (S. Muxika, RIEV, 23 ale, 620 orr.), eta eztuzu arritzekoa paper zar artetik naiz erriaren ezpanetatik edozein gauza arretaz jaso nai izatea.

        Bere idatzietatik dakusgunez, naizta erbeste gauzetan buru-belarri sartuta ibilli, gogoa beti zebilkion sorterri barna egalari. Pitean pitean jarri oi ziouen, ba, egoki jausi ezkero, or emen aurkitzen zitun esakun eta kanta antziñakoak. Kanta zaharrak, geien bat, orduko alderdi ta senideen arteko burrukai dagozkienak ditugu. Bera ere, gaiñera, ganboar alderdiko sendi leiñargitik zetorrena zan.

        Gai ezberdiñai buruz asko idatzi zitun arren —Luis Salazar, Gayangos, Fernández Bethencourt eta J.K. Gerra'k diotenez—, Garibai etzan oker gertatu bere iritzietan. Gerra'k, gaiñera, «zorrozki egitia» zala diño. Eta izan ere, naiz-ta uts gabea ez izan, orrela genduan.

        Euskerazko atsotitzai gagozkiela ere, berdin dugu, txit egizalea. Itzorkuetan iñoiz uts egin zuela? Ta arrigarri al dugu ori? Bere garaiko seme ez al zan? Euskera errotik zekian. Oihenart'ek zioan, beronen akats batzuk argitan jarriaz: «haec lingua ipsi vernacula esset...». Ortaz, erdal literaturan idazle orren gaillena ez ba'dugu ere, euskal arloan eta iztegigintzan bereziki saiatu nai diran guztiak, ez nairik ere, ark bildutako esakun eta kanta zaharretara jo bearko dute.

 

GARIBAI'REN ARIMA.— Bada mitu bat Garibai'ren arima dala-ta. Nundik ote datorkigu ipui au? Arrasate'ko edestigille argia ote du oiñarri, ala besteren bat? Ba-da kontaerarik.

        Batzuk diotenez, Garibai, bizi zalarik, kondaira-gai billa, beti urduri ibilli zitzaigun lez, ilda ere aren arima pake gabe arat-onat dabil. Beste batzuk uste dute aren arima etzala ez zerura ez inpernura joan, eta alderrai dabillela oraindik ere. Irugarren batzuk au esaten dute: Garibai il zanean, onek Arrasate'n eukan etxea itxirik egon ei zan urteetan; geroago, famili bat bertan bizi izateko asmoz ibilli omen zan, baiña atzera eragin omen zioten etxe artan gauez iskanbil aundia somatzen zalako; an azkenengoz bizi izan zanaren arima ez omen zegoen zeruan ez inpernuan, eta barruti artan omen zebillen iper-loka.

        «Garibai'ren arima lez dago» esan oi da erderaz. Zergatik? Kezkaz, toki egoki gabe, kilimolo edo-ta txit nai auleko dagoanagatik. Noiztikoa dugu? XVI'garren mendeko liburuetan aurkitzen da. Quevedo'k bere Visita de los chistes liburuan onela dakar: «Garibai'ren arima naiz ni, nork maite izan billa nabil eta guztiak iges dagite niregandik; eta zuok biziok daukazute onen errua, Garibai'ren arima ez Jainkoak ez deabruak etzutela nai izan zabaldu duzutelako: gezurra ta erejia duzute ori. Erejia da Jainkoak etzula nai esatea: Jainkoak arima guztiak maite ditu, ta denakaitik il zan; arimak eurak dira Jainkoa maite ez dutenak; beraz, Garibai'ren arima ere Jainkoak maite izan zuen, besteak bezela. Gezurra duzute, berriz, deabruak etzula nai izan esatea. Ba ote da arimarik deabruak nai ez duenik? Ez, orixe! Ark, bada, ez ditu iguingarri gozogilleen, jantzi-saltzailleen, jostunen eta kapelagiñen arimak: nerea ere ez du izango. Ni munduan bizi nintzalarik, emakume buru-soil eta ñimiño, lodi ta motz, zurbizki ta saskil batek izan nindun maite. Au ez baldin bada deabruak maite izatea, nik ez dakit deabrua zer dan; onen arabera dakust, ba, ordekoz maite izan ninduela ta emakume onek ordekoaren mandatuz deabrutu ninduela, eta orain neke-miñetan nabil etxe-barru ta illobi auetan zear».

 

        (Espasa, 25, 863 orr.; J. Urkixo, El Refranero vasco, Donosti, 1919; F. Arocena, Garibay, Zarautz, 1960; L. Mitxelena, HLV, 52 orr.; L. Villasante, HLV, 61 orr.; Auñamendi, Literatura, I, 96 orr.).

 

Bilaketa