literaturaren zubitegia

1.073 idazle / 5.164 idazlan
7.841 esteka / 6.390 kritika / 1.828 aipamen / 5.572 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
«Euskal literatura IV»
Santi Onaindia

Etor, 1975

 

4.— Andres Amonarriz

(1880-1957)

 

        Tolosarra. Izengoiti auek erabili zituen euskal literaturan, antzerki-lanak firmatzeko batez ere: A. Larraitz eta Amonarriz'tar Ander. Bazuen onek beste anai bat ere euskeraz idazten zuena: Karlos, Bilbao'ko «Ibaizabal»-era adibidez lantxoak, Tolosa'tik, bialtzen zituena.

        Koplak onduten saiatu (Gure Herria, 1922) zan arren iñoizka, teatru-sailla izan zuen gogokoenik. Eta etzan edozelakoa: 1934'an, esate baterako, «Antzerti» antzerki batzaldian beronek irabazi zigun bigarren saria: Karraskedo Olarra'k lenengo saria bere Etxe-Aldaketa antzerkiagatik, eta Amonarriz' tar Ander'ek bigarrena bere Iturrian lanagatik (A.M. Labaien, Yakintza, 1934, 412 orr.). 1921'an, Donosti'ko Teatru-batzaldian beronen atal biko Biotz ona saritua izan zan.

 

        TEATRUGILLE.— Teatrua beti izan zaio atsegin gure erriari. Beraz, gaur ere, dagigun baiño areago, indartu, ugaritu ta zabalazi bear genuke. Erri xeak askotan ez du astirik, ez betarik, irakurteari ekiteko, baiña batak bestea piztazita, zinera ta teatrura pozik urreratu oi zaigu. Amonarriz'ek ba zekien au, ta antzerkiak, euskaldunari eder zitzaizkion antzerki-lanak osatzen alegindu zan. Ona oietarik batzuk:

        1) Mendibetarren larriyak (Donostia, 1919). Martin Mena y Comp.'ren etxean. 15 orrialde. «Izarra» antzerki saillean, 4'garren zenbakia duzu. Atal bateko komeria, Mendibe erriak jai egunetan ditun larri ta pozak poliki azaldurik.

        2) Morroi jatorra (Donostia, 1920). Atal bateko antzerkia. «Izarra» bilduman dator au ere, 9'garren zenbakia.

        3) Egin zak on (Donostia, 1921).

        4) Naitasunez erein! (Donostia, 1930). Gregorio Muxika'k erderaz egiña, A. Amonarriz'ek euskeraz jarrita. Komeri labur polita.

        5) Patxiko ta Martintxo (Tolosa, 1932). L. Mendizabal'en «Antzerti»-n, 7'ren zenbakia. Ume-alkar-izketa.

        6) Ustegabeko poza (Tolosa, 1933). «Antzerti»-n, 16'en zenbakia. 24 orrialde.

        7) Biotz oneko neskatilla (Tolosa, 1935). «Antzerti»-n (1935, 15 orr.) dator au ere. Polita. Umeentzako.

        8) Iturrian (Tolosa, 1934). 20 orrialde. «Antzerti», 26'garren zenbakia. Emakumezkoentzako bakarrik egindako antzerkia bi ekitalditan. «Gaiez, nimiñoa. Nola nai ere jende zearen aokoa izango da noski. Bigarren ekitaldia moteltxeagoa, lenengo baño. Euskera erreza. Maxiatzalleak "xartako" ederrik daramate».

        9) Jesukristo gure Jaunaren Neke eta Eriotza. 1934'garrenean, Tolosa'ko II'garren Antzerki Sariketan 150 lauerlekoko saria irabazi zuena. «Antzerti»-k onela: «Lan aundia egin du egilleak. Aundia ta txalogarria benetan. Poliki erantsi dio errikutsua. Ta ez da gutxi. Nolanai ere ta gaiari dagokionez lan osotuagoa nai genduke gure Euskal-antzertiari eskeintzeko» (1934, azalean).

        Bederatzi antzerki polit, alegia. Ta antzerkile azkar oni buruz, atsegin zait adieraztea, bai noski, euskal teatru kezkak joa ibilli zitzaigula. Eta bere lan oien bitartez, gure euskal jendea ez alaitu bakarrik, ezi, erakutsi ta onbideratu ere egin nai zuen.

        Aldi bateko «Gipuzkoarra» asterokoaren irasle ere izan zan, Lopez-Mendizabal'dar Ixaak eta Aita Azkoitia prantziskotarrarekin batera. Ba-zuen, beraz, euskal larritasunaren antsi ta ezinegona.

 

        (Ikus Gabin Garriga, Bol. Ame1. E.V. 1961, 89 ta 135 orr.; Auñamendi, Literatura, III, 358 orr.; Jon Bilbao, Eusko Bibliographia, I, 155 orr. ; Garmendia'tar Jon, Aranzazu, 1975, maiatza, 14 orr. ; A.M. Labaien, Teatro eúskaro, II, 158 orr.).

 

Bilaketa