21. Joseba Altuna Aldasoro
(1888-1971)
Ez gara iñoiz aspertuko euskal soroan lan egin duten, edo-ta lan dagiten, gizaseme jator bioztunak goratu ta txalotzen; gure goratzarrerik beroenak merezi dituzte, dudarik gabe. Auetakoa dugu Altuna euskal idazlari azkarra. Euskaldun berria noski, baiña ekiñaren ekiñez ederto menderatu zuen gure izkera, ta bere itzulpen eta osterantzeko lan ugarietatik dakusgunez, euskerari guna ateratzeraiño iritxi zan.
Bilbao'n munduratu zan 1888-12-7'an. Baita bizi ere. Eta il, 1971-7-27'an. Bizkai Aldundiko euskera irakasle izan zan urte pilloan, eta ortik zetorkionarekin ba-zuen poliki bizi izateko aiña. Gure euskal idazle guztiak ez dute, tamalez, aukera ori.
EUSKAL LANA. Ez dakigu noiz asi zan euskeraz idazten; ogei ta bost bat urte zituaneko bai beintzat. «Euzkadi» aldizkarian (1913, orrilla-bagilla, 232 orr.) daukazu, lenengo lana agiri danez, Txomin Agirre'ren Garoa eleberriari jarri zizkion oarkizunak. Gero etorri ziran ondorengo liburu ta artikuluak. «Altuna'tar Joseba», «Azparren» eta «Amilgain» erabilli zizkigun izenpetzeko.
Garaiko giroari erantzunez, euskeraren alde jokatu zuen bipilki, bere izaera ere ortan ekiñ eta ekiñ ederto aberasturik. Bakoitzak bete bear du alik eta zeatzen dagokion egin-bearra, euskal arloan diot; eta Altuna ortan saiatua dugu, gizonki saiatua atan ere; euskera ikasi, argitu, erakutsi, auxe izan zan bilbotar errime onen zeregiña.
Ona bere lanik irtenenak:
1) Afijos de euzkera (Bilbao, 1915). 77 orrialde. Bilbaina de Artes Gráficas'en. Baita argitaratu zituen «Euzkadi» aldizkarian ere, 1915, XII, 193, 381 ta 446 orrialdeetan. Lan ederra garai artarako batez ere.
2) Esopo'ren Ipuñak (Euzko-Deya, 1921-22). Pilloa argitaratu zigun, poliki euskeraz jarrita. Orrez gaiñ, gure erriarentzat bereziki, ondoren onuragarriak atera zizkigun euretatik. Bilbao'n irtetzen zuen abertzale aldizkingi Euzko-Deya'n beste lan asko ere arrotu zizkigun, eten barik idatziz.
3) Oskar Wilde'ren Ipuñak (Bilbao, 1927). Verdes-Atxirika'ren irarkolan. 113 orrialde. Jauregibeitia'tar Ander'en idantzezkiak. Sei ipui dira guztira. Euskeratzailleak au diño sarreran: «Wilde'tar Oskar idazle ospetsubaren ipuin batzukaz txorta bat egin eta ona natorkixu, zeuri eskintzen. Ipuñok mamintsubak dira, irakasle andikuak. Eurak irakurten ordu asko igazi edo pasau yataz atsegiñez. Zeuri be atsegin ixango ete yatzuz? Dana dala, gure Ama Euzkereari opari txiki au egin gura ixan dautsot, orren biarra, biar andija gero!, daukolako».
4) Afanasiev'en Ipuñak (Bilbao, 1930-1932). Ez dira banazean argitaldu; baiña ortxe dator mordo ederra, Euzkerea aldizkarian iru urtean jarraika aterata.
5) Grimm anayak. Ipuñak (Bilbao, 1929). Verdes-Atxirika'ren irarkolan. 160 orrialde. A. Arriandiaga'k aueri buruz onela: «Polito dagoz, euzkera garbijaz ta errazaz, eta euskeldun barrijaren ixena goitik jarri ta eredu on antzargarrija gustijuen begijetan aurkeztuteko. Nire poz-azurra, bijotz-bijotzetikua, ta aurrera jo, aizkide on maite, adoretsu ta kementsu» (Euzkerea, 1929, 66 orrialdean).
6) Itxaro-ixarra (Bilbao, 1931). M. Sota'k erderaz egiña, Altuna'k euskeraz. Atal bateko antzerkia duzu. «Euzkerea»-n dator, 1931, I, 722 orrialdean.
7) Oztin (Bilbao, 1932). Au M. Sota'rena duzu Altunak euskeraz jarrita. Ikus Euzkerea, 1932, II, 4 orialdean.
8) Negarrez igaro zan atsua (Bilbao, 1933), M. Sota'ren antzerkia au ere, Altuna'k itzulia.
9) Buruzagijak (Bilbao, 1936). M. Sota'ren atal bateko antzerkia, Altuna'k euskeraz. Berdin «Urretxindorra» ere (Bilbao, 1934).
J. Iturralde ta Suit'en elezar eta irakurgai batzuk ere «Euzkerea»'n agertazi zizkigun, euskeraz. Beste lan batzuk oraindik Hermes'en eta Patria Vasca'n azaldu zituen. Arrañak, egaztiak, giza-soiña ta olako gaiak oso atsegin zitzaizkion.
Nola idazten ote? Irakur puska au, ta bertatik oartuko zara nolako erreztasunez eta gozotasunez apaintzen zizkigun zegizkin itzulpenak. Esopo'rena duzu au, Otsoa ta Amianoa deritzaiona.
«Jaten eguan otsuari azur bat estarrijan geratu yakon. Estu ta larri buruba ikusita, arren eskatu eutson amianuari (zigueñari) azurra aterateko, orretarako alagalako mokua (pikua) eukan-eta. Gero, bezuzea (erregalua) be emongo eutson. Amianuak otsuari azurra atera ta abinduta eukana eskatu eutson. Baña otso malmutzak erantzun eutson: Zeu zara ixatekua! Zure buruba agin artian eukita, erraz ilgo zindukedan gura ixan ba'neu. Orraitiño, baña, eztautzut gatxik egin. Eta ondiño gugua daukozu besterik eskatzeko? Ut artik, zentzunbako!
»"Gogo dongiai onik egitia alperrikakua da. Dongiak diranak eztabe, egiten yaken onurarik aintzat artzen"» (Euzko-Deya, 1921, IV zenbakia, 53 orr.).
(Ikus A. Anabitarte, Euzkerea, 1922, 83 orr.; A. Irigarai, RIEV, 1928, 166 orr.; M. Arriandiaga, Euzkerea, 1929, I, 66 orr.; G. Garriga, Bol. Amer. E.V., 1966, 66 zenbakia, 141 orr.; Auñamendi, Literatura, III, 507 orr.; J. Bilbao, Eusko Bibliografia, I, 126 orr.).