literaturaren zubitegia

1.071 idazle / 5.159 idazlan
7.840 esteka / 6.384 kritika / 1.828 aipamen / 5.571 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
«Euskal literatura IV»
Santi Onaindia

Etor, 1975

 

15.— Alejandro Bilbao Larrazabal

(1884-1965)

 

        Bizkai'ko erri pertxenta Maruri'n munduratu zan Bilbao 1884-3-25'an. Gaztela'ko kaputxinoetan osatu zituen bere eliz-ikaskizunak; baña, gero, 1907'an, Bizkai'ko kaputxinoen probintzia Naparroa'koekin alkartu zanean, Aita Maruri ere —onan zeritzaion ordenan— probintzi berri ontara etorri zan, 1909'an Iruña'n apaiz sagaratuz.

        Ondoren ogetakaz urteetan, Ondarribi'ko komentuan bizi izan zan bertako arima-arloetan arazotua. Prantzia'n ere egon zitzaigun iñoiz, mixiolari bezela ara aldaturik. Geroago, Iruña'n eta Muskaria'n bizi izanik, zenbait urteen buruan, kaputxinoetatik irten zan. Orduan, erderaz, liburuxka bat idatzi zuen, zenbait nagusiren jokabidea laidotu ta itxusiturik. Bere egokera etzan samurra ere: garai artako legeen arauz, jaunartzera adibidez ezin zitekean urreratu; inguruetako apaizak, ala ere, bizimodu zintzoa zeramala-ta, kristau soillak izan oi dituzten eskubide osoak lortu zizkioten Eleiz-agintariengandik.

        Armintza'n egon zan luzaroan, beretarren etxean. Bertoko arrantzaleen alkarteko banakari zan, diru-kontuak ere berak eramanik. Ementxe ezagutu nuen nik, Lemonitz'en sermolari nenbillen jai-eguerdi batean: Jose Antonio Oar-Arteta ta biok ikustera joan gintzakion. Geroztik, sarri etorri izan zitzaigun onera bere gauzak, euskal giroari buruzkoak bereziki, azaltzera, ta, bere barru kezkatia arindu nairik. Bere azken liburu berria, ots, «Txindor egadak» elkarrekin osatua da.

        Armintza'n bertan itzaii zan 1956-7-22'an.

 

        EUSKAL LANA.— Ondarribi'n zegoelarik, elizetan itz-egin ezeze, idazteari ere ekin zion, euskeraz. Gure izkuntza kinka gordiñean bait zekusan, bere aletxoa jarri nai zuen, betiko ondatu ez zedin. Eta, naiz-ta belu xamar, olerkitxoak ontzen asi zan, gure erria gauza laburren zale dala jakiñik batez ere. Baiona'ko «Gure Herria»-n (1924, IV, 556 orr.) dator beronen lendabiziko saria atera zuen Elur maluta deritzan olerkia, sei aapaldi txikikoa. Urrengo urtean ere (G. Herria, 1925, V. 42 orr.) omen aundiz aipatuak izan ziran bere «Aur Jesusen zapatatxua» ta «Ostiral Deuna». Garai berean, Donosti'ko «Euskal Esnalea»-n eta «Aranzazu»-n idazten du. Bilbao'ren ia olerki danak 1924'tik 1930'ra bitartean egiñak dituzu, 40 urtetik gora zituela onduak noski. Azken urteetan, Armintza'n aurkitzen zala, 1960'an esaterako, osotu zizkigun beste batzuk. «Olerki»-n datozenak, adibidez.

        Olerki liburuok argitara zizkigun:

        1) Biotza Abeslari (Zornotza, 1927). «Jaungoiko-Zale»-ren irarkolan. 144 orrialdeko bi liburuxka, bata bizkaieraz eta bestea gipuzkera.

        2) Lili-txingar (Tolosa, 1928). Lopez'tar E'nean. Bizkaieraz eta gipuzkeraz au ere, bi liburuxka; 142 orrialde.

        3) Txonin arlote (Tolosa, 1929). Lopez-Mendizabal'en irarkolan. Azalak koloretan, Txiki'ren marrazkiekin. Itz lauz. Bi liburuzka auek ere, bizkaieraz eta gipuzkeraz. 29 orrialde zenbakitu gabe. Umetxoentzako irakur-liburua. Euskaldunen asele zar bat du oiñarri.

        4) Txindor egadak (Donosti, 1964). Graficas Izarra irarkolan. 143 orrialde. Nik zirika egiña. Onela dio sarreran: «Begi-begiko irakurle orri, ainbeste garren urtean emen natorkizu agur gozo bat egiten. "Biotza Abeslari" ta "Lili Txingar"-eri ere arrera ona egin ziozun; euren errasturik ere, aspaldiko urte oetan ezin da arkitu. Erre gaberik, arrera onez saldu ziraden ta orain dator lubi onetara Txindor egadak, urteak joan, urteak etorri, luzaroan begira egonda. Txindor egadak, "Biotza Abeslari" ta "Lili-Txingar"-en anaya da. Eta euren egille edo eurekaitik orra zer diñoen bere idazti berdin gabean, "Milla Euskal Olerki" ederrean, euskal olerki ta euskerari dagokion arazoetan punterengo dan Onaindia Aba karmeldarrak "Olerkari bikaiña, bulkoz jagi ta biotzondoz ezti. Igon-miñez dager beti, uso zuri antzera, zeru-azpiz ega luzean biraka. Usain gozoz lurrundu ditu bertsoak, joran, kili-kili ta txingar bizi diranak"».

        Iru sail dagizki olerki-liburu onek: 1) Jainkotiak, amar olerkitxo; 2) Loretxoak, amar auek ere, eta 3) Naskaldia, ogeta bederatzi lan guztira. Gure erria ta erritarrak jasoaz egiñak dira, azkenengo zatiak batez ere.

        «Txindor egadak» idazti au osatzean erakusten digu iñun baiño argiago bere biotz kezkati ta goi-zalea. Ordenatik irten zuenean, «Memorias o ¿Una esclavitud ignorada?» (Errenderi, 1932, J. Makatzaga'n irarkolan) argitaratu zigun. Ezta arritzekoa: egiazko euskaldun batek lekaidetxe batzuetan asko eraman bearra izan oi zuen eta. Garai artan menpekotasun gogorra eskatzen zan, eta nork daki ateratzeko zioak, errazoiak egiazkoak ez ote ziran? «Bere kontzientziak beintzat, diosku Aita Julen Yurre'k, ez zuan yakin bere egoera larria beste era batera antolatzea. Eta atera zan».

        Gizaseme jatorra zan izatez, eta beretzat onena zala uste zuena utzi ta bere jaioterri ondora, au da, Armintza'ra baztertu zanean, iñundik ere zer-esanik urratu gabe, danai ikaspide on ona ematera jarri zan. Armintza'ko arrantzaleei lagundurik, bere lanez irabazten zuenarekin bizi izan zan kristauki. Au erakusten digu argi ta garbi polito arildu zitun olermenaren arnarietan.

        Il aurreko urtean, 1965'an, bigarrenez argitara zizkigun «Biotza Abeslari» ta «Lili-txingar». «Mauri'tar Erramun» erabilli oi zigun geienez lanak izenpetzean. Sariak ere etzitun gutxi jaso; bat aipagarria 1926'an Naparroa'ko Adiskideak eratutako Elertizko leiaketan.

 

        (Ikus S. Onaindia, MEOE, 650 orr.; Olerti, 1966, 161 orr.; J. San Martin, Escritores euskéricos, 57 orr.; H. Gavel, Gure Herria, 1929, 419 orr.; Auñamendi, Literatura, III, 464 orr. ta Diccionario, Bi-Caballe, 342 orr.; Jon Bilbao, Eusko-Bibliografia, II, 57 orr.).

 

Bilaketa