7. Jose Antonio Irazusta Muñoa
(1882-1952)
Idazle legez, «Jon Andoni» erabilli ziguna. Bego aurrena, gizon jator oneri buruz, Ibinagabeitia'tar Andima'k osotu zuen gizantza. Emengo gerra zala-ta, 1936'an, bere lurra utzi bearrean aurkitu ta Peru'n, ludiaren zokoenean galdutako oian itsu batean il zala, esan ondoren onela darrai: «Naiago izan zuen erbesteratu, bere anai errukarriak odol-uxtutzen ikusi baño. Abertzale zintzo, euskalzale gartsu, ezinezkoa baita bat ori beste au gabe, Alderdi'ko aldun Gipuzkoa'tik autatua izan zan 1936'garreneko urtean. Baiñan aren aldun-aroa etzan luzarokoa izan... Ludia-zear itzul-iraulka ibilli ondoren bere bizia Yainkoaren zerbitzuraño eskeñi zuen. Mundu maltzurraz gogaiturik Pasionista-mixiolari egin zan, sinisgabeak sinisberatzeko, eta igaro iraillean meza berria eman zuen irurogeita sei urtean. Ez genuen uste garai artan, apaizgo ain laburrik izango zuanik. Lur yota entzun dugu aren il-berria, euskal-idazle azkar bat galdu dugulako baitik bat» (Euzko-Gogoa, 1952, Epaila-yorraila, 3-4, 55 orr.).
BIZITZ-ORRIAK. Tolosa'n jaio zan 1882-6-9'an. Aur-eskolak bere errian egiñik, Deusto'n eta Madrid'en osotu zuen legegizon-karrera. Kultura aundiaz jabetu zan gaztetan, eta ia bizitza osoan, 1936'garren gerrateraiñokoan beintzat, Tolosa'n egin zuen latari edo abogautza. Euskeraz ongi zekian, eta euskaltzale ta abertzale bezela sarri ibilli izan zitzaigun erriz erri euskal gogo ta arnasari su ematen. Gudu aurretxoan, Gipuzkoa'tik Madrid'eko kortietarako aldun aukeratua izan zan.
Guda-aldian bere erria utzi ta erbestera jo bearra izan zuen; lenengo Prantzia'ra ta gero Ameriketara; an Panama'n, Kolonbia'n, Puerto Rico'n eta Peru'n bizi izan zan. Ez gero larrosa gaiñez larrosa gaiñ, bizi garratza eramanaz baizik. «Bizia garratza» dala diosku berak. Erri-minez ta Jainko-niñez, urduri ta kezkatsu bizia dugu, ta ezta miresgarri.
Azkenez, sortzea eman zion errira itzul-eziñik, Jainko-miñari osoan ateak iriki ta apaiz izateko asmoa artu zigun. Bere joan-etorri maiz berrituetan beltz asko ikusi zituen nunbait, lurralde eder aietan, siñisterik gabe, ta beltz aien alde zerbait, al zuentxoa, egin nai zuen. Ortarako, mixioiari izateko, Lima'n, Aita Santuaren Ordezkoaren elizan apaizgoa artu zuen 1951-9-2'an, il orren bederatzian meza berria esanik Aita Pasiotarrak uritik kanpo daukaten San Isidro elizan. Izen aundikoa zan Irazusta eskualde aietan ere, ta Peru'ko Erkaleko Buruzagia bera, Manuel A. Idria jenerala ta onen emazte Karmen Berckmeyer izan zituen aita-amabitxi.
Ondoren, sei illabetean doi-doi, Tarapoto'n, San Martin probintziko uriburuan, munduaren zoko urruti artan egin zuen mixiolaritza, beltz aien arima zaintza. Baiña tolosar zintzoa, bere arlo berrian iñoizkorik gartsuen zebilkigula, Jaunak berera eraman zigun. Lima'n il zan 1952-3-9'an.
ELEBERRI IDAZLE. Aitor dugunez, Irazusta izlari trebea genduan. Eta itzaldiak etzitun mintzatu Tolosa'ko batzokian bakar-bakarrik, erri artatik landa ere ibilli zitzaigun abertzaletasunaren azia ereiten: begiko bait zuen. Idatzi ere egin zigun, ez Ameriketan soilki, Euskalerrian bizi zalarik ere agertu ziran aren lanak orduko aldizkari ta egunkarietan. Irazusta'ren euskal lana ondoraiño aztertzeko, bada, paper oiek zeazkiro miatu bear dira. Euskeraz ta erderaz idatzi zuen. Ona aren lanik garaienenak bederen:
1) Euzko-Aldunen Alkartea (Bilbao, 1935). Itzaldia, langilleak nolako eskubideak obarietan dituzten azaltzen duena. Kortietan aurkeztua.
2) Ley de arrendamientos rústicos (Bilbao, 1935). Gora aundiko itzaldia. 21 orrialde.
3) Joanixio (Buenos Aires, 1946). «Ekin»-ek argitaratua. 281 orrialde. Eleberri, nobela. Gure «oitura ta giza-irudiak esku trebez taiutuak ematen dizkigu dio A. Ibinagabeitia'k. Nun-nai irakurleak edespen atsegiñik arkitzen dizu. Ez ditu gure erritarren izaerak, zenbait erdel nobelarik egin duten gisan, parregarritzen... Aren giza-irudiak benetako giroz oretuak daude, iñola ere ez aizunkeriz. Ezur-aragizko dira, gure artean ikusi oi ditugun gizon emakumeak bezelakoak. Aien ardurak, aien goganbearrak, aien yardunak egunerokoak dira. Zeñen txukun eta egoki adiraziak». Amezketa'tik Ameriketako panpetara joan eta an lan eta lan zartzarorako txanpon batzuk pillatzen, ia berrogei urtetan, saiatzen dan euskaldun baten goraberak, antsiak dira nobelaren ardatza borobiltzen dutenak.
4) Cartas boricuas (1948). «Revista de América»-n dator, XIV, 109-131 orr. Puerto Rico'ko ugarte bat duzu Boriquén.
5) Bizia garratza da... (Buenos Aires, 1950). «Ekin» argitaldariak 127 orrialde. Bere aitari eskeintzen dio eleberri au: «Amaika gauza zuzen erakusten zizkidatzunean, etzendun asko uste ontaraño okertuko zirala. Ondorengo itzak eskeintzen dizkitzut, zureak beti gogoan goxatuz dauzkatala». Andima'k onan: «Ene uste laburrean, aurrenekoan baño eleberrigille garaiago agertzen zaigu azken liburu ontan. Eleberri-lagunak euskaldunak izan arren, giza-malla goragokoak dira. Ikasiak, sendi oparogoetakoak. Bear ba'da Joañisio baño ameslari ta mentura zaleagoak dituzu, diruak baño are mentura bearrak Ameriketaratuak» (Euzko-Gogoa, 1952, 3-4, 58 orr.). Gertaera geienak, eleberrian datoztenak ncski, Kolonbi'ko baso zabal-itsuetan jazoak dira, Magdalena ibai inguruetan.
6) Losintxak. Antzerkia. Martinez Sierra'ren «Madrigal» euskeraz.
7) Oñarrik (Euzko-Gogoa, 1950, 5-6, 48 orr.) ta Beti bat (E.G., 1950, 7-8, 35 orr.). Euskerari buruzko bi lan mamitsu.
IRITZIAK. Zer esan? Neretzat, oso interesgarriak dirala Irazusta'ren euskal lanak; gaiak bear bada ez dute garaitasun aundirik, xea ta bakunak ditugu; baiña idazlerik aundienak ere ez ote dute ortxe billatzen, gauza xeak, ezerezak errez, arin ta bizi esatea ziur asko? Ta orixe duzu tolosar argiak bere nobela bietan batez ere egin diguna. Onek bai duela bat-bateko euskera, ezertariko oztopo gabe, bizkor ta txairoa. Joskeran, berriz, ez dizu utsik egingo.
Eta irakurraldia zailtzen digun kroskarik? Ba-ditu auek ere, idazle guztiok bezela. Itzak iñoizka, Tolosa aldean erabilli oi diran erara, laburtuta ematen dizkigu; adibidez: guztik, «guztiak» esan bearrean. Olako batzuk ditu, batzuen iritziz koskak diranak. «Elkar-izketak, berezkoak eta oso fiñak ditu», diosku P. Lafitte'k. Errez ta atsegiñez erakurten da idazle onek utzi ziguna.
Nobela gertatzen dan lurraldeetako notiñak eta bazterrak ezin obeto edesten dizkigu. Guztiz poliki irudikatzen du ontziz zijoalarik, aragirik ez zutela-ta, bei bat ontziratu zutenekoa. «Barrankilla'n dio artutako aragia bukatu zitzaiotenean, lur ertzeraño joan eta bei bat jaso zuten. Eta errez. Itxitura batean zazpi zortzi zeuden ortarako; bestela ontziratzerik ez zegon eta mutil bat jetxi zan soka luze bat eskuan zuala; sokari mutur batean txilibixta egin, beste muturra andik pasa, ordun ura beiaren adarretara bota ta beia lotua; soka muturra ontzikoeri eman zioten, beia ibairaño arrastaka eraman ere bai, eta an jaso zuten uretik ontzira ezer askotarako gauza ez zala. Berriro aragia ba zan» (Bizia garratza da..., 47 orr.).
Bi eleberrietan datozten emakumezkoak batez ere antzetsu margoztuak daude. Andima'k au: «Emaztekien izantzak, ene gardiz, egolden taiutuak agertzen zaizkit aipatu eleberrian (bigarrenean noski). Gañera gure artean idazleek gutxitan erabilli oi dituten auzi sakonak ere garbitzen ditu nobelariak. Sikologi-eleberrien artean ere, eluke Jon Andoni'renak iduri gaiztorik egingo, ez orixe. Benetako nobelari agertzen zaigu ementxe. Ba dira erderazkoetan gurearena baño ogei ukondo petik daudenak, alare eskuz esku dabiltzanak» (Loc. cit., 58 orr.).
Idazle berak onela amaitzen du: «Deus gutxi esan dugu darabillen euskeraz. Izkera argiaren eta ugariaren yabe zan idazlea. Ori dalata aren idaztiak neke gabe irakurri ditezke, naizta erri euskera utsa besterik yakin ez. Darabilkin izkelgia Tolosa inguruetakoa da, batere aldatu gabe. Aditzerak ere inguru aietakoak dira, eta noizikpeinka aditzkera zabalagoetara oituta daudenen irakurketa lausotu dezake. Alare izkera orrek, dan bezelakoak, bixigarri ta nortasun damaio Irazusta'ren kerari» (Idem, 58-59 orr.).
(Ikus P. Lafitte, Eusko Yakintza, 1947, 13 orr.; I. Lopez Mendizabal, Bol. Amer. E.V., 1950, 181 orr.; Andima Ibinagabeitia, Euzko Gogoa, 1952, 3-4 55 orr.; L. Mitxelena, HLV, 157 orr.; L. Villasante, HLV, 398 orr.; A. Irigarai, «Principe de Viana», 1960, 342 orr.; Auñamendi, Literatura, III, 323 orr.; Bitaño, El Bidasoa, 1959-12-12; J. Bilbao, Eusko Bibliographia, IV, 410 orr.; J. San Martin, Escritores euskéricos, 102 orr.).