24. Jose Gartzia Goldaraz
(1893-....)
Ernani'n jaio zan 1893-10-27'an. Komillas'en egin zuen eliz-karrera, Jakintzan, Teolojian eta Eliz-Eskugoan ikas-agiria arturik. 1918'gneko abenduan apaiztu-ala, gazte oraindikarren, Valladolid'eko eliz-nagusiko Irakurle kalonjetza lortu zuen, azterkizunen osteko nor-geiagokan. Gero, Madrid'en Rota'ko idazkari egon zan, ta ondoren Madrid bertako eliz-nagusiko, kalonje-buru. 1944-8-10'an Orihuela'ko gotzai izendatu zuen Aita Santu Pio XII'garrenak, eta andik bederatzi urtera Valladolid'eko gongotzaintza eman zioten.
EUSKALTZALE. Gaztetan baitik bat, euskal soroan lan egiña duzu gizon jakitun au. Ogei urte besterik etzitun sari bat jaso zuenean. 1913'an, garagarrillaren 24'tik 29'rarte euskal jaiak ospatu ziran Tolosa'n. Idazti, eresi ta argiduri batzaldiak egin ziran. Bostgarren gaia, komeri gaia zan; bost lan aurkeztu ziran: «Berean goxo», «Zintzotasuna», «Guztiya leike», «Gurutzearen debozioa» ta «Masustak». «Zintzotasuna»-k irabazi zuen bigarren saria, ta G. Goldaratz gaztearena zan. Maikoak onela aitortu zuten: «Asko aukeratutako itzera dauka, bear bada aukeratuegia. Irudizko gertaerak erakusten dizkigu, eta orregatik ezin eskatu lekioke gaurko eguneko gertaerak agertzen dituenari eskatzen zaion egiatasunik; baña idazti onen ibillera askotxo makaltzen da, eta ez degu uste lendabiziko saria eman bear zaionik. Onentzat bigarren sari bat ipiñi degu» (Euskalerriaren Alde, 1913, 421 orr.).
Bereak ditu antzerki bi auek:
1) Zintzotasuna. Iru ekitaldiko antzerkia, 1913'an Tolosa'ko euskal jaietan 50 pezetakin sariztatua.
2) Maitasun ta gorroto (Bilbao, 1916). 1915'an Bilbao'ko Euzkeltzale Bazkuna'k eratu zuen teatru batzaldian, bigarren gaiean, M. Arriandiaga, Jose Eizagirre ta E. Bustintza maikoak zirala, saria irabazitako antzerkia. «Euzko Deya» etxe argitaldariak Grijelmo'ren irarkolan argitaratu zuen.
Ba-dauzka olerkiak ere, naiko bipillak. Ondarribi'ko euskal jaietan, 1914'an, saritua du, adibidez, Itxasora! deritzana.
(Ikus Euskalerriaren Alde, 1913, 372 orr.; S. Onaindia, MEOE, 813 orr.; A.M. Labaien, Teatro Euskaro, II, 167 orr.; Auñamendi, Literatura, III, 554 orr.; J. Bilbao, Eusko Bibliographia, III, 592 orr.).