literaturaren zubitegia

991 idazle / 4.716 idazlan
7.247 esteka / 5.801 kritika / 1.828 aipamen / 5.239 efemeride

  A B C D E F G H I J K L M N O P R S T U V W X Z  

Juan Garbizu, Zubigar

«Euskal literatura V»
Santi Onaindia

Etor, 1977

 

23.— Juan Garbizu Salaberria

(1893-1930)

 

        Koplari ezagun au Lezo'n jaio zan 1893-7-5'an, Zabalenia etxean. Bere gurasoak, Kandido ta Maria, eguneroko eskulanez bizi ziran arren, zaiñetan edo zekarren arterako aierkunde ta jeinua: Elias Salaberria'ren lengusu ziran amaren aldetik eta bost anai Juan, Daniel, Tomas, Liborio ta Jose ere, idazle ta musikalari ditugu.

        Oñati'n ezkondu zan Juan 1919-11-23'an, arrezkero Pasai Nausian bizi izanik. Errenderi'ko «Real Compañía Asturiana»-n, zink-fabrikan lan egiten zuen, eta 1930-3-23'an, ara zijoalarik, burdin-bidea igarotzean, bultziak jota il zan.

 

        OLERKARI.— Gazterik il zan, baiña amaika bat urtetan naikoa idatzi zigun, bertsoz batez ere. «Aranzazu»-n asi zan idazten 1919'an, gero «Euskal Esnalea»-n, Baiona'ko «Gure Herria»-n, «Argia»-n, «Zeruko Argia»-n eta Buenos Aires'ko «La Baskonia»-n jarraiturik. Argitara gabe ere, kopla mordoa utzi zuen.

        Olerki ta osterantzeko batzaldietan lortu zitun sariak: 1924'an, Baiona'ko «Gure Herria»-k eratu zuen batzaldian aren poema, «Ostegun Deuna»-k deduzko saria artu zuen, eta «Euskera arrobitzat» zeritzanak aipamen berezia. 1928'an, Iruñe'ko Udaletxeak eratuta itzulpen batzaldia, Mantxa'ko Kixote'ren IX'garren kapitulua biurtu bear zan euskerara: J. Garbizu'k eraman zuen saria. 1929'an ere sarituak izan zituen Cervantes'en «La Señora Cornelia»-ren itzulpena, «Aizkorri ta itxasoa» alkar-izketa ta «Txori ausarditsuak» ipuiña; gogotsu ta jasez zebillen ibilli ere bere euskal lanetan. Eta au ere, egiazki euskerari emanda, bere bizi-arorik bikaiñenean gorantza zijoala, Jaunak eraman zigun, aurretik eta gero Aita Errenderi, Lizardi, Loramendi, Lauaxeta ta besteakin egin zuenez.

        Edozer zan beretzat olerki-gai. Iturri urtsutik lez, borborka zerion itz olerkitsua. Ederki ezagutzen zuen bere izkuntza, amaren magalean ikasia. Eta konta-ezin ala poma txanbelin utzi zizkigun or-emengo agerkarietan sakabanatuta. Eder zuen «Aranzazu»-n idaztea, ta emen azaldu zizkigun, aski sakon ta oartsuki, urte barruko illabeteen zertzeladak: «Ilbeltza» (1929. IX, 26), «Otsailla» (1929, IX, 50), «Epailla» (1929, IX, 88), «Jorrailla» (1929, IX, 120), «Orrilla» (1929, IX, 150), «Garagarrilla» (1929, IX, 178), «Uztailla» (1929, IX, 213), «Dagonilla» (1929, IX, 236), «Irailla» (1929, IX, 280), «Urrilla» (1929, IX, 306), «Azilla» (1929, IX, 344) ta «Lotazilla» (1929, IX, 370).

        Ba-dugu oraindiño zer bildu ta nun ikasi. «Zubigar»-en —onela izenpetzen zituen bere olerki-lanak— idatziak osorik batu ta kopla sorta bikaiña mamitu genezake. Ai, ba'geneza noizbait! Gure euskal lurra ta gauzak, gaur bezela noski, lar lorrinduak ikusiz, atsekabezko ereski-aria jo zigun geienik; eder zaizkigu, beraz, aren biotz, ekai ta erostak. Gurutz asko didorogu gure mendi, ibar eta bide-ertzetan; goiz batez olerkariak, bidez zioala, maite zuen adiskide bat il zaneko oroigarrriaren aurrean geldi loturik, onela dabes:

 

                «Ta au ikustean ezin aztu nik

                aiskide ura emen il zala...;

                bere aldezko nere otoitzak,

                arren, Goikoak entzun ditzala...!»

 

        Bizitz bidean, sarri nonbait, arantz-ziztadak biotz-mamia oiñazetan jarten. Zer egin? Olerkariak: «Apal makurtu ta artuko degu zoruna, noizpait; neurri gabean».

 

        (Ikus Emeteri Arrese, Aranzazu, 1930, X, 127 orr.; Aztertzale, Euskal Esnalea, 1930, 79 orr.; S. Onaindia, MEOE, 866 orr.; Berriotxoa Anaia, BAP, 1962, II, 43 orr.; Auñamendi, II, 429 orr.; J. Bilbao, Eusko Bibliografia, III, 583 orr.).

 

Bilaketa