literaturaren zubitegia

1.063 idazle / 5.119 idazlan
7.827 esteka / 6.319 kritika / 1.828 aipamen / 5.567 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
«Euskal literatura VI»
Santi Onaindia

Etor, 1990

 

14.— Frantzisko Atutxa Bikarregi

(1908-1973)

 

        Karmeldar askoren azitegi dugu Dima. Emen du bere sortetxea, Emaldi auzunean, olerkari errimea genduen Aita Atutxa ere, ementxe jaio bait zan 1908-7-23'an. Karmeldar bizitzako goraberak Larrea'n, azken gerrararte, ortzi garbiko izar diztikor lez, beti eder, begiragarri euki izan dugun aspaldi bateko jauregi ospetsuan burutu zituen, lau urtetan beintzat, latin eta onen inguruko gramatika, matematika, kondaira, lutelesti ta abar ikasiaz.

        Berton egin zuen baita asi-berrien urtea, 1926-7-10'an bere burua ziñez Jainkoari eskeiñirik. Ele-ederra, asketika ta mistika Markiña'n ikasi zitun ondoren, urte betean; Gazteiz'en, berriz, Filosofia ta ingurukoak iru urtez. Naikoa istillu izan zuten lekaretxeak Erkala zala-ta, karmeldar ikasleetatik askok beraz Ameriketara ta India'ra jo bear. Aita Atutxa Begoña'n zegoen ordun lenengo Teoloji urtea amaitzen: zaparrada aiek bultz eraginda itxasoz aruntz joan bear izan zuen, beste askorekin, eta 1931-8-25'rako Txile'n aurkitzen zan. Txillan'en jarraitu zituen bere ikasketak, 1933-12-23'an meza berria esanik. Arrezkeroz Txile'n egin zuen arima-zaintza, ta 1965'tik Peru'n.

        Txukunko'ko Ikastetxean luzaro egon zan maixu. Dala Txile'n, dala Peru'n Kristoren Berri Ona zabalazten etzan aspertu. Naiz-ta izlari aundia ez izan, asko ikasia ta irakurria zanez, gozo-bizia zan aren izketa; itzak eta esanak alkar ondo lotzen zituen ezkero, aren jarduna beti zan adigarri. Etzuen nai itz utsik, ez orbelik: zarata gabekoak, mami soil ziran aren izkirimiri ta esariak.

        Urri zebillen osasunez, beti makal xamar. Txit sentikorra zan, urduri ta bizia; begiak su ta salda zeuzkan geienik, eta oiñak bizkor erbiaren pareko. Otzak geiago egin oi zion, eta Euskalerrira biurtzen zanean, Txile'n eta Peru'n giro berora egiña zegoen-eta, gorriak ikusi bear izaten zituen. 1972'an Probintziko Batzar nagusira etorri zan, eta ondoren Larrea'n igaro zituen pare bat illabete, baiña otzaren otzez gelatik irteteke. Peru'ra itzulirik, an ere atxakiz josia; neke, oiñaze ta eraman-bearrak dantzari aurrean, zirkin eta ibiltzerik eza odolean; berna bata lendabizi ta bestea gero ebaki zizkioten, eta... azkenez, ardura aundiz zaintzen zuten anaiak ingurumari zituelarik, Lima'n il 1973-7-27'an. Lekaide ona, neke-miñen arragoan garbitua. Zeru-bizitzan barru zabalekoa, zuzena maite zuena; beti egizale, arteza, Jainkoagan sustraiak sakon egindakoa.

 

        EUSKAL LANA.— Munduan zear ibillita ere, maite zuen bere lurra, bere izkuntza batez ere. Naikoa idatzi zigun. «Emaldiko», «Atutxa», «Urlo» ta «Eltzegor» erabilli zituen bere lanak izenpetzean.

        Setaz ta barne-deiz olerkari zan A. Atutxa, zoriak ortarako lagundu ezpaitzion ere. Markiña'n ele-eder ikasle zala, 1927'rantza, zirriborratu zituen bere lenengo lanak itz lauz ta olerkitan; urte ortako «Euskal Esnalea»-n agertzen dira, gerora ere lau urtez beintzat ortan jardunik; baiña gero Txille ta bazterretan, beste arlo batzuei oratu bearra izanik, etzuen astirik ez gogo andirik izan neurtitz gaietarako, naiz-ta, berak dioskunez, euskal arnasa jatorrak ortara sarri bultz-eragin.

        Arildu zitun gutun, artikulu ta olerkiak arnas berdiñez usaigozotuak daude. «Euskal Esnalea»-n eta Zornotzako «Karmen'go Argia»-n idatzi zigun geien bat; auetan dauzkagu «Izaki onak», «Txorizua», «Euzkera», «Leyotik», «Agur», «Basetxea», «Katua», «Urkiola»ra», «Kaskailluak», «Udabarria», «Larramendi'ko sorgiñak», eta abar. Nik nere Milla euskal Olerki eder gibeltzerakoan, olerki batzuk eskatu nizkion, eta aitatu auetaz kanpo, etzuen aipatzerik ere gura izan; «beste nire olerki edo zereko zer guztiak errekara bota zeinkez», ziraustan apaltasunez.

        Baiña ez, geroztik ere erabilli zigun bere luma zorrotza. Txile'n ateratzen zan «Euzkadi»-n idazle izan zan, 1945'antza «Urlo» izenordez lanak firmaturik.

 

        «MUGARRA BEGIRARIA» POEMA.— Aren lanik ederrena auxe dugu, Mugarra begiraria, euskal poema bipilla, Karakas'eko «Gudari» argital-etxeak 1969'an atera ziona. 94 orrialde. 2.005 bertso guztiz. Euskeraz ta erderaz.

        Esbestean zear aberri miñez bizitakoak egiña duzu poema au, ta badu garrantzia ziurki. Muiñari ikutu nai ezkero, sarrera bezela «Argitasunak» dakarzki 15 orrialdetan; «Azalekotzat» ondoren, amar ahapaldiko poema, baita azkenean ere beste bederatziko bat, lan osoaren ertz eta zertzeladak berezituaz. Bion tartean, berriz, auek: «Ataria» (5 ahapaldi), «Esbestean» (20 ahapaldi), «Ireltxuaren deixa» (24 ahapaldi), «Gernika'rena» (36), «Aretxarena» (43), «Mugarra begiraria» (41), «Txabola ta yatorria» (43), «Urrunetik urrunera» (24), «Gauberan» (28), «Aindiako otsa» (14), «Eguantza» (21); amaieran iztegi txiki bat.

        Mañari gaiñeko aitz-tontor ospetsua duzu Mugarra; egoaldera dauzka Oba ta Artaun errixkak eta urruti Gorbea, Lekanda ta Ganekogorta; iparraldera begitu ezkero, Oiz, Bizkargi, Kantauri itxasoa; sortaldera, Eskubaratz, Untzillaitz, Aillutz eta Anboto; sartaldera, Kañabete, Aramotz, Lemoatx. Olerkaria Oba'koa duzu, Mugarra'k bere arnas epelez seaska kulunkatu ziona.

        Aita Atutxa beiñola, erbestez gogaitua, bere lurraren eztia goxartu nairik alderrai zebillela, Mugarra oiñera iritxi zan, arkaitz onen kutsuz obeto jabetzearren, bere magalpe samurrean lo ere egiñik. Olerkariak, gau-etzangua gertatu bitartean, onela dabes:

 

                «Gogoeta goibelez

                barrua ernari

                ta babes egiteko

                aitzulo illetari,

                nondik emon burua

                gaubeko loari?

                Negarra litzakean

                niretzat apari.

 

                Zeru errukiorrak

                orduan antola,

                lorrez nenbillan oni

                kentzeko aizola,

                orko atxarte baten

                zegoan potxola

                ta bertan abia lez

                gordeta txabola.

 

                Ortxe aurkitu neban

                gozozko babesa

                atsedenaz amaitu

                negian igesa

                niretzat izanarren

                atxarte oieza.

                Or egin bear neban

                itxarrik amesa.

 

                Zoragarrizko abi

                baita be gaugiro,

                maiteagorik ezin

                leikena ediro;

                goietan illargia

                igitzen geldiro

                ta bean arranotsa

                nentzuan aldiro».

 

        Gisa ortan kantatzen digu 43 ahapaldiz aitz-zulo aretan izan zuen ametsa.

        Gaztetxo zala arkaitz arte oietan sarri ibilli zan. Eta poema au burutzean, Pazifiku itxaso urrutiaren ur-egaletan biziagatik ere, maiz nabaitu oi zuen barnean gaztetako gomuten azkurea.

        Poema-egilleak ba-du asmamenaren indarra. Zorrotza da, ta itz bakoitzari bere esan-nai zeatza ezarten dio. Maixuki borobilduta daude bertso guztiak. Geienez zortziko nagusia darabillen arren, ba-ditu beste neurkera batzuk ere, politak oso. 1935'an esaten zidanez, euskera gogoz ikasten ari zan, eta sakonki ikasi ere egin zuenik ezin dezakegu uka.

 

        (Ikus J. Bilbao, Bibliografia, I, 380 orr.; S. Onaindia, MEOE, 676 orr.; Auñamendi, IV, 138 orr.; A. Onaindia, Zer, 1982, orrilla, 7 orr.).

 

Bilaketa