literaturaren zubitegia

1.068 idazle / 5.149 idazlan
7.837 esteka / 6.363 kritika / 1.828 aipamen / 5.571 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
«Euskal literatura VI»
Santi Onaindia

Etor, 1990

 

59.— Gotzon Goenaga ta Gorriti

(1915-1974)

 

        Aita josulaguna. P. Altunak onela edesten digu aren eriotza: «Udazkeneko arrats euritsu batean ez bat ez bi hil zitzaigun Gotzon Urumea hibai ondoan, U.S.A.tik etorri berria zelarik, E.UTG.ko Filosofia saileko Dekanotza ostera hartu berria zuelarik eta euskeraren aldeko lan latzetan buru eta belarri sartu-sartua zegoen garaian» (Euskera, 1974, 439 orr.)

        Zegama'n jaio zan 1915-3-1'an. Aita tolosarra zuen eta ama oiartzuarra, biak euskaldun jatorrak. Goi-deiari erantzunik, Lagundiko ikasketak, nagusiak beintzat, Tournai'n eta Marneffe'n (Beljika) eta Bureba aldeko Oña'n osatu zituan, 1945'an apaiz egiñik. Bilbo'ko Indautxu'n eta Kanarias'en eskolak eman zituen laubost urtez, bidenabar Barzelona'n Filosofiako Lizentzia, eta gero Teologian ere lortuaz. Geroago oraindik, ez-oizko sariz, bietan Irakasle (Doktor) titulua ere atera zigun. Ikasteari oso emana bait zan.

        Ikasteak bukatu ostean, irakasle izan zan Iruña'n eta Donostia'n, jesuiten ikastetxeetan, Donostian Gizarte-laguntzailleen eskolan eta «Zabalegi» Erakundean eskolak ematen jarraituz. E.S.T.E. sortu zanean, berriz, ara igaro zan Etika eta Izadi-Eskubidezkoak irakastera. «Gehiago ikasi nahiez —diosku P. Altuna'k— eta gogoan zituen euskal lanak hobeki burutzeko bere burua areago trebatzearren, U.S.A.-n sei urte handi eman zituen. Garai hartan berrogeitahamaika urte zituen gure Gotzonek. Columbiako Inibertsitatean visiting scholar izan zen eta Fordham eta Syracusekoetan Espainiako Literatur irakasle. E.U.T.G.-ra itzultzean eta bere bizitzako azken urtean, lehen esan bezala, Filosofia sailleko Dekanotza hartu zuen berriro. U.S.A.-n hasiak zituen euskal lanak osatzen ari zelarik atzeman zuen herioak».

 

        EUSKALTZALE.— Ardura ta gai askotan sartua zebillelarik ere bere izkuntzaz ez zegoen aztua. «Jesus'en Biotzaren Deya»-n eta «Zeruko Argia»-n idatzi zuen euskeraz. Liburuok ere bereak ditu:

        1) Breve exposición sobre la figura del P. Olabide (Gasteiz, 1956, 11 orr.; euskeraz eta erderaz). Euskerazko itzaldia da, Euskaltzadiak Olabide'ren omenez an egindako batzarrean egilleak irakurria.

        2) Baskisch and romanisch (Vascuence y romano, 1959). Hugo Schuchardt'en lana alemanetik gazteleraz ipiñita. BAP-en dator, 957, 463 orr. Gai ontaz ba-ditu beste lan interegarri batzuk ere.

        3) Agurea ta Itxasoa (Zarautz, 1963). Kuliska Sorta, 52 zenbakian. 118 orr. Ernest Hemingway (1899-1961) ipar-amerikar nobela idazlearen «The Old Man and the Sea» euskeraztuta. Asko eta ederki ondu zituen Ernest'ek bere liburu ugariak, itzerdika lez gauzak adierazten mutilla dugula, baita poesiz beteriko edestiak poliki asko biribiltzen saiatzen zaigularik ere. Auetariko bat da Goenaga'k euskera bikaiñean damakiguna.

        4) Algunas categorías semánticas de la lengua vasca (Madrid, 1967). Barzelona'ko Unibersidadean otsegindako Irakasle-tesisa; onen bitartez lortu zuen «Oiezlako Saria» Jakintza-Lizentzian.

        5) Filosofi-lanak. Aristotele, Kikeron, Kant eta Hegel'i buruzko lanak «Revista de Ideas estéticas»-n datoz. Ona, berriz, esku artean zituan lanak, P. Altuna'k dionez: «Sikoligi hitzen euskal hiztegia»; «IZAN EGON-EGOKA EDUN-EDUKI eta euskal izatea»; «Ahal izatea eta ezina. Nahitaezkoa eta badaezpadakoa»; «ARI-IHARDUN-EGIN: galdegaia»; «GEI, GAI, GA(I)tik, ERAZI: kausalidadea»; «ALDI, ALDE, ALDA: lekua, denbora, mugimendua». Eta sail onetan jakingarria dugu gure idazle zaarretan gai oni buruz agertzen danaren kezka ere. «Baina GOGO —dio— zuen hitz denetarik maiteena eta aztertuena, bere azken urteetan. Hitz horren zentzu sakona, hobeki esan, dituen zentzu guztien barren-barrengo muina zein zeitekeen kezkaturik bizi zen. Atzinako eta geroagoko iturrietara jo eta Detxepare, Tartats, Oihenart, Axular, Leizarraga, Mendiburu-rengan eta atsotitz zaharretan agertzen zen pasarte guztiak ikertzen eta aztarrikatzen ari zen. "Fontes Linguae Vasconum"-en argitara zituen lan horietarik gehienak». Euskaltzaindiko laguntzaille zan 1965'tik.

 

        (Ikus J.A., Agurea ta itxasoa, Bol. Am. Pais, 1963, 110 orr.; L. Mitxelena, Egan, 1963, 1-3-149 orr.; J. San Martin, Escritores euskéricos, 91 orr.; Auñamendi, Literatura, IV 250 orr.; J. Bilbao, Bibliografia, IV 64 orr.; P. Altuna, Euskera, 1974, XIX, 439 orr.).

 

Bilaketa