16. Txomin Jakakortajarena
(1906-....)
Berastegi'n jaioa dugu euskal idazle jator au, 1906-12-19'an. Andoain'go ta Gazteiz'ko apaiz-ikastegietan osotu zitun bere eliz ikasteak. 1932'an apaiztu zan Gazteiz'en bertan, Mateo Muxika gotzaiaren esku-ezartez. Bertatik Nafarrete'ra bialdu zuten arimazai, ta urrengo urtean, 1933'an, Aiala-ibarreko Salmanton erritxora. Gerra aldian erbestera jo zuen, eta andik zeazki Argentina'ra. Ementxe lan egin du, beti arimazai urduri, arrezkero guztian. Mones Cazon'go txaunburu edo aitapaiz. Bere errian bizi da gaur.
EUSKAL OLERKARI. Ez gara berdin gizaseme guztiok, aiurri ta seta bereziz bakoitza bai dator ludira. Berastegitar onek ba-du bere arima bedegarra, literatura barnean, ezker-eskubi dauzkagun zerak era apartekoz ikusi ta jasote gaitasunez ornidua. Askok ez diote egunero geure biran gertatu oi diran gauzai jaramonik egiten; beste askok bai, ta onek ditugu ain zuzen ere egiazko jakintsuak, filosopuak, gauzak zer diran, zergatik jazo ta osotu, zer esan nai duten, somatu ta jasotzera irixten diranak noski. Onelakoa dugu Tx. Jakakortaxarena.
Olerkaria ta filosopua ez omen dabiltza alkarregandik urruti. Eta Jaka olerkari danik ezin dezake iñork uka. Gure izkuntza ederki ezagutzen du barnean dauzkan izkutu guziekin; gaztetan asi zan neurtitzez idazten, beti zorrotz, somakari ta oarle. Gogora guda aurretiko «Euskaltzaleak» bazkunak eraturiko batzaldietara bialdutako olerkiak. «Eusko-Olerkiak» liburuetan datoz: «Mitxeleta», «Ametsak», «Aingerutxoa», «Gure astoak», «Amandrea'ren olloaldra» «Maite eziña», «Len-Euzkotarra Gaia», «Burgos aldeko eizak» (1931-1935). Auetatik batzuk «Yakintza»-n ere argia ikusi zuten. Gero «Eusko-Gogoa»-n idatzi ta azaldu zizkigun beste batzuk, erbestean zegoelako erri-miñez okituak: «Eleberria», «Markiegi'ren oroimenez», «Ameriketarrai», «Aberri maite-maitea utzirik»; eta Bol. Am. E.V. dalakoan ere bai beste batzuk.
Berein olerki mota ezagun dira literaturan; mota oietan, poema txikiak, epiku-saillekoak zaizkio atsegiñen, irudi danez. Besteak beste, «Un Euzkotarra» deritzaiona tankera ortean burutua da. Euskaldunak ditu gai, aintziñakoak noski; eta olakoetan oi danez, euskorarren aspaldi bateko egitsak taiuz abesteko; Goikoari eskatzen dio aurrenik arnasa, argia. Ona:
«Goiko Jaunaren arnas sutua
betor nire biotzera,
nire itz murritzaz, Euzkadi zarra
bait-nator abestutzera.
Eda itzatzu, Zuk, Jauna, nire itzok
mendi, baso, uri muinera
orroka ostots izugarria
edatzen duzun antzera».
Ondoren, ahapaldi giarretan, euskalduna noiztikan bizi zaigun txoko zar ontan esaten digu, nolako odola duen, Aralar ganeko sugea, Basajauna, Tartalo ta Tartalo-etxeta, erraztuna, gerrikoa, biraua, Basurde-eizea, Mari'n agerketa ta agintzak, Euzkadi ta lenengo euzkotarrak, oparia ta abar. Elezarrez oretutako poema jatorra. Onako asko bear genituke.
Bere bertso-lanak lenengotik izan ziran goraipatuak. J. Ariztimuño'k, Tolosa'ko Olerki-jaietara bialdutako lanak bilduma polit batean batu ta itzaurrea egiterakoan, onela idatzi zuen Jaka'ren «Gure Astoak» poemaz: «Erri-erraietatik dagerkigun olerkaria degu Jakakortajarena. Jende xeeak darabilzkin gaiak bere olerki gunatzat aukera, erri erara asma eta erritarrei dagozkioten bezela tajutzen dizkiguna. Ijitoen asto tratua ez ote da gai errikoi berezia? A zer nolako bertso iaioetan adierazten digun salketa oiek dakarkiten galera! "Gure Astoak!" bai asto makalak. Zorrotz eta biziki, irria darioten neurtitzetan ijito-astoen ajiak abesten dizkigu. Eztenkada parragarria ahapaldi bakoitza. Olerki zarren antzera tajutu dira "Gure Astoak"-en bertsoak. Gaia, bera ere, jatorriz antziñako olerkariei atsegin zitzaiena» (Eusko-Olerkiak, 1931, XIV orr.).
Agirre'tar Toma'k ere, gure olerkari batzuk J. Bedoña, Tapia-Perurena, Lizardi, Jautarkol aztertu ondoren, Tx. Jakakortajarena'z onela diardu: «Errikoia. Gai irrigarriak aukeratzen ditu. Irri eztenka erabilli ere. Erriarera biotza iñork jotzekotan, onexek bai. Ateraldi zorrotzak bururatzen zaizkio. Gure erriari oso atsegarri zaio olerki-era au. Arin, zailu, zulaka dijoazko neurtitzak. Bata bestearen atzetik lekatuz gogaiak. Asto zarraren maltzurkeriak eta ollo antzuen nebarmenkeriak nork obeki jantzi? Amaierako ateraldiak irri-karkara askatu digu maiz. Errez-itxura izan arren, ez da gainberakoa olerki-era au. Barruti onetan ain trebeki jokatzen dana, ezta makala izango besteetan ere» (Yakintza, 1933, 25 orr.).
ITZULTZAILLE. Esana dut sarri ere, bakoitzak duela bere doai berezia gauzak ikusi ta adierazteko. Txomin apaizari eder zaizkio irri-gaiak, sarkutzak askatzeko lain diranak. Eta Argentina aldetik dabilkigula, bein eskuetara eldu zitzaion ango gautxoen gauzak ederki oso abesten dituen Jose Hernandez argentinar olerkari aundiaren Martin Fierro poema liburua. Irakurtzen du, eta bikaiñik bikaiñena iruditzen euskerara biurtzeko. Lanean ari da, arimazaintzak uzten dion asti-unez baliaturik. Urte batzuen buruan amaitua du bere Matxin Burdin 1193 ahapaldiko gautxo-poema.
Eta gaur esku artean dugu: Martin Fierro-Matxin Burdin (Buenos Aires, 1972), «Ekin» etxe argitaldariak irarria. Erderaz ta euskeraz. 382 orrialde, Luis Beltran Sola'ren marrazki dotore askorekin.
Matxin Burdin'en goraberak, Buenos Aires probintziaren egoaldeko landa zabaletan, panpetan gertatzen dira. Indi-gizonen goraberak, eta an egokitu ziran kristauenak; burrukak eta alako nasteak: odol-naasiko semeak omen dira gautxoak. «Aurrenetakoak izan ziran euskaldunak landazabal aietan saleroski-lorrean eta ostalaritzan. Erri berri bakoitzak bazuen bere euskal ostatua eta pelotalekua». J. Hernandez'ek bere bertsoetan gautxo oien ezbearrak eta goraberak abestu zituen.
Poema au itzultzea etzaion noski lan erreza izango Jaka'ri. Aita Bonipagi kaputxinoak, itzaurrean onela: «MARTIN FIERRO'ren izkuntza ez da batere erreza landazabal berean oituak ez diranentzako; areago beste edozein izkuntzetan emateko; esakera asko ditu gautxoen izkuntzan bakarrik eman ditezkenak, Beraz, MARTIN FIERRO euskeratzea ez da edozeiñek errez egin lezaken lana. Euskeraren korapillo eta bibistak ondo jakin bear lituzke eta gautxoen izkuntza eta oiturak ongi ezagutu. Alik obekiena euskeraturik ere, MATXIN BURDIN ez da iñoiz MARTIN FIERRO berbera izango. MARTIN FIERRO Txomin Jakakortajarena apaizak egin du MATXIN BURDIN. Gaurko euskaldunen artean ez degu noski beste iñor bera baiño egokiagorik lan ori egiteko. Jaiotzetik euskaldun eta euskalzale; bere aitazana alderdi auetan ibillia zalarik, txikitatik bazuen gautxo berri; ogeitamar urte ta geiago ontan gautxoerrian bizi da. Ikaragarrizko lana izan du, iñolaz ere, MARTIN FIERRO'ren bertsoak euskeraz neurri bereko bertsotan ematen. Euskalkutsu aundia arkitu omen du euskeratzalleak Jose Hernandez'en espa-ersian, eta eman ditu bere azalpenak liburua zearreko oar ugarietan» (Atarikoa, 14 orr.).
Lan eder izugarria, bai egillearena eta bai itzultzaillearena. 1972'an betetzen ziran eun urte J. Hernandez'ek bere bertso-lanaren lenengo zatia argitara zuela: bigarrena, andik sei urtera, 1878'an eman zuen. Egilleak arretaz egin lana: euskaldunakin alako artuemana izan omen zuen, eta euskera mintzatzen ere, gutxi-asko, ba omen zekien. Itzultzailleak, ordea, langille trebea izaki, Argentina'ko euskaldun guztien izenean, eta esker onez, MARTIN FIERRO'ren lenengo eunurtean, MATXIN BURDIN eskeiñi nai izan die «Argentinari eta Euskerari».
BESTE LIBURU BATZUK. Aipaturiko lanetatik kanpo, auek ere bereak ditu:
1) Irri-bertsoak (Donostia, 1950). Ziri-bertso sail mardula.
2) Eusko ami (Buenos Aires, 1958). Aita Ebangelista Ibero'ren Ami Vasco euskeraz jarrita.
3) Gernikako Arbola (Buenos Aires, 1963). Enrike Gartzia Velloso'rena, euskeraz eta erderaz.
4) Iztegi bi: 1) Erdera-euskara; 2) Euskera erdera.
NOLAKO EUSKERA?. Sarri etzaigu errez barne-bultzadari eustea. Berezkoa lez da idazle batek nola moldatzen dituen bere gaiak jakitea ere. Ona, bada, berastegitarra Matxin Burdin euskeratzean nola ibilli zan zerbait adierazten digun idatzune au.
«Zail izan da arloa; olerki ederrenetako onek dituan katramilla guziak garaitzeko, izan da buruausterik naiko; ala ere itzetik-itzera izneurkera berberetan, egin-egiñetan, apaldi ideidekotan, itza maikide osotan eta erdarenak berarenak bezin aberatsetan, esakunetako izkera motz eta izbiurrikerik naste, salkeri gabe ongi itzulitzeko, gai izan da gure Euskera apala eta bai noski, ziur nago beste izkuntza batek, naiz aberatsenak eta ots aundikoenak, ez lezakela ain egoki itzuli iñola ere, askoz gutxigo emon leiokela ordea, bereberea ba'lu bezela Euskerak damaion bezela itzulkeran, Matxin Burdin'ek zelaizabal oietako lurrunez uielaseturik daukan gautxo barnegogo bizi bizia. Izketa mota oro, arrotz zaizkio, biziki biziki noski, Euskera bakarra zaio etxeko mintzo. Eunurteurren ontan guk argitu dizkiogun itzikutuen eta illuntasunen argitara, Martin Fierro, erderatik euskerara ez baiña euskeratik erderara egiña izan zala esan genezake, aurreragoko edesolerki iatorra, erderazkoaren sortzama arkitu ba'genu bezelaxe.
»Begiak zabaltzen eta ezagueraz iabetzen asi giñanekoxe; Goiko Iaun onak lan ontarakoxe edo, eskutik bezela ekarri izan gaitu egi-egitan. Gizazken aroko egun oetan beretan ere, gure aurtzaroko leenbiziko oroimen aantzeziñak, supazterrean goxoki aitazanak ialgitzen zizkigun arrigarrizko zabaldi oetako bizikera ta gertaera goxo ta latzak, begien aurrean dauzkagu bizi bizirik. Euzkadi'ko mendi goituen suarte bildurgarri guztietatik, ormari bizkar, suizkillu aoetatik, bein baiño geiagotan, bospasei espetxe zuloetatik, itxasoko uin eta osinpetik, gudontziak burugain sua ziraunskitela, Goiko Alguztidun Ark, eskutik artuta aitazana bizi zan Pampa'ko txoko berberean kokatu gaitu ogeitamar urte luze oetan. Aitak baztar oetara, bizi-aurrerapena ekarri zuen bezelaxe, semea ere Iainko sinismena ekartzen alegindu izan da, aurrerapenakin eta iakintzakin batera. Arek erretako suarriluz egindako etxeren batean, sartua izango naz; aren izardi diruz ustiatuki altxatako pilotatokian ioka al izango nun, apaiztegiko saloketari iararaiki, arek egindako arrillukin altxatako elizaren batean ere emana izango naiz meza-oparia. Aren lagun zar batzuekin ere, arkitu izan naiz, aren garaiko euskaldunen lagunartetan, euskaldunen semeen eta gautxo iator askoren baltsan ibili nauzu, aien oiturak, iostaketak, musketak eta eizaketak ere ezagutu izan ditut, xaki guria ipurkankarrean ipintzeko bei ingurabilketan, oillabaz lotzeko ierratan, zaldi ezibako ipurñausgatan zalduna uzkaili eziñik arriturik begiraka egon izan naiz, itz bitxiak entzun eta iaso izan dizkiet, mendi muturretako etxe bakanetan ere, arriturik ikusi izan ditut giro obegoetan iasotako pillotatokiak, lengo zarata eta euskal oiu gozoen orde, illerri batzuk iduri, ixil-ixilik. Gautxo arte ortan, ameika euskaldun odoleko lagunarte orietan, Matxin Burdin'en esaerak, aren ateraldiak, aren bertsoetorria, aren eupeda ta ozarkeriak, itz batean, Matxin Burdin berbera, bizi-bizirik ikusi izan dut bost aldiz» (Sarreritzak, 21 orr.).
Orain ere bere errian, urtez amatua, leenago egiñiko euskal lanak atontzen ari da. Apaiz eta olerkari ez-ezik erle-zale ere ba-dugu Txomin, eta azken bi urte auetan erle-gaiari buruz tomu gizen bi eman dizkigu «ERLEZAINTZA» izenburuz. Lenengoa (1988) 888 orrialdekoa da ta bigarrena (1988) 1.312 orrialdekoa, Kardaberaz Bildumak argitaraturik.
Orain, ordea, bere bizitzaren edestia osotzen ari da.
(Ikus Eusko Olerkiak, 1931, XIV orr.; MEOE, 940 orr.; B. Estornes Lasa, Estética vasca, 1952, 166 orr.; A.M. Labaien, Teatro Euskaro, II, 170 orr.; G. Garriga, Bol. Am. EV., 1966, 143 orr.; J. San Martin, Escritores euskéricos, 107 orr.; Auñamendi, Literatura, IV 124 orr.; J. Bilbao, Eusko Bibliografia, IV, 467 orr.).