24. Krispin Beobide
(1848-1891)
Badira idazle gaillen batzuk gure literaturan erdi aztuta; ez lukete merezi, baiña orrela da. K. Beobide oni buruz A. Villasante'k au idazten digu: «Ain zaharra ezpada ere, guztiz ahaztu degu euskal idazle onen izena. Neroni ere pasatu egin zitzaidan gure literaturaren kondairan. Esker oberik merezi zuen, ba, gure aldetik aren liburu ederrak! Biografi-saillean agian ez degu euskeraz onen adiñekorik ezagutzen».
Azpeiti'n jaio zan Aita Krispin frantziskotarra, 1848-10-25'an. Azpeitiarra zuen aita, ta ama, Josefa Etxabeguren, Orendain'go alaba. Gaztetxo, mugaz beste aldeko euskal errira doa, ots, Donapaleu'ra, berton prantziskotar jantzia artu ta praille-ikasketak, osoturik. Egun itsak zirean aiek prailleentzat; Espaiña'n, bada, galazota zeuden lekaide alkarteak, eta Prantzia'n ere, lenengo beintzat osoz debekatuak eta egun aietan berriz piztutzen asiak.
«Donapaleu'n, ain zuzen dio A. Villasante'k, gertatu zan frantziskotarren berpizte hori. Aita Areso frantziskotar naparra, eta emendik joandako zenbait praille euskaldun bildu ziran an, landare berrituaren azia ereiteko. Oien artean zegoen Aita Manuel Beobide, gure Krispiñen osaba. Ortik konprenitzen da zergatik joan zan ara Krispin gaztea. Osaba praillearen itzalpean erlijioso-bizitza egitera. Eta ez bera bakarrik. Krispiñek ba zituen beste bi anai, bera baiño zaharragoak, eta bere aurretik ara joandakoak: Antonio ta Joan. An habitua artu ta Akitaniako probintziako seme izan ziran irurak».
1875'an, Tolosa'ko komentua berriz idiki zutela-ta, ona etorri zitzaigun A. Krispin. Urte ortan bertan apaiztu zan Gazteiz'en. Kaslisten gerratea zan orraitio, eta liberalak erriaz jabetu ziranean, prailleak iges egin bear, «ahal zuenak ahal zuen tokira». Zarautz'eko komentura joan zitzaigun A. Krispin. Ortan Prantzia'tik ere bota zituzten lekaideak, eta A. Antonio, Krispiñen anai zaharra, Tolosa'ra aldatu zan, eta emen, esan dugunez, Irugarren Ordenakoak bere ardurapean euki zitun. 1884'an Aita Antonio il zanean, Zarautz'etik Tolosa'ra ekarri zuten A. Krispin, Irugarren Ordenakoen ardura ar zezan. Ementxe, arima-zai axolatsu zegoela, il zan oraindik gazte, 1891-5-28'an.
EUSKAL IDAZLE. Bi liburu utzi zizkigun: 1) Asis-co loria edo Francisco Santu aundiyaren eta pobrien aita-lenaren bicitza (Tolosa, 1885).
Beronen izkeraz au diño A. Villasante'k: «Liburu au eskuetan artu dedan bakoitzean, eta edozein zati edo orri, irten ala, irakurri ondoren, beti burutazio auxe etortzen zitzaidan gogora. Itxasotik irtetzen dana, burutik oiñetaraiño bustia irtetzen da. Aita Krispiñen garaian Gipuzkoa osoa zegoen euskaltasunaren itxasoak estalia. Esan nai det: zearo ta arras euskalduna zala gure erria. Eta itxaso orren erdian murgildurik bizi danari, jakiña, euskaltasun mardul gozoa dario alde orotatik, naiz ta ez. Eta auxe da gure Aita Krispiñi gertatzen zaiona. Ar zazu eskuetan, eta zerorrek probatuko dezu. Orduko erri euskeraren ispillu jatorra utzi digu Aita Kripiñek bere liburuan. Liburu au aztertzean konturatzen gera noraiño urritu ta bakandu zaigun euskaltasuna: itzetan, esaeretan, ta abar».
Liburu au, ots, Asis-ko Loria, ortografia gaurkotuaz, «Auspoa» bildumak atera digu berriz ere (Donosti, 1966), A. Villasante'ren aitzin-solasakin.
2) Jesus Aurraren bederatzi-urrena (Tolosa, 1887).
(Ikus J. Vinson, Essai Bibl. Basque, II, 611 ta 634 zenbakietan; A. Villasante, BAP, 1966, 1, 97 orr. ta «Auspoa», 57-58 zenbk., 7-11 orr.; Auñamendi, Literatura, I, 681 orr.; L. Villasante, BAP, 1966, 1, 97 orr.).