literaturaren zubitegia

1.071 idazle / 5.159 idazlan
7.840 esteka / 6.384 kritika / 1.828 aipamen / 5.571 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
«Euskal literatura V»
Santi Onaindia

Etor, 1977

 

40.— Garmendia Kortadi'tar Jon, «Zeleta»

(1898-....)

 

        Idatzia irakurten omen, eta nik aurtemin irakurria: «Ikurriña ez da esanairik gabeko trapu zaar bat bakarrik. Ikurriña, zerbait geiago da. Ikurriña, esanai aundiko irudi bat, ikur-itz bat, ikur-buru bat da. Bere barruan, berak adierazten digun maitagarrizko gauza bat dago. Gauza ori, aberria da. Baiño, ikurriña, oraindik, ori baiño zerbait geiago da. Etnia aldetik, kondaira aldetik eta jeografi aldetik, aberri batek duan batasuna. Erriko nortasuna, erriko izkuntza, erriko lege zaar eta oitura, Erriko kultura, folklore ta abar... gogoratzen dizkigun batasunaren irudi bat» (Txalintxo, Goiz-Argi, 1975, urrilla, 8, 1'go orrian). Garmendia, ikurrin orren esanaipean ibillia duzu bere bizitza osoan, zintzo ta esnai.

 

        BIZITZ-ORRIAK.— Lasarte'n jaio zan «Largo-enea» etxean, 1898-3-21'an. Bertako eskolan egin zituen lenengo ikasteak, 1903-09, Solabarrieta maixuakin. Bere kasa egiñikoak ditu gaiñetikoak. 1910'garren urtean Soraluze'ra aldatu zan bizitzez, bere gurasoekin, izkillu taller bat an bait zuen jarri bere aitak; antxe bizi izan zan 1931'rarte. Bertan ezkondu zan 1922'an, iru seme-alaba izanik, Iñaki, Ibon eta Begoña.

        1931'an, osasunak beartuta, Soraluze'tik Logroño'ra aldatu bearra izan zuen, bere sendiarekin. Errioxa'n, uri nagusi artan iraun zuen 1934'garren urterarte; geroztik Tafalla'n, 1937'garren urtea bitartean; Zornotza'n, 1939'rarte; Bilbao'n 1944' rarte; Iruña'n, 1956'rarte, ta arrezkero, Donosti'n bizi da.

        Umetatik zekarren bizi euskal griña. Eta, ogibidez saloski-salketa (biajante) izan arren beti, lankizun ontan Euskalerria ta Espaiña'ko uriburu nagusienak ikusteko erea euki izan du; ta oraindik eundaka itzaldi emateko aukera ta abagunea. Anai arteko gudaketa aurretik batez ere, Bizkai'ko ta Gipuzkoa'ko erri-jaietan, Bilbao'n, Donostia'n, Iruña'n eta Bartzelona'n sarri ibilli zaigu mintzari. Azken urteotan, iru aldiz, «Urkixo Mintegia»-n bereziki. 1944'tik ara, «Begoña» liburutegia zuzendu zuen aldikada batean. Gaur esateko lan gabe, patxada goxoan darama zartzaroko sorta.

 

        EUSKAL IDAZLE.— 1914'an asi zan euskeraz idazten, garai artako euskal eguneroko, asteroko ta aldizkarietan. Or-emen eundaka artikuluak dauzka azalduak. «Gipuzkoarra», «Napartarra», «Irrintzi», «Euzkadi», «El Día», «Euzkerea», «Euzko-Gogoa», «Argia'ren Egutegia», «Zeruko Argia», «Egan», «Karmel», «Olerti», «Aranzazu», «Agur», «Príncipe de Viana» eta «El Pueblo Vasco» dira batez ere Garmendia'ren idazlanak dakarzkiten paperak, bizkaieraz, gipuzkeraz ta naparreraz ekarri ere. «Kirikiño»-gandik ikasi zuen bizkaieraz idazten; «Larreko»-gandik naparreraz eta «Jeme»-gandik gipuzkeraz. «Jeltzale» izenordea zerabillen bizkaierazko lanetan; «Berrizki», naparrerazkoetan, eta «Zeleta», gipuzkerazkoetan. Azken izenorde au erabilli digu geiengeien.

        Osotu dituen lanik geienak bere ibillaldietako berridunak eta euskal liburuetzaz, bertsolarietzaz, eta euskal idazle jakitunekin euki izan dituen elkar izketak dira. Baiña irakurgarrienak eta ederrenak, M. Lekuona'k iñoiz esan duenez, «Orixe-Omenaldi» liburu mardulean, 11, 45 ta 51'garren orrialdeetan, agertzen diran auek dira noski: 1) Orixe, euskaltzain; 2) Orixe eta Bedaio'ko Txistularia, eta 3) Jainkoa'k ekarri nau onera...

        Bere bi semeak ere, Iñaki ta Ibon, euskal idazleak dira, aitaren oiñ-errestuai jarraituz; bata, Iñaki, Irudidun Itxas-Iztegia deritzan liburu aundiaren egillea da, ta bestea, Ibon, «Arantzazu», «Zeruko Argia» ta «Agur»-en idatzi izan duena. Ba-ditu «Zeleta»-k, teatru ta itzaldi, liburuxka bezela argitara ekarriak ere. Ona:

        1) Itsutasun madarikatua (1921). Iru egintzako jostirudia.

        2) Joxanton'en Eriotza (1922). Ekitaldi bateko antzerkia.

        3) Patxi kirten (1923). Bakar-izketa.

        4) Euskadi'ren izate eta aberastasuna (1932). «Argia'ren Egutegia»-n dator, 57-71 orrialdeetan.

        5) Euskera'ren iraupena eta Euskal Literaturaren aurrerapena (1955). Itzaldi ederra.

        6) Lasarte orain 50 urte (1958). «Euzko-Gogoa»-n (VII, 36-59) lenengo ta banazean atera zuen, azal egoki batekin. Aurtzaroko oroipenak.

        7) Azkue'ren omenez Bilbao'n ospaturiko euskal-jai biotz ukigarria (1957). Egan, IX, 72-79 orrialdeetan.

        8) Xenpelar, XVIII eundiko bertsolaria. Oraindik argitara gabe. Itzaldia.

        Olerkiak ere biribildu zizkigun, «Orixe'ri ongi etorria» (Euzko-Gogoa, 1955, VI, 4), ta «Orixe eta Zaitegi jauneri, ongi etorria» (Euzko-Gogoa, 1966, VII, 9-10), esate baterako. Eta «Olerti»-n eta «Aranzazu»-n datoztenak.

        1966'garren urtean euskaltzain-laguntzaille autetsia izan zan; eta, 1969'an, «Orixe» zanaren omenez beronen jaioterri Orexa'n ospaturiko euskal jaian, berak egin zuen omen-eskeintz itzaldia, Euskaltzaindiaren izenean. Orrez gañera, Euskaltzaindiak urteko eratu izan duen «Xenpelar Saria» deritzan sariketetan, epai-maiko izan zaigu.

 

        OMENALDIA.— 1972'garren urteko urrillean, «Euskal Astea» zeritzan zazpi eguneko omenaldia eskeiñi zioten bere erritarrak, Lasarte'z idatziak dituen idazlan errikoiengatik. Euskal aste urrillaren 11'an asi ta illan 21 bitartekoa izan zan, egun oietan abestaldeak, dantzariak, «xalaparta» saldoak, bertsolariak eta izlariak esku arturik. Bertsolarietatik Agirre, Etxeberria, Lazkano ta Lizaso izan ziran; izlariak, berriz, Pedro Artetxe, Juan Mari Lekuona, Jose Murua, Manuel Lekuona eta erriko txaunburu Olaziregi.

        Azken egunean, jaialdien ostozko gaillur bezela, «Erri-Meza» abestu zan eliz nagusian, eta meza ondoren, «Cine Lasarte» deritzan antzokian, M. Lekuonaren itzaurre ostean, Zeleta'k berak, omenduak, «Lengo ta oraingo Lasarte» gaiean, itzaldi mamitsu errikoia egin zuen. Gero, euskaldunon artean oitura sendoa danez, 217 bakaldarren artean, bazkari ederra ospatu zan «Txartel» jatetxean. Bazkari artean eta bukaeran, Basarri'k, bertso gartsuak abestu zituen.

        Egun batzuk geroago, ospakundearen oroigarritzat, zurezko liburu zoragari baten omen-oroikia eman zioten Garmendia'ri. Liburu ori izki soil bereziz oso ederki ornitua duzu. Bere bi atal zabaletan onela dio:

 

                «Zure erria aurkitutzen da,

                gaur, zorionez betea,

                eskertu nairik Euskera'n alde

                izandu dezun arreta.

 

                Oraindik ere zure antzeko

                batzun bear gera-ta...

                Zeru ta lurren Jaunak, luzaro,

                gorde zaitzala "Zeleta"».

 

        «Garmendia eta Kortadi'tar "Zeleta", Euskaltzain ta euskal idazle ospetsuari, bere sorterriak eskeintzen dion Omenaldiaren Oroigarria. Lasarte'n, 1972'gko. Urrillaren 21'an».

        Labur: Garmendia'tar Jon izlari ta euskal idazle ugaria da. Errez ta ondo darabil bai mingaiña, eta bai idazkortza. Erria du oiñarri bere euskerak, naiz-ta erriagandik zerbait gorago jo gurarik agertu sarri. Ezta mordoillo zale, bai txukun-zale.

 

        (Ikus M. Lekuona, Egan, 1957, 1-2, 121 orr.; N. Kortazar, Cien autores vascos, 124 orr., eta Zeruko Argia, 1957, 43-44 urrilla; J. San Martin, Escritores euskéricos, 87 orr.; Auñamendi, Literatura, III, 591 orr.; Jon Bilbao, Eusko Bibliographia, III, 6o3 orr.).

 

Bilaketa