literaturaren zubitegia

1.063 idazle / 5.111 idazlan
7.824 esteka / 6.304 kritika / 1.828 aipamen / 5.567 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
«Euskal literatura V»
Santi Onaindia

Etor, 1977

 

6.— Jose Olaizola

(1883-1969)

 

        «Zeruko Argia»-k onela idatzi zuen Olaizola il zanean: «Bera beterako gizona!... Burutik oiñetaraiño gizona!! ... Euskaltzale jatorra ta Euskaltzaindiko laguna zan bera. Gaitz maltzurrak eraman du azkenean; baiña bere mundu ontatik joatea, kandelargiarena bezelaxe izan da. Bizionik gabeko gizon onek etzeukan azken-ordua mintzeko ezer. Eta bere gorputzak eztu miñik, ez estuturik izan bizia eskeintzerako orduan. Azkenengo iru egunak itzik gabe zegoen; baiña lendik ondo prestatua zegoen bere biziaren kontua Jaunari emateko. Fede zaarreko gizona. Lepotik bera bere Errosarioak zintzilik zituala agertzen zitzaigun bere ogean... Musikalari bikaiña, azken urte auetan ere, Euskal Abesti Leiaketetan aurrenengo sariak irabazten ikusi degu. Ta bere abestiei, berak jartzen zizkien itzak ere. Olerkari izan degu. Euskal-idazle, antzerkigille ta zer ez?... Gerrate aurretik, sarri Donostia'ko Udaletxean ziñegotzi izana, etzuan lan gutxi egin Euskal-Oiturak, dantza, eresi, antzerki, euskal-jai ta bertsolari-sariak aizatzeko ta arrotzeko. Ta Jaunak eraman digu!...» (Z.A., 1969, garagarrillak, 22, 1 orr.).

 

        BIZI-ZEAZTASUNAK.— Ernani'n sortu zan 1883-1-27'an. Kultura zabaleko gizona. Musika-zale zan gaztetatik, eta irurogei ta bi urte egin zizkigun Donostia'n Santa Maria'ko elizan or ganu-jotzaille, au da, 1969-10-11'tik il arte guztian ango legezko organu-jotzaille bera zan.

        Gaztetan, baiña, nundik sortu ote zitzaion musikarako gar ori? Etxaniz'tar Nemesio'k onela: «Bere etxean aurrena, bere amaren eta anai-arreben artean, erakutsi zuan musikarako zekarren gaitasuna. Asierak, Ernani'n bertan izan zituan, Manuel Zendoia maixu argiaren begipean. Gero Erriko Etxeak zeukan Akademian jarraituko zuan. Ba zan aldi aretan Donostia'n, Euskalerria kalean, "Amigos del País"'koak sortutako "Erti Ederretako Akademia". An jarraitu zuan gure gizonak bere musika-ikasgua. Etxe artako maixu sonatuak izan ziran, Alfredo Larrotxa, Manuel eta Jerman Zendoia, Bonifazio Etxeberria ta Gregorio Anton del Saz, beste batzuen artean. Ba zuten bertan pedalier eta bi zerrenda-tekla zituan organua, ta an ekin zion Olaizola gazteak bere saiaketak moldatzen» (Euskera, 1968, 285 orr.).

        Etxe artan ba-zuen «La Coral» zeritzan abesbatz bat ere, ta au kantarien erabakiz sakabanatu zanean, «Orfeon Donostiarra» biribildu zuten. Lenengotan Sekundino Esnaola zan taldearen zuzendari; solfeotarako maixu, berriz, Olaizola gaztea izendatu zuten, saioetako, pianu-lana ere beroni egotzirik. Sekundin Esnaola abots sendoetakoa, Manuel Arruti tenorra, bere anai Gabriel operetako abeslari ospetsua, ta beste batzuk, abesbatz onetan ikasi, bikaindu ta izen aundiko egiñak dituzu.

        Musika-saillean, Santa Maria'ko organu-jotzea bere gain artu zuenetik asi zan nabarmentzen. Azkar bai azkar zetorren eta. Etxaniz'ek au ere: «Urrengo urtean (1907), Abuztuko Andre Mari Jaietan, aditzera eman zuan bere lenengo abesti aitagarria: "Assumpta est Maria" izeneko abestia. Remijio Peña baritonuak abestu zuan bere bakar-kantua. Orkestako lagun izan ziran egun artan, besteen artean, Zuaznabar aita-semeak. Au gerora, Donostia'ko alkate izatera elduko zan. Arrezkero, gure Joxe'k etzuan arnasarik artu bere lan ugarian. Eliz-Abestietan eta Euskal-doiñuetan geroago ta aberatsago izan zun bere emana. Usandizaga, Aita Donosti ta Aita Otaño, bere lagun izan zituan aldi artan. Nork konta ditzake gerora Olaizola Joxe'ren lanak, eta leiaketa sariak? Gogora ekartzekoa izango da ere, gure gaztearen leia "Euskal Txistularien Elkartea" sortzeko. Lan bikaiña egin zuan gero, Zabalo anaiekin, Antekera Azpiri, Gregorio Muxika, Pepe Mendizabal, Jose Agirre, Zaldua ta Aita Donosti'rekin batuta, "SASKI-NASKI" agerraldiak prestatzen. Alakorik eztegu ezagutu beiñere, ez len eta ez gero» (Loc. cit., 286 orr.).

        Udaletxean birritan izendatu zuten bigarren alkate. Eta bere garaiko erabaki ederren artean bat, Donostia'k bear zuen ura ekarteko Artikutza erostea izan zan. Euskal lanengatik, berriz, Euskaltzaindia'n artu zuten laguntzaille bezela. Omenaldiak ere izan zituan: 1968'an Euskalerri osoak Donostia'n eta Bilbao'n eskeiñi ziona oietatik bat, oso bizkorra.

        Zartzaroan, itzali aurretxoan, onela ikusi zuen Jose Artetxe idazleak Donostia'ko kaleetan zear: «Soiña zuzen, bizar zuri ondo kuidatua, begi-aurrekoak drist-drist, burua txapelakin txukun estalita, pixka bat oker antxa» (Z.A., 1969, loraillak, 25, 3 orr.). Bere nagusitasunezko ibillera berezian noski baiño noskiago.

 

        ANTZERKI-EGILLE.— Teatru-zaletasun izugarria zegoen garai artan, ots, gizaldi onen asieratik onantza batez ere, Donosti ta inguruetan. Ezta, beraz, zurtzekoa orduko gizaseme jatorrak erria antzez-lanez jaso ta kulturatu nai izatea. Or-emen ospatu oi ziran euskal jaiak ere, zuzpergarri bikaiñak zitzaizkien ortan. Olaizola'k ere, beste askoren artean, bere aletxoa ipiñi gura izan zuen kulturatze arlo orretan. Ogetabost urte zitueneko agertu zan beintzat teatru-lan ederrakin. Ona sailka gerora osatu zituen batzuk:

        1) Markesaren alaba. (Argitara gabe). Iru ekitaldi ta bost laukiko drama. 1908-9-5'an, Eibar'en euskal jaiak. Antzerki-saillean saria eraman zuen. Donosti'ko «Teatro Prinzipal»-ean antzeztu zan lendabizi, 1908-12-21'an, Santo Tomas egunean.

        2) Zorigaiztoko eztayak (1909). Ernani'ko euskal jaietan aipua izan zuena.

        3) Ingelesaren euritakoa (1909). Bi egintzako antzerki, Ernani'n Udaletxeko aretoan, ango euskal jaietan, lenengoz antzeztua.

        4) Itziartxo edo Ama zerutarraren eskerra (1909). «Euskal Esnalea»-k eraturiko ipui-txapelketan bigarren aldera jaso zuena (Ikus Esku-egundiya, 1910, 23 orr.).

        5) Oleskari zarra (Argitara gabe). 1916'an Donostia'ko Udaletxeak antolatu zuen antzerki-konkurtsoan bigarren sariz sariztatua. Idilioa ekitaldi bitan; egilleak letra ta musika. Eusko Ikaskuntzaren lenengo Batzarra zala-ta, Oñati'n aurkeztu zan lendabizi 1918-9-4'an; baita gerora ere maiz samar antzeztua izan da.

        6) Zori gaiztoko eguna. Abelino Barriola'ren lirikazko antzerki oneri Olaizola'k jarri zion musikazko eres-doiñua.

        7) Biar arte?, ja jai! Egintza bateko antzerkia, 1919'an Donostia'ko Udaletxeak eraturiko batzaldian len-saria ardietsi zuena: Quinteros anaien «Mañana de sol»-eri jarraiki egiña. Donostia'n, Leizaola'renean irarria.

        8) Gora, gora antziñako legiak! Donostia'ko «Gipuzkoarra» asterokoak eraru zuen batzaldian sariztatua ta 1922'an «Kaiku» asterokoak argitara emana. Iru ekitalditako antzerkia.

        9) Beste auek ere, kanta ta abar, bereak ditu: «Basa-jauna», bakar-izketa, «Ume zurtza», «Amets urdiñak», «Biotz-illun», «Urte leloak», «Asto txistularia», «Sorgiñeta», «Oñaze-egalpean», «Maite, oroi!», «Agur, izar ori», «Kun-kulun», «Udazken danean», «Oyan ederreko lilia», «Asparren'go jaietan», «Aizak i, Praiskutxo», «Gurutzearen onetan», «Aurtxo, lo», «Mendietan», «Eperraren goiz-abesti». Eliz-kutsuzkoak aitatu gaberik. Kantu ta itzak, bere-bereak geienik, egoki ezarriak ziran, maixu bezela landuak. Jaso zuen saririk euskal musika batzaldietan, azkenengo orduraiño jaso ere.

        Itzaldiak eman zituen euskeraz bai antzertiari bai musikari buruz; 1929-12-22'an «Sekundino Esnaola'ren omenez»-koa ta abar. «Euskal Erria», «Gipuzkoarra», «Txistulari» ta olakoetan idatzi zuen. «Ereslari» erabilli zigun lanak izenpetzeko.

 

        (Ikus J. San Martin, Escritores euskéricos, 138 orr.; Zeruko Argia, 1969, garagarrillak, 22, 1 orr.; N. Etxaniz, Euskera, XIII, 1968, 285 orr.; A.M. Labaien, Teatro Euskaro, II, 175 orr.; Auñamendi, Literatura, III, 488 orr.; Inozenzio Olea, Zeruko Argia, 1969, garagarri11ak, 29, 2 orr.).

 

Bilaketa