27. Paben Loidi Peña
(1909-1985)
Apaiz olerkari. Ainbat urtez Igeldo'n arima-zaintzan ari zaigun gizaseme biotz-zabala. 1977'an, beronen bertso-idazti mardul bat argitara eman zuen Kardaberaz Bazkunak. Eta M. Lekuona'k egin zion itzaurrean onela goraltzen du apaiz langillearen euskal olerkigintza.
«Ez nuke lotsarazi nai dio, nere konparantza onekin, gure lagun Loidi olerkaria. Txori kantari batekin nai nuke konpara: erresiñularekin, urretxindorrarekin. Gure olerkari guziak ez bait dira erresiñul. Ba dira, turut-ots bildurgarria dariotenak. Gure Paben ez da turutalari; soñu ezti, soñu apain, soñu jostalaria dario beti bere liratik. Ba dira, beti norbaitekin asarre diarduten olerkari erretxiñak. Gure Loidi'k ez du iñor etsairik munduan Ondarribia'ko estropazaleren bat zerbaitetan izan ezik. Jaunak munduan egindako oro, adiskide du. Ez du etsairik. Ba dira, beti lantu jo diardutenak ere. Gure Loidi'k mundua erroxa-kolore ikusten du: Euskeraren etorkizuna izan ezik, eta benetan izan ere. Gure Paben'en olerki-jardurioak, erresiñul poxarena dirudi: jardurio ezti, apaiz, jostaillu, dantzari: umoretxar-aldian umore-ongarri irakurtzeko olerkariaren erregali. Eta grazi ori ez bait du oraingoa. Guk beti ola ezagutu degu, Orio'ko txoria, Gasteiz'ko egun gogoangarrietatik eta orain arte». Beude emen andespen eta gorantzazko itzok, asiera-asieratik nor nor ezagun dezagun.
Añorga'n jaio zan Loidi, 1909-12-22'an. Bost urte edo zituala, aita il ondoren, Orio'ra aldatu zan bizitzez bere sendikoekin. Gero, goi-deiari erantzunik, Andoain, Saturraran eta Gasteiz'ko abade-ikastetxetan osatu zituen ikasketak. 1936'an, Mujika'tar Mateo, Gasteiz'ko Gotzai zalarik artu zuen apaizgoa, urte berean, Aitzol izlari zala, Añorga'n meza berria emanik; eta bertatik Musitu'ra arima-lanera eta Martin Lekuona'ren lana jarraituz, Araba euskalduntzera. 1935'an, Regulares'ko kapellau, ara ta ona. 1939'an, guda dunbotzak itzali zirala-ta, Bizkai'ko Karrantza baillarako Aldeacueva ta Sierra erri koxkorretan arima zaindari. 1945-11-15'an Igeldo'ra, eta arrezkero guztian ementxe daukagu.
OLERKARI. Doai gurenez aberastua da, ezpairik gabe, ederraren berri ondo dakiguna. Loidi'k berez zekarren delako jita ta gerora ikasiz eta ekiñaren praxis bitartez ez goregi ez beeregi, bai tarteko, ots, erri ta eliz-olerkari fiña gertatua. Gasteiz'ko apaizgaitegian asi ta gaurdaiño, ortan jarduna da. Ba-dira bertsolari batzuk edonoiz eta edozelango jai naiz festa-buruz erria barne-girotzeko deituak diranak. Loidi ere oietakoa dugu. Or lekuko ta testigu bere liburu bakarra, «Txiruliruka» deritzaiona, oraintsu Kardaberaz Bazkunak argitara emana (Gasteiz, 1977, 145 orr.). Or duzu Loidi'ren poesi-lan osoa.
Bost zati dauzka. Leenengo Oroitzapenak. Orio'n bada umezurtzik eta ari abestuko dio, eta kanta onek Zarautz'en V'garren Eusko Olerki-Egunean 1934 euskal poemaetan leenengo saria irabaziko du; Orio, bere bigarren sorterri, goratuko du, «Tarrabillon», Arrantza, Bale-arrantza, arraunlarik, Orio'ko aundia, patroi aipatuak, estropadak, arraun-doñuak, Erramun itxua, Orio'ko motxa, Orio'n San Martiñez.
Bigarren saillean, lirikan noski, auek goretsiko dizkigu: Ama, agur; Maitere, Martin Lekuona, Josetxo ere il...! Telesforo Galparroso, Arantzazu'ko gudari-billeran, Don Julian Rezola; Eztaiak Elizondo'n eta abar.
Irugarrenean elizkoiak datoz: Nere meza-berrian, Ondarroa'ko arrantzaleak eskatuta egiñiko Bateltxoa kulunkaz, Joxetxo aldarean (Zamora-Arrillaga'tar D. Jose), Añorga'n meza-berri (nere erritar Jose Antonio Pagola-Elortza'ri), Pazko-Eguna, Hipona'ko arranoa, San Isidoro'ri, Milla esker, Yokin (bere adiskide Dorronsoro'tar Yokin apaizari), apaizen Amari (Donosti'ko Eukaristi-Batzarrean, 1946, orrilla), gaurko apaizari, zigor-lana apaizari, Sortzez Garbiari (Seminario-egunean, radioz), Txori lepo gorria, seminario-egunean, radioz (1940), mixioak Igeldo'n (1956-11-4), Luzarbe gogo-jardunetan (1973), Larrea'ko Amabirjiña koroitzean (1968).
Laugarren zatiak auek dakarzki: Txapela, Pelota, Aizkolariak (1950-XII-16), Agirre txirrindularia mutikoen txapeldun, Iparragirre, Erne Naparroa...!, Orreaga'ko gudua, Don Alejandro Alberdi, Igeldo'k organistari bere Omen-aldian egilleak abestuak (1971-1V-18), Gurelesa'ren deia, Igeldo, Isidro Ansorena txistularia, Aralar mendian, Urrezti'ko aingeruari, Pasaia'ri begira, Baserria ta euskera, Musitu, bai ta ez... Altxerri'ko aitzuloa ta Oteiza, baleo ta balitz... Eliz baten zar-berritzea auzo-lanean, Txakurra zaunkaz, Etume, Karrantza'ko izpiak.
Eta bostgarrenak, lagun artekoak: Eztaiak Biriatu'n (1955-1-31), Jaka'ri eskutitza, Mariano Azurtza'ri, Eskudero, Aita Onaindia'ri, Xabier Peña'ri, Basarri, Usurbil'en gertatua...? Pako Muñoa'ren bixigua...
Jauzika legez aipatutako neurtitzok eta gaiñerakoak osatzen dute Loidi'ren «Txiruliruka» bilduma. 105 poesi guztiz. Danak irudimen azkarrez eta euskera txukunez onduak. Zortziko txikia darabil geienez, rima aberatsaren barruan.
Bi begik batek baiño obeki ikusi oi dute. Zu ere liburu apain onen guna txasta-irrikaz jar zaitezen, ona Lekuona zarrak leen aipatu itzaurrean dakarrena. «Nik, besteak beste dio, gauzatxo bat ikusieraziko dizut olerki oietan: bertsoaren txukuntasuna. Mamia ere bai: mami poxa leen ere esan det; bañan batez ere, iñun gutxitan ikusten dan bezelako txukuntasuna bertsoaren soñean, azalean. Ikus, batik-bat, bertsoen puntu-rima, Xenpelar'en iduriko, zeatz landua; bañan puntu errex oparo, ugari dariona. Atsegin bait da, noiz-nai, olerki oietako edozein bat eskuan artu, eta xalo-xalo, pake-pakean irakurtzen goxatzea».
Olerki oietarik naiko sarituak izan dira: «Orio'ko Umezurtza», Zarauz'eko V'garren Olerki-Egunean, Aitzol zanak eder-etsia eta sariztatua, 1934'an; «Aizkolariak», 1950'an, Educación y Descanso'k Donostia'n (1950) ospatutako olerki-batzaldian; «Ixildu eziña», 1953'an, Gipuzkoa'ko Aldunetxeak eratu zuen leiaketan sariztua; «Arraunketa», «Erne Naparroa», «Meza berria» eta «Bateltxoa kulunkaz» lanak ere dedu-aipua merezi izan zuten. Igeldo'n il zan (1985-IV-10).
(Ikus Aitzol, Eusko Olerkiak, 1930, 23 orr.; S. Onaindia, MEOE, 1007, orr.; J. San Martin, Escritores euskéricos, 124 orr.; Auñamendi, Literatura, IV, 168 orr.; J. Bilbao, Bibliografia, V, 200 orr.).