literaturaren zubitegia

1.073 idazle / 5.164 idazlan
7.841 esteka / 6.390 kritika / 1.828 aipamen / 5.572 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
«Euskal literatura V»
Santi Onaindia

Etor, 1977

 

26.— Jazinto Karraskedo-Olarra

(1895-....)

 

        Erle uxatuak ez omen du abaraskarik sortzen. Amaikatxo euskaldun ara ta ona erabilliak, edo-ta ibilliak izan diran arren, erri-maitasuna, geienik beintzat, beti adierazi izan dute. Ibilliaren ibilliz nekatzen ba'gara ere, euskalduna ez bait-da berea maitatuz nekatzen.

        Orrelaxe dugu Karraskedo-Olarra'tar Jakinda ere. Billabona'n 1895-2-10'an munduratua. Gizaseme jatorra ta antzerkigille fiña. 1925'tik 1928'ra bestelako lanak ere Donosti'ko «Euskal-Esnalea» aldizkarian agertu arren, euskal literaturran antzerkigille lez goratuko dugu beti.

 

        ANTZERKI-LANAK.— «Euskaltzaleak» zeritzan bazkunak, 1933'an, Tolosa'ko «Antzerti» aldizkariaren bidez teatru-batzaldi bat iragarri zuen, «euskel antzertiari aurrerapen bultzada ematearren». Antzerti-lanak jatorrak izango ziran, norberak sortutakoak eta ez beste izkeratik itzuliak; ekitaldi bat ala geiagotan egiñak izan litezken. Iru bakarrizketa ta zortzi antzerki aurkeztu ziran iragarritako batzaldian. Bi ziran J. Karraskedo'renak:

        1) Txokolo, txerri-tratalari (Tolosa, 1933). 1933'ko Antzerti'ren batzaldian Bigarren saria irabazitako Bakarrizketa. Ta:

        2) Etxe-aldaketa (Tolosa, 1934). Ekitaldi bateko antzerkia, lenengo saria —250 pezeta— eraman zuena. Epai-maikoak onela: «Eder-ederra, bizi ta bikaña. Gaiez txalogarria, izkeraz biribilla, antzez-legez oso-osoa. Erakuspen ederrak yalgitzen ditu. Gañera ikas-errez ta antzez erreza». Eta aldizkariaren zuzendariak: «Gure zorionik sutsuenak... Karraskedo-Olarra billabonatar idazle argiari, aurtengo antzerki-sariketan txapeldun geldi dalako. Aspaldidanik zaigu ezagun Karraskedo idazlea ta antzertirako zaletasun eta leiaz lanean ari zala ba-genekigun. 1933'ko Antzerti-saria neke-ordaña bezaio, ta aurrerantzean gora igotzeko arnas berri ta zirikada».

        3) Gari Usaia (Tolosa, 1936). 1935'an ere, III'gn. Antzerki sariketan lenengo saria irabazi zuen. Epai-maikoak au: «Iru ekitalditakoa. Agire'tar Txomin'en "Garoa" nobelako gai berbera. Ez da berez egillearena. Bañan baserritako biziera eta euskal sendiaren ekandu griñak bikañago azaltzen ditun euskal irakurgairik ezin autu. Ganera, gertaera ta notin aukeratuak, joskerak eta antzerkiratzeak eman dizkio noski bere lanak. Eta ain egoki egin ditu! Ain bizia, betea, eta begi-asegarria somatzen degu etengabean antzeztokia! Saria ongi merezitzat opa diogu». 1936-5-17'an, Antzerti-Eguna; goiz eta arrasalde jai ederrak, «tokiz, jendez eta antzezkizturaren ederrez» ordurarte ospatu zituzten beste guztiak ondu zituna. Arratsaldean, Victoria-Eugenia antzokian eman zuten lenengoz.

        4) Laratzean sua. «Toribio Alzaga» antzerki saria bi urtetik bein ematen du Euskaltzaindiak; 1965'garrenekoa lan onekin irabazi zuen J. Karraskedo'k.

        Ba-ditu oraindik beste antzerki batzuk ere: «Gure semea» ta «Etxerako nor?», adibidez.

 

        (Ikus Antzerti, Tolosa, 1935; A.M. Labaien, Teatro euskaro, II, 163 orr.; Auñamendi, Literatura, 563 orr.; El Día, 1936-5-19'an; Yakintza, 1936, 21 zenb., 239 orr.; Euskera, 1973, XVIII, 284 orr.).

 

Bilaketa