18. Juan Karlos Gerra
(1860-1941)
J.K. Gerra'k euskal olerki zarrai buruz egin zuen itzaldian au aitortzen digu: «Donostiarra naiz, Santa Mari'ko pontean bataiatuba... bañan emen, Irutxulueta eder zoragarri ontan jaio banintzan ere, izatez basatiar jaio nintzan, eta gazterik biurtu nintzan basora, nere gurasoen jatorri zarrera, eta an bizi naiz berrogei urte aubetan, Udalaitz'eko aize garbiak arnasa zabalagaz arturik eta bere indarragaz ango izketa nere aboan darabildala... euskera gordiña, bertako arkaitzak bezin gogorra eta latza» (Itzaldiak, Donostia, 1922, 116 orr.).
Donostiar zan, bada, J.K. Gerra, jaiotzez; baiña jatorriz Arrasate aldekoa. Nikolas Gerra Goenaga, Felipe II'garrenaren zenbalari izana, Urretxu'ko Gerra-Aundia etxekoa zan, eta onen ondorengoa genduan gure Gerra. Jatorriz basatiar zala orixegatik diosku, urikoak leiñu argiagoak bai liran! Otsak otsari ta odolak odolari lez, barre zekarren baso-ariak dei egiñik bear bada, Arrasate'ra etorri zitzaizun gazterik, eta ementxe bizi izan zan, baita il ere, 81 urtekin.
Lege-gizona letraua zan, eta gaur ere ango jendeak dionez, amaika buru-auste, korapillo askatuaz, erriko ta erri-ingurukoai laguntza baliotsua eskeiñi zien. Aski lerden zan gorputzez. Bizarra uzten zuen. Eta etxetik irtetean, bere emaztearekin irten oi zuen geienetan.
BERE LANAK. Lirain idazten zuen dala erderaz dala euskeraz. Itzaldi goxoak mintzatu ere bai. Euskelerriko gauza zarzale porrokatu zan eta bertoko, ots, Erdi-Aroko une illunik asko argitu zizkigun. Arlo onetan burutu zuen lanagatik guztiz estimagarria dugu Gerra: gure arteko ikurdi, eraldika ta leiñu-gauzetan aituena lez jotzen dute gaur ortan jakitun diranak. Ikusi atera zitun lar batzuk:
ERDERAZ. 1) Estudio de Heráldica vasca (Donosti, 1918); 2) Viejos textos del idioma. Los Cantares antiguos del Euskera (Donosti, 1924): baita Euskalerriaren Alde'n ere; 3) Ensayo de un padrón histórico de Guipúzcoa según el orden de sus familias pobladoras (Donosti, 1928); 4) Armorial de linajes bascongados (Geografía del País vasco-navarro dalakoan argitaratua); 5) Oñacinos y Gamboinos. Rol de banderizos (Donosti, 1930); 6) Ilustraciones Genealógicas de los linajes bascongados contenidos en «Las Grandezas de España», compuestas por Esteban de Garibay (RIEV, 1908-1912, ta J. Kerexeta'ren Diccionario onomástico y heráldico vasco (Bilbao, 1970) dalakoan geigarri bezela).
Liburu auetan aipamen berezia merezi digu Viejos textos deritzanak. Iru zati dauzka lan orrek: a) oiñaztar eta ganboatarren arteko liskarrak zirala-ta mamitu ziran kanta zarrak; b) illeta eresiak, garai artan ildakoren bat goratzeko egiñak, eta 3) gerta kantak. Nundik jaso zituen? Garibai'ren lanetatik, Ibarguen'en kroniketatik eta Puerto de Hernani ta Floranes'en edesti-idatzietatik. A. Villasante'k onela: «Gerra jaunak lan onekin mesede ikaragarria egin die bai izkuntza kondairari bai euskal literaturari. Begi aurrean jartzen dizkigu geure aurretikoen bizi-laukiak, baita olerkari, eleberri egille ta antzekoai goiargi iturri izan ditezken gaiak txairoki azaldu ere».
Mogel eta Humboldt doixtarrak beren garaian argitu zuten Lelo'ren kantua, esate baterako, luze ta sakon aztertzen digu J.K. Gerra'k. Kantu au baliteke aurretiko aiek zioten bezin zarra ez izatea, baña Gerra'k dionez, bizkaitar batek, Txanton Bedia'k biribildua dugu gudu-abesti ori; lan osoak, bada, Bizkai'ko izkelgi usaia ta jasa du. Onela Gerra'k: «Liburuai eta iztegiai begira naikua lan egin ditut alper-alper» (Itzaldiak, 128 orrialde),
Ipuiaren asiera ta zeaztasunak poliki adierazten dizkigu. Troia'tik garailari biurtu zan Agamenon'en kondaira edestu ondoren, au dio: «Kantu guzi oiek Italia'n zabal eta sarri aitatzen ziradenean, ibilli zan toki aietan, eta Alemania'n eta Flandes'en ere bai Arratia'ko zaldun pizkor bat: Txanton Bedia, Zirarrusta'ko nagusiya. Karlos V'garren enperadoaren morroya zan, eta oso maitatua. Eskutitz batean Erregek deitzen dio bere morroi leyal eta maitatua. Orrek, nere ustez, euskerara biurtu nai izan zuan Agamenon'en kondaira eta otu zitzaion esatea Lelo zala euskaldunen gudalari azkar bat, aide-nagusien buru, eta erromarren aurka gudan ari zan bitartean bere emazte Tota adiskidetu zala Zara deitzen zan gazte batekin, onek Lelo gudatik etorri zanean il zuala Lelo, eta euskaldunak naigabeturik bota zituztela erritik kanpora arrika Tota eta Zara, eta Lelo'ren izenak beti-betiko iraun zezan erabaki zutela kanta guzien asieran aipatutzea bere eriotza negargarriya. Ortarako itz banakatuak bere asmoaren erara maneatu zituan. Ala geratu zan euskerazko kanta zarra euskaritxoa guztiz eraldatua. Eta onen ondoren asmatu zun eta jarri zun bere egilleak Kantabriarren kantua» (Loc. cit. 124 orr.). Lan garrantzitsua.
EUSKERAZ. Ikusi dezakegunez, lirainki idazten zuen bere asaben mintzairan ere. Eta gisa orretan dauzka bi lan beiñik-bein:
1) Ama Birjiña Aranzazukoaren Kondaira (Donostia, 1890). 34 orrialde. Azkue'k ere argitaldu zion «Euskalzale» (1899, 14, 19, 35, 56, 59 ta 71 orr.) aldizkarian. Donostiko Lore-Jokuetan sariztatu zioten lan au;
2) Arrasateko dragoia (Euskalzale, 1897, 90-99 orr.). Lan polita;
3) Gure Olerki zar-zarrak (Euskal Esnalea'ren Itzaldiak, 1922).
«Euskal-Erria»-n, «Euskalzale»-n, RIEV'en eta «Euskalerriaren Alde»-n datoz batez ere Gerra'ren idazlanak. Ba-ditu poesiak ere.
J.K. Gerra'ren euskera nolakoa zan jakin dezazun, irakur ondorengo txatala, Ipui zarrak. Arrasateko dragoia dalakotik artutakoa: «Santxo Abarka napartarren Errege eta Gipuzkoako Jaun zan aldietatik ezaguna zan Arrasate: erri aberatsa, biztanle langillez betea; almendn-ormaz gogor barrutitua eta gaztelu garratz batekin ondo gordea; orduan Leintz-ko ibar guztiaren buru. Bere inguruko lurrak estaltzen zituen meatz ugariak, bere mendietako agor-ola eta erreka basterretako ola-masukarietan burdiñ eta galtzaidu biurtzen ziradenak, eman zioten beste aldamenetako erri guztien gaiñ nagusitasun egiazkoa. Au da, lanaren bidez, besoen indarrakin, bekokien izerdiaz eta buruko zentzuna pizkortuaz, nobleki irabazten dan ondasuna. Jainkoak bedeinkatzen du, egiñik ondasun ori lana bezin iraunkorra. Orregatik zintzoen etxeak, gauza gitxirekin bada ere, beti txutik ikusiko dira. Nagienak berriz eroriko dira ezereztasunean» (Euskalzale, 1897, 90 orr.).
(Ikus Euskalzale, 1897, 90 ta 99 orr., ta 1899, 14 ta abar; J. Urkixo, RIEV, XV, 380 orr.; Itzaldiak, 1922, 111 orr.; L. Mitxelena ta A. Rodriguez Herrero, BAP, 1959, 37, orr.; L. Mitxelena, Textos arcaicos vascos, 66 orrialdetik aurrera; L. Villasante, HLV, 355 orr.; G. Mujika, Juan Carlos Guerra, «Euzkadi» egunerokoan; S. Onaindia, MEOE, 403 orr.; Euskera, 1953, 35 orr.; Auñamendi Literatura, III, 233 orr.).