7. Kaietano Santxez Irure
(.... 1916)
Ez da idazle makala. Aren egunetan ere, euskerak iraungo ba'zuen, idaz-lanari lotu bearra zitzaien orduko euskaltzaleai, ta Donostiko ta Bilbao'ko aldizkarietan jartzen dizkizu Irure'k bere bertsozko ta itz-lauzko lanak. Ezelan ere ezin ixil-azi al izan zuen sorterri miña, ta luma erabilliz utsitu zigun bere biotzondoa, esku trebez biurrituaz bertso-zerrenda apaiñak. Donostia'n bizi izan zan; baita il ere 1916-8-24'an.
Orduko aldizkari geienetan idatzi zuen, ta lan asko idatzi ere; au da: «Euskal-Erria»-n (1904-1915), «Baserritarra» zeritzanean, «Euskalzale»-n, «Ibaizabal»-en, Buenos Aires'ko «La Baskonia'n...» Euskal Lore-Joku ta jaietara ere lan auek beintzat bialdu zitun: Zumaia (1900), Aiton bat eta ni; Oñati (1902), Nere ametsak; Elgoibar (1907), Gure mendiyak; Donosti (1912) Doakabeak, eta abar. Berea du:
Ama euskera berdindutzeko
eztezu beste izkuntzik,
Ama euskera orain artian
dago guzien gañetik;
ondoretikan ibilli arren
etsai asko aspalditik,
beti onela bizituko da
etsaiari gogor eiñik.
Teatru-lan bat ere eratu zuen: Azken beltza. Zati bateko eres-antzerkia, melodrama; Donostiko Udaletxeak 1915'an antola zuen batzaldian saritua ta lenengo aldiz Donostiako Teatru Zarrean 1917-12-21'an antzeztutakoa.
Ba-zuen trebetasuna bertsuak gatz-pikorrez txipriztatzeko. «Euskal-Erria»-n dator Rosario Artola'ren olerki bat Kaietako S. Irure'ri eskindua.
(Ikus J. Vinson, Essai d'une Bibl. Basque, II, 804 orr.; Euskalzale, 1899, 363 orr.; Ibaizabal, 1902, 4'garren geia, 2 orr.; Euskal Esnalea, 1916, 237 orr.; G. Garriga, Bol. Amer. E.V., 1950, 127 orr.; S. Onaindia, MEOE, 784 orr.; A.M. Labaien, Teatro Euskaro, II, 170 orr.; Auñamendi, Literatura, II, 191 orr.).