24. Rosario Artola Elizetxea
(...1896...)
Dakigunez, Pepe Artola'ren arreba ta Ramon Artola Larrañaga koplari joriaren alaba dugu emakume euskal idazle argi au. Sendi osoa gendun, eskierki, barne-muiñeko olerki-senaz oartzen ziranak.
Aita ta nebaren jitari jarraituaz, 1887'tik lez asi zan idazten, bere bizitzan ainbat olerkitxo txanbilen buruturik. Goxo ta bizi adierazten dizkigu beti bere sentipenak. Irakur 1889'garren urteko otsaillean mamitu zuen Nere guitar-choari deritzaiona:
Nik gitartxo bat baidet
maite eta lagun,
au juaz pasatzen det
denbora txit legun;
nola denok grazi bat
zerbaitetan degun,
berarekin pentsatzen
nago gau ta egun,
Eta onelaxe beste iru aapaldi, oso ederki aren emakume-biotzak eginda. Gitartxoarekin ba-du naiko festa, triste dagoanean ere bera du pozgarri, «soñua juaz eta gañera kantari», ezta kezkarik, ez goibeltasunik, berarekin bai du «zorion guziya arkitzen».
Zer ote zuen kantagai? Biotzak zemakiona, ta emakume-biotzak batez ere ixurki asko ditu dariela, baita Rosario'renak ere. Ta Jainkoa kantatu zuen, eta Andre Maria; lorak eta txoriak kantatu zitun, eta saguak, astoak, katuak, axeriak, erriko xemeak..., bere anaiak, A. Arzak, F. Lopez Alen, J. Zapirain, Migel Salaberri, M. Soroa, R. Sarriegi kantatu zitun; baita udaberria, umezurtza, urtebeteak, naigabea ta zoriona ere.
Txoragarria zan, bai, bere gitartxoari ateratzen zion soiñua. Eta soiñu xamur orren oiartzun meiak zorarazten zizkigun bazterrak. Errosario'ren kopla legunak irakurriaz, onela abestu zuen bein B. Iraola pasaitarrak:
Onen bertsoak eta ipuiak
naukate beti zoratzen.
Dama izanik, gure izkuntza
zer asko duben maitatzen
Onen izena paperen batek
diran aguro aitatzen,
nere biotza, triste ba'dago,
pozkidaz da betetzen.
Ipui eta neurtitz, berrogeitik gora dituzu «Euskal-Erria»-n bakarrik dauzkazun aren lanak. Sariak ere eskuratu zitun; esate baterako, Oñati'ko euskal jaietan (1902) bere Aranzazuko Ama Birjiñari deritzan olerkiari aipamen dedugarria egin zioten; Irun'ekoetan (1903) bere Ama Birjiña Guadalupekoari deritzanak irabazi zitun berrogei pezeta ta bitezarra; Donostia'ko Lorejokuetan (1913) bere Ama Birjiñari eman zioten saria.
Sendikoak ondo alkar artzen zutenak ziran. Baita bertso-lanak alkarri eskaiñi ere bein eta berriz: aitak R. Artola-k bat beintzat Nere alaba Rosario-ri (Euskal-Erria, 1894) eskeiñi zion; Rosario'k bere anaiai eskeiñiak bi ditu: Anayari ongietorria (1891) ta Nere anai Franzisko-ri bere egunean (1889). Pepe'k ordaiñez, zortziko txiki au atera zion:
Gure arrebatxua
polit egokiya,
neskatxa jakintsua
biziro aundiya,
guztiz liraña eta
begiragarriya,
aingerua dirudi
goitik etorriya.
(Ikus La Baskonia, Buenos Aires, 1899-9-10; S. Onaindia, MEOE, 358 orr.; Auspoa, 4'garren zenbakia, 82 orr.; Auñamendi, Diccionario Enciclopédico, III alea, 87 orr., ta Literatura, II, 309 orr.; Jon Bilbao, Eusko Bibliographia, I, 344 orr.).