28. Frantzisko Lopez Alen
(1866-1910)
Donostiarra. 1866-1-9'an jaioa. Aita lez semea ere, Udal-idaztitegiko zuzendaritzatik bizi izan zan; bidenabar uriburuko kronikalari genduan. Kondaira gauzetan txit aitua izanik, Gipuzkoa ta Donosti aldeko gauzetan baitik bat, «Real Academia de la Historia» ta «Bellas Artes de San Fernando»-ko laguntzaille izentatu zuten. Donostia'n itzali zan, antza, 1910-7-24'an, 44 urte baiño etzitularik.
IDAZLE. Donostiko «Euskal-Erria» aldizkarian idatzi zuen batez ere, erderaz ta euskeraz.
Ona erderazko batzuk: 1) Okendo'ren biografi bat (Donostia, 1894); 2) Iconografia biográfica de Gipúzcoa. Galerías de Guipuzcoanos (Donosti, 1898) dalakoan azaldua; 3) Estudio histórico-artístico del convento de San Telmo (Donostia, 1905); 4) Memoria artística de San Sebastián y descripción de las Fiestas Euscaras (Donostia, 1906); 5) Biblioteca Municipal de San Sebastián (Donostia, 1908).
Eta euskeraz. 1) Josecho (Donostia, 1896), euskal poema «La Voz de Guipúzcoa»-n argitara emana; eta 2) olerki ta beste lantxo asko «Euskal Erria»-n, «Euskalzale»-n, «Ibaizabal»-en, «Esku-Egundiya»-n eta abar. Ona «Esku-Egundiya»-n atera zuen Gure izkuntza deritzaiona, euskerakiko maitasunez borbor, «Euskal-Erria»-ren Zuzendari zala egiña.
«Emen eta an, euskerarekin au edo ura egin bear dala aritzea baño zenbat obea litzakean guziok euzkeraz itzegitea. Ala, aditzera emango genuke gure euskera zarra banetan eta biotzetik maite degula.
»Gauza samingarria da askotan eta maiz ikusten deguna: menditik datozen gizon ta emakumeak, uri aundietan bizi diranean, mendiez eta euskaraz errazki aztutzea, basterrean uzteko gauzak balira bezela.
»Entzun bedi euskera, mendietan ezezik, uri aundietan ere. Itzegin bezate euskeraz, nagusiak ta morroiak. Euskeraz euskaldun guztiak mintzatzen badira, euskaldunak dirauten artean, euskerak iraungo du. Eta euskaldunak, antziñatik datoz, eta urrutiko egunetaraño iritxi bear dute. Euskaldunak iraungo dute beti, beti, beti. Iraun beza berekin, gure euskera zar maitagarriak. Bai, milla bider, bai!» (Esku-Egundiya, 1910, 47 orr.).
Olerki-konkursuetan 1887'gnko lotazillaren 26 «Teatro Principal»-ean ospatu zan neurtitz-batzaldian asi zan sariak irabazten bere Atzo ta gaur Donostiari lanarekin, eta gero 1888 (Kanbo, Gazteiz, Donosti), 1889 (Donosti), 1890 (Donosti), 1891 (Irurreta), 1893 (Azpeiti), 1894 (Azparne), 1895 (Ezpeleta), 1896 (Arrasate, Maule), 1897 (Bilbao, Oiartzun), 1898 (Zestua), ta abar, atera zitzaizun sari-irabazle.
Beste griña bat ere ba-zuen: gizaseme landua zanez, margo ta kolore ertiaren ixilpekoak ere ba-zekizkin naikoa ondo: margolari genduan. Bere itzaldi ta laukiak edertzeko, ainbat irudi marraztu zitun. Bereak ditu sail onetan Donostiko Udaletxe zarreko ormak, amazazpigarren gizaldiko jazokunakin apaintzen dituzten pintura-lanak.
(Ikus Euskal-Erria, 1910; G. Garriga, Bol. Amer. E.V., 1952, 123 orr.; S. Onaindia, MEOE, 400 orr.; Auñamendi, Literatura, II, 166 orr.).