22. Juan Inazio Uranga Berrondo
(1863-1934)
Bere aldiko gizona. Ikastetxe ta onako zarata gaitz gabe, ainbat euskal gauza eder aurrera eraman zitun, berez zuen jakituriaz baliaturik.
Errenteri'ko seme izan arren, amabost urtetik Donostia'n bizi izan zan San Jeronimo kalean; eta ementxe il zan 1934-4-24'an. Bizar-kentzaille zan langintzaz; ontan eta idazten eman zuen bere biziaren 71'raiñoko guztia.
Euskal idazle txit ugaria. Olerki, alegi, izkirimiri, jostaketa ta osterantzeko artikulu, eunetik gora izango dira «Euskal-Erria»-n datozenak. Aldi aretako girotan zebillen bizi-bizi, M. Soroa'k, Artolatarrak, Gelbentzu'k, Elizondo'k eta besteak sorturikoan noski, konta-ezin beste jostiruri, komeri ta lan berezi sortu ta argitara eramanik.
Olerkari ta antzerki-idazle gendun, bai, batez ere. «Euskal-Erria»-n, «Euskalzale»-n, «Ibaizabai»-en eta «Euskal Esnalea»-n agertzen dira aren itz-lauzko naiz bertsozko lanak.
IDAZLE. Lan polita egin zuena. Eta nolako sariak eskuratu zituen. Ona batzuk: 1887-12-26'an Donosti'ko Lore-Jokuetan bere olerki «Urtearen lau erak» jaso zuen saria; bere «Ama Euskera»-k 1890'garren urtean ere. Donostiko Udalak eta Aldundiak eratu zuten jaian Uranga'ren «On Antonio Okendo-ri bere talluntzaren aurrean» irabazi zuen saria, 1894-12-21'an; berdin 1899-9-16-17'an Zumarraga'n ospatu ziran euskal jaietan ere, bere «Enadaen alkartasun maitatiya»k artu zuen accesit, eta 1902-9-27'tik aurrera ospatu ziran jaietan ere accesit merezi izan zuan bere «Uda berriya» lanak. Eta orrelaxe Irun'en (1903), Ordizia'n (1904), Donostia'n (1906), Kanbo'n (1907), Ernani'n (1909), Azkoiti'n (1910), eta abar.
Antzerki-saillean bereak ditu auek:
1) Aritzaren zumo gozua (Donosti, 1896). Jardunaldi bateko drama-saioa, Donostiko «Euskaldun Fedea» bazkunak zuen jaialdian Tolosa'n (1896-4-5) lendabizikoz antzeztua.
2) Umezurtza; drama saioa, Jose Marino Arrieta'rekin batera idatzia, ta Donosti'n (1896-12-21) aurrenik emana.
3) Manu (Donosti, 1901); jardun bat du; Zumaia'ko euskal jaietan sariztatua, ta Donostia'n (1900-12-21) lenengoz aurkeztua.
4) Ero algara (Euskal-Erria, 1908).
5) Amets bat dirudi! (Euskal-Erria, 1909); bakar izketa.
6) Euskaldun bat (Euskal-Erria, 1909); bakar izketa.
7) Au mundua! (Euskal-Erria).
8) Ostatuan (Euskal-Erria, 1909); bakar izketa.
9) Maitasuna (Euskal-Erria, 1909); bakar izketa.
10) Gizon galanta (Euskal-Erria, 1909); bakar izketa.
11) Osasungaya (Euskal-Erria, 1909); barrizketa.
12) Nekazariya (Euskal-Erria, 1909); alkar izketa.
13) Mari-Mielka (Euskal-Erria, 1910); bakar izketa.
14) Mami (Euskal-Erria, 1910); bakar izketa.
15) Nere diruak (Euskal-Erria, 1915); bakar izketa.
16) Zein da nere zala? (Euskal-Erria, 1915); bakar izketa
17) Sorgiñak (Euskal-Erria, 1915); bakar izketa.
18) Aideko txoriya (Euskal-Erria, 1916); bakar izketa.
19) Mari (Euskal-Erria, 1917); bakar izketa.
20) Manu dantzari (Euskal-Erria, 1917); bakar izketa.
Bakar izketa auek ez dagoz gaizki loturik, bizi ta giar euskera garbi ariñean baizik. Eredu dugu ontan. Apain letozke auek denok bilduma pertxenta batean.
Olerkari bezela txairo opiltzen zitun bere bulkoak. Irakur, merezi du-ta, Autsa deritzan onen bost aapaldiak.
Xinist gentzake dala guztia iduripen bat bizitza,
Zeñaz iñola ezin liteken iñor egiazki mintza:
Lan bearrian arkitzen danak urruti oi du agintza,
Estalirikan dagon landare ark duen bezela intza.
Gure bizitzak iduritzen du dala urrezko baratza,
Al litzake kendu ezkero lan egin bear garratza.
Egunak nola oi du berekin lagungarritzat arratsa?
Bizitz gureak ere ala du zuzengarrizko ardatza.
Bizieraren luze laburra ezin liteke neurtu,
Bada askotan jakintsuenak ditu lan onek bigurtu;
Gure iduri txoro guztiak oi dira amets biurtu,
Jela gogorra oi dan bezela aize epelakin urtu.
Zergatik gera gure bizitza maitearekin jokatzen?
Eta zergatik jarritzen gera gauzik onena jokatzen?
Makurtzen gera asten danian indarra zerbait ukatzen,
Ikusirikan nola dijuan asnase ona bukatzen.
Gure emengo biziera da bestearekiko utsa,
Betikotasun ederrarekin ote niteke ni kutsa?
Azaltzen zaigu oso illunki eriotzaren bisutsa,
Gorputza illik biur dedien lendik zan bezela, autsa.
Oar ontaz ere: ogibidez bezargin izanik nolako artistak ziran gure euskaldun zarrak, esan nai nizun.
(Ikus J. Vinson, Essai d'une Bibl. Basque, II, 665 orr.; Euskalzale, 1897, 327 orr. ta 1899, 371 orr.; Esku-Egundiya, 1910, 94 orr.; S. Onaindia, MEOE, 377 orr.; A. Alzola, «Egan», 1963, 4-6, 247 orr.; N. Kortazar, Cien autores vascos, 41 orr.; A.M. Labaien, Teatro Euskaro, 1965, II, 179 orr.; Auñamendi, Literatura, II, 502 orr.).