61. Antoine Th. Abbadie
(1810-1897)
Bego lendabizi, sarrera bezela, Yoanes Pagogaña'k oraintsu idatzia: «Gizon yakintsu ta agurgarria, egiazki, gure Antoine d'Abbadie, Ondarraitz gaiñ-gaiñean agertzen dan jauregiaren nagusia zena. Bai Euskalerriko leku zoragarria orixe! Bere egoitza ortxe autatu zuan egitea, ta bere jauregi ederrean, bizi ezezik, gazte-aroko yakintza ugaritu ere egin zuan liburu nasaiz eta izar-ikus tresna baten bidez» (Egan, 1957, 3-4, 196 orr.).
BIZITZA. Dublin (Irlanda)'n jaio zan, 1810-1-10'an. Ama irlandarra zuen; aita, berriz, Zubero'ko Arrast erritxoan sortua, Michel Abbadie, Frantziko naste matxiñada zala-ta, igeska atzerriratu bear izan zuena. Urteetan euskal erritik kanpo bizi izanik ere, bere oitura, abesti, izkuntza ta beste ongi zaindu zituen, bere etxekoai ere berak barruan zeramana arduraz erakutsirik. Ekaitz-zurrunbilloa eztitu zanean, berriz ere erriratu zitzaigun, eta emendik adoretsu lan egin zuen euskal arloan.
Semeak Antoine, Charles eta Arnault Tolosa'n eta Paris'en egin zituzten beren ikasketak. Orduan ezagutu zuen A. Chao ere. Izadi-gaietan oso errime zetozten, eta Antoine'k Brasil'era dagi 1835'an, Zlentzi Akademiak bialduta, ostera bat; urrengo urtean Egipto'n eta Etiopia'n egin zituzten iker-lanak bere anai Arnault'ek eta biak, amabi urte bertan egiñaz jakintza-gaiak aztertzen; 1849'an Euskalerriratu ziran, Bidaso ta Donibane Lohitzun bitartean euren jauregiak jasorik. Pagogaña'k: «Arnault'ek bere etxia Ziburu'n egiñazi zuan, Bordagaine'ko tontorrean, Larrun mendia aurrez-aurre. Antoine'k berriz, Bidaso'k urbil xamar, berezi zuan Aragorri deritzan egigaña, Zuberno'ko lurraldietan, bere etxetik itxas ta mendi aldera ikuste argi ta zabala izateko eran. Alaxe, gaztelu-dorre gorenetik ikus zezaken zemai gallur euskalmendi artean, Aitzgorri'tik asi ta Hazparne'ko Ursuya'raño; Ernio, Aia, Larrun, Mundarain ta besteak bitartean daudela!
Izkuntza asko zekizkian. Izar-bideak aztertzeko tresnak ditu; baita liburu sail galanta ere, ta liburutegiko ate baruan idazkun au: «Naiz Jainkoa berez langille ona izan, gizona ere bere lankide izatea nai du». Ez dago gaizki. Nekazarien adiskide laguntzaille da. Kristau ona. Jakintsuen artean gora aundikoa. Paris'eko «Académie des Scieces» dalakoan batzar-kide izan zan lenengo, ta gero zazpi urtez (1891-97) jakintza-alkarte artako buruzagi. Liburu asko atera zitun: Résumé geodesique (1859); Catalogue raisonné des manuscrits éthiopiens (1859); Géodésie d'Ethiopie (1860-73); L'Abyssinie et le roi Théodore (1868); Observationes relatives à la physique du globe faites au Brésil et en Ethiopie (1873); Dictionaire de la langue Amarinna (1881); Géographie de l'Ethiopie; ce que j'ai entendu (1890), eta abar. Arnault'ek, ordea, lan auek azaldu zitun: Sur le tonnerre en Ethiopie (1859); Travaux récents sur la langue basque (1859); Douze ans dans la Haute Ethiopie (1868). 1815-7-24'an jaio zan Arnault, eta 1893-11-13'an il. Antoine 1897-3-19'an itzali zitzaigun.
EUSKAL JAIAK. A.T. Abbadie langille porrokatua zan, eta beste asko berdintsu lankide izatea nai zuen. Nola sortu, baiña, langilleak, euskal suaz ixiotutako langilleak? Bera bertsoberri, kanta, antzerlu ta dantza zalea zan eta beste euskaldun askorengan ere zaletasun ori sortu ta indartu nai zuen. Asmo orrekin asi ta iraun-aziak ditugu ainbat lekutan ospatu ziran euskal jai gogoangarriak. Geien bat iru egunez irauten zuten jai oiek, lenengotan Urruña'n eta Sara'n eta gero, urtero erri berri batean egiñik. Abbadie'k, gaiñera, «bere sakeleko urrezko ontzekin saritzen zituan joko ta jostaketan izaten ziran garaileak». Ezerezetik sortu ziran, baiña giro ederra egin zuten urteetan.
Jaiok ba-dute beren inportantzia, olerki-sariketak batez ere, gure literaturaren orrietarako. Euron aipamena besterik ezpada ere, bego emen zertxobait euzko-gogo jatorraren erakusgarri bezela.
Aurrenik pelota joku bat eratu zuen Abbadie'k, bere gaztelutik urbil zegoen Urruña erri txanbeliñean. 1851-9-9'an zan. Geroztik, amar urtetan, ementxe ospatu ziran Euskal jaiak. Ona: Urruña (1853); bertso-lanetan len-saria: B. Zelhabe'ren «Montebideo-ko kantuak». Urruña (1854); len-saria: Dussaut'en «Laboraria». Urruña (1855); Elizanburu'ren «Emazte edalea». Urruña (1856); len-saria: Larralde mirikuaren «Herriko besta». Urruña (1857); len-saria: Louis Ithurbide'ren «Eskaldun baten auhenak». Urruña (1858); len-saria: Elizanburu'ren «Tan, tan, tan». Urruña (1859); Larrande'ren «Ama». Urruña (1860); len-saria: Harlutxi'ren «Gazte hiltzerat dohana». Urruña (1861); etzan saririk eman. Urruña (1862); len-saria: Elizanburu'ren «Apexa ta Lorea». Urruña (1863); len-saria: Betiri Olhondo'ren «Mariñela'k» jaso zuen.
Urrengo urteetako jaiak, amabi aldiz, Sara'n ospatu ziran. Sara (1864); len-saria: Larralde'ren «Mutil zaharra». Sara (1865); len-saria: Joanes Berjes'en «Artzaingoa»; Sara (1866); len-saria: J.B. Elizanburu'ren «Maria». Sara (1867); len-saria: Joanes Berjes'en «Oraiko Neskatxa batzu». Sara (1868); len-saria: J. Oxalde'ren «Soldado ondoan». Sara (1869); len-saria: Agustin Etxeberri'ren «Hiltzera dohan haur baten auhenak». Sara (1870); gerra zala-ta, etzan nunbait euskal jairik ospatu. Sara (1871); len-saria: M. Doiharzabal'en «Xori berriketari». Sara (1872); len-saria (?): M. Guilbeau'ren «Enadak edo Sor-herriaren orhoitzapena». Sara (1873); len-saria: Hergaraia'ren «Bildotsa ta Otsoa». Sara (1874); len-saria: Bizkaitar'en «Jaungoikua ta Errija». Sara (1875); len-saria: «Ezkila»; ez dakigu norena danik. Sara (1876); etzan olerkirik sariztatu.
Aurrerantzean, urtero erriak aldatuz ospatu ziran. Donepaleu (1877); len-saria: Darrupe Harluz'en «Xori kaiolatik ihes goan dena». Sara (1878); etzan lenengo saririk egon; bigarrena: J. Oxalde'ren «Khilo-egilearen kantuak». Elizondo (1879); len-saria: Felipe Arrese-Beitia'ren «Ama Euskeriari azken-agurrak!!» Urte berean: Donostia (1879); len-aipua: J.B. Elizanburu'ren «Lehen eta orai». Begoña-Bilbao (1880); len-saria: Luis Itza Agirre'ren «Begoñako Ama Birjiña Miraritsuari». Euskal-jaiak: Bera (1880); urrezko dedu-domiña: Arrese-Beitia'ren «Euskeldun baten gogoraziñoak» eta «Gizonaren zorigatxa». Donostia (1880); len-saria: F. Arrese-Beitia'ren «Antonio Okendo umant Donostiarraren alabantzak». Maule (1880); len-saria: F. Arrese-Beitia'ren «Bizi da Ama Euskera». Donibane-Lohitzun (1881); bertsolarien jaia. Irun (1881); len-saria: Biktoriano Iraola'ren «Lore igartua». Donostia (1881); len-saria: F. Arrese-Beitia'ren «Kosme Damian Txurruka itxasgizon umantari dagokion oñ-alkia». Donostia (1881), Kalderon de la Barka'ren omenez; len-saria: Klaudio Otaegi'ren «Euskal-Oroitza». Sara (1881); len-saria: P. Ibarrart'en «Ikhazkina mendian». Iruña (1882); len-aipua: K. Otaegi'ren «San Franzizko Jabier-ko Indietako Apostoluari». Bilbao (1882); len-saria: K. Otaegi'ren «Arbolari oroipena». Oiartzun (1882); A. Mendiburu'ren omenez; len-saria: Antia'ren «Aita Mendiburu'ri». Iruña (1883); len-saria: K. Etxegarai'ren «Pedro Bereterrakoa, gizon illezkorra».
Urte onetan bertan, ots, 1883'an, Abbadie jaunak Bizkaia'n ospatu nai izan zituen euskal jaiak; Markiña aukeratu zan ortarako, eta Abbadie'k berak sariok jarri zitun, edo obeki, olerkirik onenak, bertsolaririk onenak, pelotaririk bizkorrenak, errada buruan eramanik lasterren egiten zuen emakumeak, ibilkari onenak eta bertoko esne-beirik onuragarrienak izango zituzten sariok; eta neurtitzetan K. Etxegarai'ren «Zertako»-k irabazi zuen. Ondarribi (1883); zillar-domiña: Arrese-Beitia'ren «Uste ez neban ordu bat». Donostia (1883); len-saria: K. Etxegarai'ren «Euskaldunak eta Kartagotarrak». Sara (1884); len-saria: P. Ibarrart'en «Uso saretan hatzemana». Itziar (1884); len-saria: K. Etxegarai'ren «Itsas gizonen kanta, Ama Birjiña Itziarkori». Iruña (1884); len-saria: K. Etxegarai'ren «Ama Euskarari» Donostia (1884); len-saria: K. Etxegarai'ren «Larramendi-ri ikuskera bat». Durango (1885); etzan ospatu. Sara (1885); etzan saririk eman. Iruña (1885); len-saria: F. Arrese-Beitia'ren «Antxiñako denporan». Donostia (1885); saritua: B. Iraola'ren «Euskaldun leial bat». Arantzazu (1886); len-saria: F. Arrese-Beitia'ren «Koronaziñoko egunean». Durango (1886); len-saria: Aita J.I. Arana'ren «Astarloa jakindunari kanteria».
Eta olaxe jarraitu zuten jaiok, gaur kementsu biar ez ain kementsu, baiña beti aurrera. Urte berean, au da, 1886'an, ospatu ziran Donostia'n; len-saria bertsotan: B. Iraola'ren «Kontutxoak», eta Urnieta'n; len-saria: K. Etxegarai'ren «Menditar baten kantua». Donostia (1887); len-saria: K. Etxegarai'ren «Malko bedeinkatuak». Azkain (1887); len-aria: Jose Artola'ren «Erbi-inudea eta katua». Gernika (1888); len-saria: F. Arrese-Beitia'ren «Gure Bandera»; M. Unamuno'k irakurri zuen. Kanbo (1888); etzan saririk izan. Gazteiz (1888); len-saria: B. Iraola'ren «Jose Maria Iparragirre». Donosti (1888); len-saria: K. Etxegarai'ren «Primus circumdedisti me». Donosti (1889); len-saria: Frantzisko Lopez Alen'en «Lezo-ko Santo Kristoren eleizatxoa»; itz lauz. Santestebe (1889); aipua: Ramon Artola'ren «Eguzkiyaren sarrera». Donostia (1890); lensaria: F. Lopez Alen'en «Antziñako Nafar-mendiko oroitz bat». Maule (1890); len-saria: Felipe Kasal'en «Gure Euskara maita dezagun». Donostia (1891); len-saria: K. Etxegarai'ren «Kontu zarrak». Yurreta (1891); len-saria: F. Lopez Alen'en «Maitetxoren eriotza». Donostia (1892); len-saria: Donostiar Batek'en «Onentzaro gaba». Donibane Lohitzun (1892); len-saria: B. Iraola'ren «Gaisuak!». Uztaritze (1893); len-saria: P. Ibarrart'en «Artzaintsa gazte baten bozkarioak». Azpeitia (1893); len-saria: F. Lopez Alen'en «Ama baten otsa seaskaren ondoan». Hazparren (1894); len-saria: B. Iraola'ren «Mari». Donibane-Garatzi (1894); len-saria: Baigurako bi artzain'en «Sarako Martira Madalena Larralde hamabortz urtheko neskatxa». Donibane Lohitzun (1894); len-saria: Bi eskualdun'en «Eskualdunak». Donostia (1894); len-saria: Txomin Agirre'ren «Zer pakea!».
Orobat urrengo urteetan ere. Bera (1895); aipua: F. Lopez Alen'en «Aingeru bat geiago». Ezpeleta (1895); len-saria: utsik. Arrasate (1896); len-saria: Pello Otaño'ren «Kubako gure anayai». Kanbo (1896); len-saria: P. Ibarrart'en «Aitaso baten solasak bere ilobaso xumeari». Maule (1896); len-saria: Diharasarri'ren «Madalen Larralde saratarra hamabortz urteetan hila, 1794-an». Bilbao (1897); len-saria: F. Lopez Alen'en «Oroitz bat Antoine d'Abbadie-ren obian». Donostia (1897); irakurri: Antonio Arzak'en «Joxe». Oiartzun (1897); len-saria, bertsoz: Pello M. Otaño'ren «Anaitasuna». Donibane Lohitzune (1897); len-saria: F. Kasal Otegi'ren «Gure ama maitia». Azken jai auek, euskal bestai asiera ta urte luzez iraupen ez makala eman zien d'Abbadie il-berri zanaren omenez, zarata aundikoak izan ziran, agintariak, ainbat euskaltzalek eta erri osoak parte arturik.
(Ikus Auñamendi, Literatura, I, batez ere, 324'tik 564'ra).