literaturaren zubitegia

982 idazle / 4.691 idazlan
7.240 esteka / 5.728 kritika / 1.828 aipamen / 5.235 efemeride

  A B C D E F G H I J K L M N O P R S T U V W X Z  

Ander Arzelus, Luzear

«Euskal literatura IV»
Santi Onaindia

Etor, 1975

 

35.— Andres Artzeluz, «Luzear»

(1898-1949)

 

        «Artzeluz'tar Ander» ta «Luzear» euskal literaturan. Euskera, bitxi ederra, au landu ta aberasten ari izana dugu Artzeluz ere. Eta nolako gatz eta piperrez! Antzez oretutako umore yaukalez gaiñezka aren lan danak.

        Donosti'n jaioa duzu «Luzear» 1898-8-15'an. Oso euskaltzale zetorkigun umetatik. Eta euskal arazo ta auzi danetzaz ibilli zan kezka aunditan. Ixilka, Elgoibar'en (1926) ta Motriku'n lenengo ta gero Arrasate'n erne nairik zebillen «Euskaltzaleak», Zumarraga'n eta Andoain'en Euskel-Egun gartsuak ospatu ondoren, azkenez Zumaia'n jarri ziran —1930-3-9'an— alkarte onen oiñarri zeatz, sendo ta bein-betikoak. Tartean ziran Lizardi, Urreta, Luzear ta besteak. Lizardi izan zan lenengo buru, urte betean; Urreta'tar Mikel urrengo urtean (1930).

        «Euskel Eguna», «Euskel-Idazle-Batza» ta abar eratu ziranean, Lizardi'k onela Zumaia'ko (1930-3-9) itzaldian: «Gure Idazkariak, guziok ezagun dezuten "Luzear" yatorrak, orri bana emango dizute zuen izen-izenorde ta zuzenbideak, eta baita ere zuen erri-inguruan ezagutzen dituzuten beste euskal-idazleen berri eman dizaiguzuten».

        Itzaldirik asko eman zituen errietan. Etorri trebeko esana zuen: ugari, errez, umoretsua. Eder zitzaion teatru zelaia, ta 1934'an, «Euskaltzale» bazkunak eratu zuen euskal antzerki saillean bera ere epaimaikoen arteko zan.

        Azken guda zala-ta, gorriak ikusi bear izan zituen. Nork ez? Guenean, mugaz beste aldera aldatu ta Baiona'n il zan 1949-8-27an.

 

        EUSKAL LANA.— Aitor dugunez, izlari ona. Ta «Euskal Esnalea»-k eraturiko itzaldietatik bat, berak eman zuen (Lezo'n, 1930-5-4'an). Gaia: «Garbizu'tar Jon olerkaria». Itzaldi guztiz bikaiña, olerkiari ta Zubigar olerkariari buruz ainbat gogai eder arilduaz egiña. 1935'an Bilbao'n argitaratu zan «Libro de Oro de la Patria» deritzan idazti garaian ere ba-du Euzkadi, Agur! izenburutzat duen lan bipilla. Gogora bi auek ere:

        1) Neskamearen marmarrak (Tolosa, 1934), «Antzerti»-n dator, 31'garren zenbakia. Bakar-izketa da, aurreneko aldiz Arzeluz'tar Amaletxo'k Poxpoliñetan egiña.

        2) Euskal Edestia (Zarautz, 1935). B. Estornes Lasa'k umetxoentzat erderaz egindakoa, Artzeluz'ek euskeraz. Txit polita.

 

        NOLAKO EUSKERA?— «Neskamearen marmarrak», tamalez, lan motza du, baña bizi-bizi idatzia. Irakur zazu zatitxo au; poliki bai azaltzen duela egun osoan lan eta lan ari das neskamearen agoak, «señorita»-ren jarduna.

        «Amarretan jeiki. Amaikaterdiak arte, bañua dala, gosaria dala, ezpañak piper gorriz ta begiak zikulu-saltsa beltzez pintatzia dala, arpegia autsez josi, gerria extutu, bere xanko politai (tanbor makillak dirudite gero!), bere xanko politai begiratu, gonak pittin bat goraxeago jaso, ixpillu aurrean (Jesus, ixpillu aurrean... oiek komeriak!) onera begiratu, ara begiratu, au ikutu, ura ikutu... atzekoaldiak ematen dizkion lanak...! aunditxua iruditzen nunbait... ta igurtzi ta igurtzi, igurtzi ta igurtzi, "limatu" naian bezela. "Linea" ez galdu nai ba! Orrenbeste pantasi gabe begiratzen zigutenan beintzat guri mutil morrosko bapo askoak! Esango nuke...».

 

        (Ikus Euskal Esnalea, 1930, 114 orr.; Auñamendi, Literatura, III, 295 orr.; Jon Bilbao, Eusko Bibliographia, I, 244 orr.).

 

Bilaketa