1. Juan Antonio Mogel eta Urkiza
(1745-1804)
Iru Mogeldar dira euskal literaturan: J. Antonio ta onen illoba Juan Jose ta Bizenta neba-arrebak. Irurok euskal idazle aberats. Ortaz, zuzen esan zigun K. Etxegarai'k iru Mogel'ak Euskaltzaindia sortu baiño len euskaltzain zirala.
BIZITZA. Gizaseme sotil onen bizitzako gorabera askorik ez jakin arren, idazle apaiñez gaiñ eragille azkar izan bait-zitzaigun euskal gaietan, ark eta onek eskutitzetan eta liburuetan supituan legez aipatzen dutenetarik osatu genezake zerbait, naizta garbitasun larregi gabe.
Juan A. Mogel'i buruz idatzi zuen liburuxkan, J. San Martin'ek dio: «Jakituna genduan, baiñan langillea bezin ixilla eta, esate baterako, ez zan arduratu ere egin bere idazlanak ezautarazten. Ori zala-ta edo, bere lanik geienak eriotza ondoren argitaratu ziran, eleiz libururen bat edo beste kendu ezkero».
J.A. Mogel'en aita, Juan Iñazio, markiñarra zan jaiotzez; aitona, ordea, Andres Domingo, Alfaro'n sortua nunbait, naizta gero Markiña'n sendagille egona izan; amona, arabarra zuen. Juan Iñazio Markiña'n jaio zan; eta gero, Xemein'go alaba Gabriela Iñazia Urkitza'rekin ezkonduta, Agurain'en eta Eibar'en sendagilletzatik bizi izan zitzaigun. Emen jaio zan J.A. Mogel 1745-12-6'an, orduko oiturari jarraituz egun berean bataio-urez indarturik. Izan zitun anai-arrebak eme: Juan Iñazio Ramon, 1747'an Eibar'en jaioa; Maria Josefa Lorentza, 1748'an Eibar'en jaioa; 1749'an Deba'ra aldatu zan Mogel sendia, ta an jaio zitzaion bigarren anaia: Juan Jose ta Bizenta'ren aita. 1753'an Deba itxi ta Markiña'ra aldatu zitzaizkigun Mogeldarrak, eta ementxe artu zuen gure J. Antonio'k, 1753'an, Sendatza deritzagun sakramentua.
Ez dakigu nun ez noiz egin zituen bere abade ikasketak. Utsunez beterik daukagu aren gaztaroa. 1770'tik, egia, Markiña'n agertzen zaigu, apaiz arazoetan murgildua; 1775'an Etxebarri'ko Ander deunaren eleizan daukagu, ta azkenez, 1778'tiko epaillaren 4'tik bere eriotzararte, Xemein'go erretore edo txaunburu. Atzen egunak Gaitan Aiala'ren etxean igaro zitun. 1804-5-11'an il zan, gexoak ikusten joan eta kutsuturik, A. Añibarro'k dioanez.
Mogel ta Añibarro, bata apaiz ta prantziskotar praille bestea, alkar ondo artzen zutenak ziran. Añibarro goratuz au dio Mogel'ek bere Konfesiño Ona deritzan liburuan: «Gura dabenak sinistu Bizkaiko euskeriak ez deutsala ezer zor kiputzenai, irakurri begi liburu onek baño leenago urtengo daben neure adiskide andi, ta gauza onetan neure biarlagun legez egiten dan Aita Fray Pedro Antonio Añibarro Zarauzko Kolejio A. San Franziskoren Ordenan Misiolarijak bizkaitarrentzat atera daben liburu txikar, baña urre guztiak baño geijago balio dabena». Eta Añibarrok Mogel'gatik bere Gramática Bascongada'n «Bizkaiko abade jainkozale, langille, jakintsu, errukior eta araberakoenetarikoa izan da».
Bearrizan aundian il zan, seguraz ere. Daranatz'ek bere Curiosités liburuan aitortzen duenez, Frantziatik matxiñada zala-ta iges zetozten apaiz eta beartsuai laguntzen eralgi omen zituen zeuzkan ondarrak. Oietakoa genduan, antza, Peru Abarka'n agertzen zaigun baigorritarra.
IDATZIAK. Idazle argi ta etorri ugarikoa zan Mogel. Azken urteetan batez ere, asko idatzi zuen. Ona sail bat bizitzan eta il ostean argitaratuetatik:
1) Confessio ta Comunioco sacramentuen gañean eracasteac edo cembat gauzac lagundu behar dien Confesio ta Comunioari ongui egiñac izaiteco (Iruña, 1800); Ezkerro'ren alargunaren etxean. 255 orriialde. Bigarrenez ere Tolosa'n agerrazi zan 1885'garren urtean. Gipuzkeraz dago. Ta auxe duzu Mogel'en dotrina-lanik zabal garrantzitsuena. Ezta alere, lan osoago baten zati bat baizik. Bigarren zatiak Cristau Eracasle euscalduna du izenburu, ta 388 orri edo folio ditu, baña argitara gabe datza Bizkaiko Diputazioko Liburutegian.
2) Versiones bascongadas de varias arengas y oraciones selectas de los mejores autores latinos, o demostración práctica de la pureza, fecundidad y elocuencia del idioma bascuence contra las preocupaciones de varios escritores extraños, y contra algunos bascongados que solo tienen una noticia superficial del idioma patrio (Tolosa, 1802). 24 orrialde. Gero, Peru Abarka'n ere argitaratu ziran beste batzuk bizkaieraz, Kinto Kruzio, Salustio, Tazito, Tito Libi, ta Kikeron'en itzaldi ta jardun zatiak euskerara biurtuta.
3) Nomenclatura de las voces guipuzcoanas, sus correspondientes vizcaínas y castellanas para que se puedan entender ambos dialectos. Zortzi orrialde. Humboldt'ek aipatzen du bere «Rectifications et additions au Mithridate d'Adelung» dalako lanean.
4) Confesiño ona edo ceimbat gauzac lagundu biar deutseen confesinuari ondo eguiña izateco (Gazteiz, 1803); Fermin Larunbe'ren etxean. 296 orrialde. Bizkaiko euskeraz. Bizkaieraz bi argitaldi dira, bata osoagoa bestea baiño. Lenengoz gipuzkeraz atera zuen; gero bizkaieraz, komuniñoarenak barik; 1853'an agertu zuen bizkaieraz osoa. Beste ateraldi guztiak laburragoak dituzu. (Ikus A. Lino, BAP, 1965, 90 orr.). Bost aldiz gutxienez argitara emana.
5) Cristinaubaren jaquinvidea aita Astetec erderaz egina, ceñetan aguertu ta adierazoten dirian itaune ta erantzunetan gueure fedeco gauzaric biarrenac (Gazteiz, 1805?; Bilbao, 1821). 96 orrialde. Geroztik ere sarri azaldu izan dute; baita laburpen bat ere Busturiko eleizarako. Ederra.
6) Cartas y documentos sobre la lengua vascongada (Madrid, 1854). Memorial Histórico Español deritzanean argitaratu ziran, VII'garren alean; ementxe aurkitzen dira Garibai'ren Oroitzapenak eta Esan Zaharrak ere. Idazkiak Vargas Ponce'ri egiñak dira, ta agiriak ibero ta sikanitarrai dagozkienak.
7) El Doctor «Peru Abarka», catedrático de la lengua bascongada en la Universidad de Basarte o Diálogos entre un rústico solitario bascongado y un barbero callejero llamado Maisu Juan. Bilbao'ko «Beti Bat» egunerokoan (1880) atalka agertu zan lenengo, ta gero Durango'ko Elizalde'ren irarkolan (1881) atera zan; liburu ederra, 240 orrialdekoa. Geroago ere, Durango'n 1904'an eta Zarautz'en 1956'en argitara ekarria izan da; eta azkenengoz, Retana jaunak Bilbao'n, beiñola Azkue zanak euskeraz ta erderaz atera zuena bera. Gregorio Arrue'k gipuzkeraz jarri zuen erdia inguru, gero 1948'tik 1950'ra BAP'ek argitara emana. Liburu au Mogel'ek 1802'n idatzi zuen, baiña etzuten baimenik ematen argitaratzeko.
8) Análisis filológico de un sermón euskérico. Sabino Arana'k atera zuen «Bizkaitarra» zeritzan aldizkarian, 1895'an. Baiña sermoia Mogel'ena duzu.
9) Pascal'en Gogamenak, Azkue'k «Euskalzale»-n (1899) argitaratuak.
10) La Historia y Geografía de España ilustradas por el idioma vascuence. 192 orrialde, Soraluze'k diñoanez. Justo Garate'ren ardurapean, «Euskera» aldizkarian (1935) argitaratu ziran pusketa batzuk. Mogel'ek bere garaiko giroari jarraituz astindu zuen lan au, eusko-iberismu eremuan ere bere iritzia argi ta zeatz azaldurik.
11) Ipui eta bertso batzuk, bere illobaren liburuan datoztenak; onez gaiñ, eskutitz mordoa, eta oraindiño argitara ekarri gabeko beste idatzi batzuk, Vargas Ponce'k bildu ta gaur Madrid'eko Academia de la Historia dalakoan aurkitzen diranak. Derio'ko Apiaztegian, Kristinauaren Erakaspena.
Idatzi guztiotatik euskerazkoak dituzu ederrenak: Konfesiño Ona, Erakasteak eta Peru Abarka baitik bat. Orixe'k au, Peru Abarka'ri buruz: «Bizkaia'n ez ezik Euskalerria'n argitara den libururik ederrenetakoa da Peru Abarka (1881). Euskal-biziera gai artu zuen, eta orregatik zaigu zalegarriago. Peru nekazaria, eskolagabea, euskeraz besterik eztakiena, Maisu Juan sendagillearekin ariarazten du. Peru ederki bezain Maisu Juan gaizki mintzatzen da. Gure Basarte'ko Irakasleak erakusten dizkio Maisu Juan'i ta guri ola, errota, eundegi, ardandegi ta gai erako lantegietan eta bildegietan diran gauzak eta itzak. Esaera, oikuntza, neurtitz, atsotitz eta olakoak edertzen dute liburu au. Atzenean eratxiki ditu latiñezko itzulpen batzuk: Curtius, Salustius, T. Livius, Cicero; ez ditu oso motel ari euskeraz. Izkera apaina, bizia, etorria, ugaria ta egokia du» (Euskal Esnalea, 1927, 232 orr.).
AR-EMANAK. Idazle ta euskalari guren zanez, bere aldiko askorekin izan zuen ar-emana. Mogel gertu zegoen beti nornairi laguntza emateko, ta doai au ederra izan oi da adiskide-korapilloak ertsiki lot-azteko. Ona Mogel'en adiskideetatik batzuk:
Aita Añibarrok bere adiskide ta lankide bezela aitortzen du Markiña'ko erretore jauna. «Neure adiskide andi eta gauza onetan neure biarlagun» deitzen dio, bere «Esku-liburua» osatzen egin zion onagatik. Adiskide bion liburuak «Konfesiño Ona» ta «Esku-liburua» dituzu bizkaierazko lenfruturik bikaiñenak: gerotxoago etorriko ziran Prai Bartolome, Astarloa prantzizkotarra ta gaiñerakoak. Mogel'ek, ordea, A. Palazios oiñatiarrak erderaz egiñekotik A. Añibarro'k euskeraztu zuen «Lore sorta espirituala» edertzat jorik, au dasa: «Jainkoak gorde dagijala, Euskalerriak dirauben artian, Zarauzko Kolejiua. Bai arren bai».
Humboldt doixtar jakitunak, Euskalerrira bigarrenez egin zuen osteran Mogel autu zuen aolkulari, beste batzuekin; onek erakutsi zion Lelo'ren kanta zaharra, Markiña'ko Liburutegi baten idoro zuen Ibarguen-Cachopin'nen kronika argitara gabean arkitutakoa noski. Asko lagundu zion, dudarik gabe; ta Humboldt'ek ordaiñez Mogel'en Nomenclatura de las voces guipuzcoanas aitatzean, au dio: «Egillea, Mogel, Markiña'ko arimazaia, izkuntza gaietan Euskalerriko gizonik aituenetariko bat».
Vargas Ponce zuen beste adiskide min bat: ainbat eskutitz zuzendu zizkion, eta danetan ageri zaigu maitekor, apal eta duintasunez betea.
Izkuntzari (filologu) bikaiña zan Mogel; eta, jakiña, Paulo Astarloa'ren adiskide ere izan bear; ezagutzen zuen onen «Apologia», baita iñoizka kontuz ibiltzekoa ere adierazi zion. Latzak ziran, izan ere, orduko leia, mokoka ta eztabaidak euskalarien artean, Hervás y Panduro, J.B. Erro'rekin eta antzekoakin.
IPUINGILLE. Olerkari bete ba liteke ezetz, baiña ba-zuen erreztasunik kopla politak txibiztatzeko. Ona aipatu berri dugun prusiar Humboldt'i eder izan zitzaizkion bertsuok, Mogel'ek Markiña'ko iturriari jarriak: «Karlos Irugarrena/ Bizkaiko jaun dala/ Markiñako uriak/ egin dau onela./ Ugarteko axpeetan/ daukat jatorria,/ ubide sakonetan/ ekarri ugaria./ Ur au ederra zala/ esanik aituak,/ alan arindu dira/ neke ta kastuak».
Mogel'ek, oler-garra zuelako, alegi alaiak ondu zituan: lar maitekor alkar artu ezta ere, Samaniego ibilli zitzaigun bidetik ibillia dugu. Bizenta Mogel ipuilari yaukala dugu, euskal fabularik onenetarikoak idatzi zituena. Ta nori zor dio ori? Bere osabari, ziur asko. Eta Bizenta'ren ipui artean dauzkagu osabaren 8 alegi ere, Iriarte ta Samaniego'ri jarraituz egiñak; bizi-biziak noski, ta «amaierako ateraldiak olerki kutsuz» dituztenak.
Zernaitarako zuen ezpala, baita bertsogintzarako ere. Aipatutakoz gaiñera, ainitz esaeraz eta alkar-izketa gogo-alaigarriz edertu zigun «Peru Abarka». Liñuaren penak deritzan bertso saillak argi derakusgu Mogel'en etorria ta bertsotarako egokitasuna. Nork ez ditu entzun bere ahapaldi goxoak?
Kanta dagiguzan dio
linuaren penak
ezpata oneen otsian
izanik latzenak;
alkar ondo artuta,
soñuba neurturik,
gorputzeko nekia
isteko arindurik.
Gaur ere (1971) Bilbao'ko «Ferial Agrario» dalakoan zeuden, orman goitik beera idatzita, 20 ahapaldi zortziko txikitan egiñak.
«Peru Abarka»-n datoztenak kenduta, amaika bat alegi ditu. Alegiok, bein baiño geiagotan, A. Zabala'ren ipuien artean argitara izan dira. Itzaurrean eta arkibidean, orraitio, beti esan izan digute, zeintzuk diran A. Zabala'renak eta zeintzuk J.A. Mogelenak (Ikus Etudes Basques, 1907, 88 orr.).
EUSKAL IDAZLE. Mogel, jaiotzez eibartar izanik ere, Markiñako euskeraz mintzatu zan. Eta idatzi, geienbat beintzat. Onek ere bazuen, baiña, zimiko aspergarria: gaur berton darabilgun euskal idatzi batasunarena. Ezagun zitun euskalkiak, eta bere txokoari geiegi erantsi gabe, besteekin ere arduratu zitzaigula esan bearrean gaude. Aitor dugunez, argitara zuen lenengo liburua gipuzkeraz dago; etzan, beraz, ertsia ta mukerregia bere iritzietan, askotxo izan oi diranez.
Baiña onela jokatu zuelako, marmarioz ari zitzaizkion, itz astunak ere arpegira jaurtirik. Aopetiko itz gaiztuok min eman zioten antza, ta bizkaieraz egin zuen «Konfesiño ona». Aurretik gipuzkeraz egin zuen «Konfesio ta Komunioko sakramentuen gañean erakasteak» bera da, mormorketak zirala-ta, izkelgi onetan emana. Itzaurrean dio: «Bazaut, autor dot, ta ez daukat aztuta bizkaitar barrukoentzat gatx izango dala Kiputz euskeria ondo aditutia. Baña berba askatu adituten ez diranak, aditu oi dira lotu ta katetuta dagozan bestiakaz batera. Alan bere, atsegin ematearren, ta gauza ain biarrak itsatsi ditezen obeto bizkaitarren biotzetan, ipiñi dot liburu bera bizkaiko euskeran, ta zerbait laburtu ditut luziak zirudiezan irakaste edo dotriñak».
Istinga zabal bateko ura bezain gardena dugu Mogel'en izkera. Edozetan trebe darabil idazkortza; euskerak ez duela gaiztasunik ez eziñik nornairi adierazten emanaz. Mogel euskal idazle klasiku bat dugu, oberenetarikoa izan ere. Ba-ditu akats batzuk nork ez?, joskeran batez ere. Baiña ez da arritzekoa, jaiotzeko bait zeuden oraindik gure erri-euskeraren joskera jatorra tinkotu zuten Arana-Goiri, Azkue, Altube, Orixe ta besteak; Altube'k bere Erderismos dalakoan dioskunez, euskeraren joskera berezia ortxe dago, egon ere, galdekizuna ta aditza nun ipiñi bear diran jakitean.
IRITZIAK. Justo Garate'k, Mogel ta Astarloa jarri zituen arpegiz arpegi, bakoitzak zeuzkan alde onak eta bada-ezpadakoak argi jarririk. «Astarloa ta Mogel tartean bizi bikiak egingo ba'genituke, onek ari aurrea artuko lioke apaizgintzan, euskal idatzi ederrean...».
J.M. Lojendio'k itzaldi batean: «Mogel'en soluan ez zan egoteko betarik. Ura langilearen bikaña! Ura euskerarenganako maitasuna! Kaletar erderazaleei, euskeraren aberastasuna erakutsi nai zien. Eleiz-liburuetan ez ezik, gañerako beste edozein idaz-gaietan ere. Euskaldunen izkuntza, izango ez ote zan bada, beste errietakoak bezin trebe ta egokia, berak aña gauza esateko? Noski, euskaldunak, burua zerbait nekatu nai izan ezkero. Eta Mogel'ek, euskaldunen alperkeri ta nagikeria astindu naiean, ekin zion lanari» (Euskera, 1960, 40 orr.).
L. Mitxelena'k: «Oso eta bizirik daude Peru eta Maisu Juan eta inguruko guztiak. Ain bizirik ere! Biziak baiño biziago, zenbait sortzalle trebek beren umeei muiñetaratu dioten bizi iraukor orrekin. Eztugu biziagorik euskal literaturan. Eta orien ezpaiñetarik darion izketaren gatza, Bizkaiako izkerak berezko duen gatz larri xamar ori da» (Euskera, 1960, 42 orr.).
K. Etxegarai'k, Euskaltzaindian sartzerakoan: «Mogel'en baserritarra, Mogel'en Peru, ez da gure egunetan olerkari batzuen buruan sortutako baserritarren antzekoa: baserrian, abereai begira, lurraren izerdia isuriaz nekez bizi dan baserritarra da. Ala ezpalitz, ez litzake egiazkoa izango» (Euskera, 1960, 42 orr.).
J. San Martin'ek: «Mogel'en lanak, beragandik eun urtera ere irakurtzen dira, jakina, ez gaurkotasunez daudelako baña bai jatortasunez. Gañera, urteetan zear: iritziak, biziera, oiturak eta giroa ere aldatu egiten dira eta gaur ezin diteke biarko lanik egin, biarkoaren biderako baizik; biarkoak zertara joko duen ez dakigulako. Gauza bat bakarrik oartu genezake: biar, gaurko idazleen artean klasiku izatera eltzen diranak bakarrik irakurriko dirala, ta orien arte, izkuntzarik geienen literaturan, izketa jatorraren aldetik beren idazkera ongi erabilli duten idazleak, bakarrik izan dirala klasiku. Ta baita ere, ondo agirian dago, mintzairaren muñaren jatortasuna ongi erabiltzeko gauza izan diranak, geien-geienetan, gaiak ere onak erabilli dituztela, eta orregatik, oraindik gaur ere pozik irakurtzen dirala. Garbi agiri da, idazlearen zentzunak zer ikusi aundia duela, ta idazle onak, izkuntza ta gaia, alkarri bereziki uztartzeko nortasuna duela» (Euskera, 1960, 49 orr.).
Eta A. Villasante'k: «Mogel'en lana jatorra dugu; euskal bizitza du oiñarri, XVIII'garren mende azkenerantza Bizkaia'n bizi izan zana. Eta aren izkerak, bere irri-erkatx, iztegi ugari, itz-inguru, esaera bitxi, atsotitz eta abarrekin, euskaldun utsarena adierazi nai du. Mogel'en tesia, beraz, auxe da: euskerari begira, gure baserritarrak dira maisu ta aiengandik ikasi bear dugu; eta besteak, eskolatuak, ondatzaille ez dira besterik, eta Peru baserritarraren ikasle izanik ikasi dute soilki dakiten on guztia» (HLV, 209 orr.).
(Ikus J. Vinson, Essai Bibl. Basque, 68, 148, 149, 152 eta abar; J. Garate, La Epoca de Pablo de Astarloa y Juan Antonio Moguel, Bilbao, 1936; G. Garriga. Bol. Amer. E.V. 1955, 162 orr.; J.M. Lojendio, «Egan», 1954; S. Onaindia, MEOE, 253 orr.; K. Etxegarai, Euskal Esnalea, 84-95 orr.; J. San Martin, Juan Antonio Mogel, Zarautz, 1959; L. Mitxelena, HLV, 108 orr. L. Villasante, HLV, 199 orr.; Auñamendi, Literatura, I, 267 orr.).