literaturaren zubitegia

1.073 idazle / 5.164 idazlan
7.841 esteka / 6.390 kritika / 1.828 aipamen / 5.572 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
«Euskal literatura V»
Santi Onaindia

Etor, 1977

 

5.— Gregorio Mujika Mujika

(1882-1931)

 

        Euskaltzale bikain onek, gure enda-inkuntzaren eta euskal nortasunaren alde ipiñi zituen bere su, adore ta ataza guztiak.

        Ormaiztegi'n jaio zan 1882-12-24'an. Bere aita, Serapio Mujika, Gipuzkoa'ko Artxibuen begiratzaille ta kronista, ta ama, Iñazia Mujika. Amabi urte zeuzkala, 1895'an, Beasain'era aldatu zan bizi izaten, eta an asi zuen batxiller karrera, urrengo urtean Bergara'ko Aita domekarren ikastetxean jarraiturik; azkenez, Donosti'n osotu zituen mekanika injienerutza ta industri maixutza. Geroztik beti Donosti'n bizi izan zan. Eta berton il zan 1931-7-22'an, 49 zeuzkala. Errenderi'n obiratu zuten bere gorpua, sendikoen illarrietan.

 

        IDAZLE BIZKOR.— Gazte zala asi zan idazten, euskeraz ta erderaz. Eta, jakiña, bere aurreneko lanak, euskerazkoak, Bergara'n ikasketak amaitu ta Donostia'n aurkitzen zala egiñak dituzu: Bilbao'ko «Ibaizabal»-en (1902-1903), datoz aren lenengo olerki arin politak. Arrezkero idazteari ekin zion egundo ere aspertu barik. «Euskal-Erria»-n, «Euskal-Esnalea»-n, «Euskalerriaren Alde»-n, «Euzkadi»-n, RIEV-en, «Vida Vasca»-n, «Novedades»-en, amaika iritzi-emate eder agertzen da berak idatzita.

        Berak zuzendu zitun «Euskal-Esnalea» ta «Euskalerriaren Alde» 1911'tik 1931'rarte: bere lanik jakingarrienak bi aldizkariotan datoz. 1907'an asi zan gaillentzen, sortu-berri zan «Euskal-Esnalea» bazkunaren idazkari izendatu zutenetik. Literatura batzaldietan, an eta emen, sariak beranagatzen ditu; izlari trebe, aomen ederra irabazi du; Bilbao'ko «Euzkadi»-n artikulu atsegiñak, baita Donostia'ko «El Pueblo Vasco»-n eta «Argia»-n ere. «Euskal-Esnalea» ta «Euskalerriaren Alde» aldizkarien bitartez, ainbat idazle berri sortu, goratu ta bizkortzen ditu: bi aldizkariok urtero eratzen zituzten elerti-batzaldiak etziran auntzaren gauerdiko eztul bakarrik. «Eusko-Ikaskuntza»-k antolaturiko Euskal Batzarretan (Oñati, 1918; Iruña, 1920 ta Gernika, 1922) zenbat lan eder burutu zuen G. Mujika'k!

        Ona bere liburu batzuk:

        A) EUSKERAZ: 1) 1907'ko uztaillaren 28'an, Elgoibar'ko Euskal jaietan irakurritako itzaldia (Donosti, 1907), 7 orrialde; 2) Eibar'ko seme ospetsuen berri batzuek (Donosti, 1908), Donostia'ko Euskal Itz-Jostaldien Batzarrak, Eibar'ko euskal jaietan saritua, 36 orrialde; 3) Ernani'ar ospetsuak. Iturriaga. Kardaberaz. Urbieta (Donosti, 1910), 132 orrialde; 4) Lorak eta Ogi (Irun, 1910) ipuia, 12 orrialde; 5) Pernando Amezketarra (Donosti, 1925), bigarrenez ere Donostia'n (1927) eta irugarrenez Zarautz'en (1948), 100 orrialde.

        B) ERDERAZ: 1) Trueba, su significado en la moderna literatura vasca (Donostia, 1914), 74 orrialde; 2) El espíritu de la economía (Bilbao, 1922), 94 orrialde, N. Oleaga'k euskeratu zuena; 3) Historia de Eibar (Donosti, 1911), «Euskalerriaren Alde»-n dator 1911, 1912, 1913 ta 1914'etan; 4) Monografía histórica de la Villa de Eibar (Irun, 1910), 511 orrialde; 5) Sembrad con amor! (Madrid, 1921), ipuia, Ander Amonarriz'ek «Naitasunez erein!» izenpuruakin euskeraz jarri ziona (Donostia, 1930), 12 orrialde; 6) Tradiciones y costumbres, «Primer Congreso de Estudios Vascos» liburuan, 619'garren orrialdean datorrena. Or-emen sakabanaturiko artikulu batzuk «Auñamendi» sortak atera zuen «Los Titanes de la Cultura vasca» idaztian datoz.

        Idazle bezela, oso jatorra dugu, arin, errez, sakon. Izaera zuen orrelaxe, ta izate barruan dakarguna laster azalera agertzen. «Argia»-ren «Astea» sailla bai goxo eskintzen zigula, gai ezerezetik makiña bat gauza eder jalki-aziz. A.M. Labaien'ek dioskunez, euskal antzerkiari bultzada polita eman zion, «Saski-Naski» taldearen bitartez baitik bat; berak itzaurrezten zitun talde onen lanak. «Izarra» komeri-sortan erdikide zan, eta Deñoka'tar Goserio-z, beste batzuen laguntzaz, Utzi bearko, (Donosti, 1919), Neskame berria (Donosti, 1920) ta Gizon bikañak (Donosti, 1920), beintzat, «Izarra» sortan datoztenak, bereak ditu.

        Lumaz ari zitun gai guztiak euskal lurrarekiko maite-sutan gaiñezka daude, bai euskerazkoak eta bai erderazkoak. Idaztearren soilki ez du inoiz idazkortza eskuratzen, zerbait —eta zerbait ori euskal gauzetaz— esateko baizik. Utzi zizkigun olerkiak ba-dute mamiñik.

        Izenorde auek erabilli zizkigun: «G. de Biona», «Zarzale», «Bildari», «Jeme», «J.M. de Oyarbide», «J. de Zumuarregi» ta «Deñoka'tar Goserio».

 

        (Ikus Euskalerriaren Alde, 1931, J.M. Estefania, E. Aranzadi, F. Arozena, M. Urreta, A.M. Labaien, A. Orueta, E. Arrese ta beste batzuen lanak; Euzkerea, 1931, 699 orr.; RIEV, 1931, XXII, 639 orr.; S. Onaindia, MEOE, 870 orr.; G. Garriga, Bol. Am. E.V., 1957, 185 orr.; A.M. Labaien, Teatro Euskaro, II, 163 orr.; Auñamendi, Literatura, II, 431 orr.; J. Bilbao, Eusko-Bibliografia, V, 508 orr.).

 

Bilaketa