3. Juan Bautista Eguzkitza Meabe
(1875-1939)
Gaurko idatz-moldean batez ere, ez datoz gaizki iñoren iritziak. Ona, beste askoren artean aukeraturik, idazle onetzaz M. Zarate'k dioskuna: «Euskaldun, fededun eta jakitun izan zan Eguzkitza. Eta, euskeraz, bere fedea ta jakituria euskaldunen buru-biotzetan ereiten alegindu zan, bere bizitza guztian, orain arte lez, aurrerantzean be, euskerea geure siñestearen lagun eta jagola izan dakigun».
Izan ere, Eguzkitza'ren dudamuda ta kezka osoa itzotan josia daukagula aitortu genezake. Korapillo bipil bat-berarekin lotuta dakus Euskalerriaren siñestea ta bere izkuntza, euskera zarra; siñismenari laguntzeko, euskera jagon ta zaintzea dugu biderik onena. «Izkuntza aldatzea dio ark, erriaren gogoa aldatzea da; baña gogoa aldatzeak, aurreragoko siñeste, ekandu ta izkeraren aldatzea beragaz daroa; euxegaitik, Euskalerrian, bere siñeskintza ta ekanduai eutsiteko, bere gogoari, gogo orren mendu ta izakera bereziari eutsi bear dautsegu; baña oni eutsiteko, euskerea galdu ez dedin, lan egin bear dogu» (Lenengo euskalegunetako itzaldiak, 1921, 127 or.).
BIZITZ-ZEAZTASUNAK. Lemona'n jaio zan Eguzkitza, 187511-28'an. Norbere egitekoa zer dan dakiten guraso onak egin oi dutenez, eziketa guri saiatua artu zuen etxean, ume-umetatik artu ere. Eta ezpiritu-balioz mordindurik zegoen sasoi artan, ezta arrigarri, goi-bizitzaz zaletu ta eliz-karrera ikasi nai izatea. Orrez gaiñera, argi ta bizkor zetorren Jon Ugutz gaztea.
Garai artako gazte askok bezela, emen Larrea'ko latin ikastetxean burutu zizkigun len ikastaroak, Gazteiz'era aldatuaz ondoren Jakintza ta Teolojia ikasteko. Uri ontako apaiz-ikastegian sei-zazpi urte egiñik, Ramon F. Pierola Gazteiz'ko gotzaiaren esku-ezartez artu zuen apaizgoa, 1899-12-21'an. Apaiztuta gero ere, ikastetxean bertan gelditu zan irakasle, zeregin orain urte batzuk emanez; gramatika ta erretorika erakusten zituen. 1903'an, urrillaren lenengoetan, ikastaro berriari asiera ematerakoan, berak egin zuen latiñez sarrerako itzaldia, orduko gotzai Cadena y Eleta, irakasle lagun ta ikasle mordoaren aurrean. Itzaldi ortatik atera dezakegunez, ondo ezagutzen zituen ordurako Bergili ta Orati, eta auen olerki-lanak (Boletín Oficial Ecclesiástico, 1903, 388 orr.). Bertan zegoelarik lortu zuen Jainko jakintzarako eder-etsia izatea ere, Teolojian Lizenziatura egiteko bear zituen ikasketak amaituaz. Oso aitua zan griego ta latin izkuntzetan batez ere.
Gerokoan, ia bizialdi osoa, 1904'gntik Lekeitio'n, itxas bazterreko uri txukunean, eman zigun. Gazteak, eliz-karrera osotu nai zutenak bereziki, ementxe zeukaten Eguzkitza jaunak zuzenduriko Latin-ikasgua: 1923'tik Eustasio Arritola'k lagundu zion. Egikizun ontan etzebillen txintxilimur: ba-zuen oraindik astia erriz erri itzaldiak egin, aldizkarietarako lanak idatzi, Euskaltzaindiari txostenez eutsi ta orduetan gaiak sakontzeko ere. Etzitun gaiñera batzaldi gutxi antolatu umetxoen Kristau-Ikasbiderako. Etzan iñolaz ere gizaseme batean ziri bestean mara, odol-bizi ta zaiñart dabiltzan oietakoa. Arazo berberean, ia ogetamar urte igaro arren, pozik aurkitzen zan.
Lekuona'k onela Eguzkitza'ren erlantza: «Apaiza zala esan bearrik ez dago aren idazlanai galde. Eta nolanaiko apaiza, izan ere. Jaungoikozkoa benetan, eta benetan jakintsu, gañera. Buruz ondotxo jantzia, berez eta ikastez. Adimen trinko ta sendoa. Sophistikeri gabeko skolastikoa. Oldozpen sakon eta argia. Itz ondo ebakia. Jardunean eta lagunartean, itz-murritza. Aurpegi irritsua orraitik. Lanean, langille gotorra, aspertzegabea. Akademiz Licentiatua» (Euskera, 1953, 39 orr.).
Gerra-aldian eta ostean, aron ibilli zitzaigun, baita aldikada batez illunpeko gela beltzean etzan ere, Etxepare gure len-idazlearen antzera. Azkenez, oraindik gordin, Lemona'n il zan 1939-8-12'an. Liburu sail ederraren jabe zanez, itzali zanean Lemoa'ko elizari utzi zion osorik. Baiña etziran, tamalez, esku onetan jausi, eta al zuenak eraman zuen al zuena. Gaur, beraz, aren ta onen eskuetan aurkitzen dira aren idatzi ta liburu autak.
EUSKAL LANA. Esan dugunez, aldendu gabeko antsi bat, artegatasun bat zeraman biotz barruan: euskera galdu ezkero, gure erriarenak egin du, gure erri siñestedunarenak batez ere. «Jaunak emon eutsen dio gure asabai ta oneik itxi dauskue guri. Jaunak emondako izkuntza onek Jaunagana garoaz... Orain arte beintzat, euskera, gure siñesmenaren lagun andia, aizkide laztan-kutuna izan da. Kristiñau izatea beste lurreko arazo guztiak baño zerbait geyagotan daukagunok, auxegaitik bakarrik be euskera maite-maite izan bear geunke. Izkuntza zearo galtzeak errien siñismena eta oitura onai be kalteak dakarzkie» (Arrasate'ko Euskal-eguneko itzaldia, 1928, 11 orr.).
Kezka ta izi-aldura auek jota ibilteak, ordea, egundoko mesedea egin zion Eguzkitza'ri, eta bidenabar euskereari: olan izan ezpalitz, etzigun ziur asko burutu zigun aiñako euskal lanik burutuko. Soin eta gogo gareala gomut-arazirik, eta izkuntza gure gogoaren izpillu, barru-bizia dala ikusirik, bere asmo ta gurariak euskeraz adierazten alegindu zan; au da: barruan zeramana itzez eta idatziz, gaur goxo biar latz, besteai ere erakusten saiatu zan, euskaldun enparauak ere asmo ta elburu berdiñerantz zuzendu naiez.
Urte luzeetan ari izan zan idazten; bizitaldi osoan alegia. «Jaungoiko-Zale» sortu zutenetik, aldizkingi onen arteztzailletatik bat izan genduan, bertan lenengo ta gero, 1932'tik aurrera, «Ekin»-en aspertu barik idatziaz. «Eguzkitza» ta «Lemoatarra» erabilli zizkigun lanak izenperatzean. «Euskera», RIEV, «Yakintza», «Euzkadi», «Euzkerea» ta olako eguneroko ta aldizkarietan agiri dira aren lanak. Idazle eder dugu beti: gaiak illunak edo-ta gutxi erabilliak izanda ere, txit argi ta ulerterrez irtetzen zuten Eguzkitza'ren luma bizkorretik.
Ona, banazean, argitara zitun liburu batzuk:
1) Garbitokiko Arimaen illa (Bilbao, 1915). Grijelmo Alargun eta Semeen irarkolan. 112 orriade. Sardá y Salvany'k erderaz idatzi zuenetik euskeraldua. Ederki azaltzen du eliz-gaia, euskera oparoan. Bizkai'ko elizarik geienetan, zemendian, arimen bederatzi-urrena egiteko erabillia.
2) Andra Maria'ren Loretako Illa (Zornotza, 1919). 290 orrialde. «Jaungoiko-Zale»-ren irarkolan. Idazti eder-ederra, bai gaiez, bai izkeraz. Aberaska edo ezti-markatza bezain goxo, leuna. Argitara zanetik Bizkai'ko eliz-gizonak, aspertu gabe, eskuetan erabillitakoa: beronek bait dakarzki kristau-onoimen edo birtuteak apain ere apain adierazi ta azaldurik. Eliz-gizonak ezeze, erritarrak ere, ainbat lekutan, maiatzeko illean baitik bat, euren otoitz eta irakurtaldiak egiteko aurrean eukia. Ementxe urrean ba-dakit nik, Boroa auzunean, Kepa Deunaren elizatxoan, loraillean arratsero ogetaz urteetan batu izan dira Andra Mariaren omenezko otoitzak ariltzen, eta Eguzkitza'ren «Loretako Illa»-ren bitartez osotu izan zituzten arrats-otoitz eta elizkizunok.
3) I. Lenengo euskalegunetako Itzaldia (Bilbao, 1921). 134 orrialde. Euzko Argitaldaria. 1921'g. urteko iraillaren 4-8 bitartean Durango'n egindako euskal jaietan irakurri zuen lana, Zabala Aitari buruzkoa. II. Bigarren Euskalegunetako Itzaldiak, Doneztebe-n 1923-garren iraillean ospatuak (Bermeo, 1926). Gaubeka'renean. 1 orrialdean.
4) Arrasate'ko Euskal egunetako itzaldia (Bermeo, 1928). Gaubeka'ren irarkolan. 15 orrialde. 1927'garreneko jaietan Arrasate'n onela zioan: «Euskera ezta alderdi bat edo besterena, euskaldun guztiona baño. Guztiona dalako, guztiok maite bear dogu. Euskaldunok, zoritxarrez, geure arazo ta gora-beratan sarri ezin alkar artu izan dogu: guztiona dan euskerari, euskeraren biziari, dagokiozan arazoetan be batean aizkide bestean arerio, orain besarka gero atzaparka, gaur mosuka biar musturka ibilli gara sarri, zorigaiztoz sarriegi; baña ori txarto dagola, nok eztaki?: guztiona dan eta guztiok bardin maite bear geunken gauza batean orrela ibiltea, egin geinken zorakeririk andiena dala, nok eztaki» (Zazpigarren orrialdean).
Gipuzkeraz ere egin zan beste argitalpen bat (Bermeo, 1928). 14 orr.
5) Andoain'go euskal-jayetan egindako eleiz-itzaldia (Zornotza, 1929). «Jaungoiko-Zale» irarkolan. 19 orrialde. 1919-9-22'an ospatu zan jai au. Euskera ta euskal siñismena goraltzen dizkigu.
6) Emakume euskotarrak (Yakintza, 1930). «Kirikiño Saria», au da, urte barruan eguneroko edo aldizkingietan argitara emandako lanak bikaiñenak jaso bear zuena, «Euskaltzaleak» alkarteak jarri zuen mañaritar idazle azkarraren deduz; Santo Tomas egunean edatzen zan. Onela sei urtez beiñik bein. Lenengo urtekoa, ots, 1929'garrenekoa, Orixe'k eraman zuen bere «Iruleak» lanarekin; bigarrena, ots, 1930'garrenekoa, J.B. Eguzkitza'k bere «Emakume euskotarrak» lanarekin (Ikus «Yakintza», 1935, 14'garren zenbakian, 83 orr.).
7) Argi Donea (Zornotza, 1933 ta 1935). Bi argitalpen, Jaungoiko-Zale'ren irarkolan. 734 orrialde. Balzola'tar Prantzisko Abak egiña duzu, Donostia'ko «Argia»-k eraturiko batzaldian sariztatua ta Jaungoiko-Zale'k (Zornotza, 1924) argitara emana. Eguzkitza'k onela, bizkaieraz tartean: «Liburu au gipuzkoeraz agertu zan lenengoz. Donostia'ko Argia'ren arduraz eta ordañez. Esku artean erabilli eban abade-lagun askori entzun geutsen orduan: "Bizkayan be onakoxe baten bearrean gagoz eta auxe berau, gure euskeraz ba'lego, ondo baño obeto letorkigu". Orren nai ziñanok, emen daukazue "Argi Donea" Bizkai'ko euskeraz, zerbait aldatuta, baña guztiz gitxi. Gipuzkeraz eta Bizkaieraz Meza-liburu bat eta bardiña eukitea egoki litzakela-ta, Bizkai'ko euskaldunak errezago aitu edo ulertzeko bear zana baño beste gauza andirik ez dogu aldatu» (Irakurleari, V orr.). Zearo, on ikaragarria egin zien itzulpen edo egokitze onek Bizkai'ko abade ta lekaideai.
8) Gizarte-auzia (Zornotza, 1935). «Jaungoiko-Zale»-n irarkolan. 196 orrialde. Ugazaba ta langilleen arteko goraberak. Aurreko urteetan «Ekin» euskal asterokoan zatika agertu ziran lanak dituzu, txukun ta eraz jarrita. «Gai au zeatz eta osoro azaltzeko asmuz enintzan asi. Asmu orregaz EKIN'en idazten beste bazkide bat asi zala ba-nekian. Zeaztasunak orrentzat itxita, gauzarik jakingarri ta bearrenak lenbailen adierazo bear zirala neritxon: origaitik asi nintzan. Gure lugin, arrantzale ta alogereko asko be gizartekeriaren sarietan jausteko arriskuan; bear bada, beste iñoz baño arrisku andiagoan egozala-ta, andi-andiak albait lasterren azaltzeko asmuz eldu neutsan arlo oni. Gero gauzak aldatu egin dira-ta, lengo asmuak be beste elburu batera zuzendu bear. Arlo au zeatz lantzeko asmuz EKIN'en idazten asi zan bazkide zintzo ta langille bizkorra, gitxien uste genduanean, Jaungoikoak Beragana eroan dausku (G.B.): au dala-ta, esandakoak eta esan barik itxi dodazanak, pizka bat biribildu nai neukez» (Ekin, 46'garren zenbakian, 2'g. orrialdean). «Errizale» izenordea darabil Eguzkitza'k gizartekeri, baltsakeri ta antzeko gaiok azaltzeko. Arlo au zeatz lantzekoa, ordea, Eulojio Gorostiaga zan; baiña Jaunak berera eraman zuen 1932-9-14'an. Au dugu egia: aurrenik iñork saratu eza izan arren, gizarte auziari garai artan zegozkion xeetasunak errez ta goxo eman zizkigula arratiar jakintsuak.
9) Mexikotar Katolikoen alde (Donostia, 1928). 1928-422'an, Loiola'n batu ziran Luistarrai egindako itzaldia. Gipuzkeraz.
10) Beste itzaldi batzuk. Aipatu ditugunez gaiñ, urrengo itzaldiok ere merezi dute aipua: a) Euzkeldunei euskeraz (Bilbao, 1915). Yurre'ko elizan, 1914-7-1'an, Kistar-irakaskintza zabalkundea zeritzan apaiz bazkunaren batzar nagusi egunean egiña; b) Karmelo Etxegarai'ri Euskaltzaindian sartu zanean irakurritakoa (Euskera, 1926, 26 orr.), eta abar.
11) Euskerari buruzko lanak. «Euskera» aldizkarian datoz auek batez ere: «"Bai" ta "Ez" aditz aurrean» (1922); «Bizkai'ko euskeraren eta, batez be, bere adizpiakeraren aldakuntzak» (1925); «Conjugación familiar o dialogada?» (1925); «Euskera idatziaren batasuna» (1922); «"Kari" atzizkia» (1920); «Observaciones a algunos puntos de la Morfología Vasca del Sr. Azkue» (1931), «Verbos compuestos, factitivos o causales: ¿cuál es en ellos el verdadero elemento factitivo?» (1930); «El sufijo -garri» (1930), eta abar; RIEV'en auek: «Dos obras inéditas escritas en euskera Christinaubaren eracuspena edo Doctrina christiana (J.A. Mogel'ena) ta Jesucristo gueure Jaunaren vioz sagraduco devocinoia» (1928); «Itz bakoitzak darakuskuezan euskal-izpiakeraren arau batzuk» (1924); «Kaxarrankaren goraberak eta Auriako jaya» (1927); «Mikoleta'ren euskereak eta gaur Bizkaya'n darabilgunak, ze alde ete dauke?» (1930); eta «Euzkerea»-n: «Conjugación remota del transitivo vasko» (1935); «Las reflexiones del pretérito del verbo transitivo» (1933); «Euskal Esnalea»-n ere idatzi zituen etimolojiazko zer batzuk.
12) Eliz-itzaldiok. Idazle oso ugaria izan zan. Amabost bat urte dirala, On Zirilo Artzubiaga'k, bera zartua zegoala-ta, Eguzkitza'ren esku-idatzi danak eman zizkidan nik eurak argitaratzeko biderik baldin ba'nuen, arazo ori nere lepo artu nezala eskatuaz. Otzandiotar apaiz langillea il zanean, baiña, ark zeuzkan liburu ta idatzien jabe Bilbao'ko emakume-talde bat egin zitzaigun: nik neuzkanak ere berak eraman zituzten, eta arrezkero ez dut izan esku-idatzi aien albisterik. Dana dala, idatzi aiek askotxo ziran, itzaldiok denak, berak or-emen aldarrikatu zitunak, Santuenak, Garizumakoak, Jaierak eta abar. Argitaratzeko asmuz nenbillen; irarkola aurre-kontu ta eralgi-bearrak eskuratuta neuzkan, baita nola irarri ere: iru ale lodi izango ziran. Baiña nire asmo ta lanak bide erdian geratu ziran porrot eginda. Egunen baten ikusiko al dure idatzi oiek merezi luketen eguzki galda!
13) Cristoren Dotriñaco Icasquizunic biarrenac... Gure Jauna artu baño len icasi daguiezan eusqueldun umechuac (Bilbao, 1911). Verdes-Atxirika'ren etxean. 20 orr.
Ba-ditu olerki batzuk ere.
1919-9-21'an euskaltzaindu zan. Eta, arrezkero, euskera zaindu ta edertzeko ardura duen alkarte onen arloari etengabe erantsia ibilli zitzaigun. Irakats-egikizuna zuen aurrenik, baiña ba-zuen oraindik era ta adiuntza ainbat txosten bikain Euskaltzaindiaren batzarretara aurkezteko. Ezpairik gabe, Euskaltzaindi barruan, iker-saillean batez ere, lan aipagarria burutu zuen Eguzkitza'k.
NOLAKO IDAZLEA ZAN? Esan dugu: Eguzkitza idazle oparoa izan zan. Ume ta gazteak ikastetxeetan ematen duten burukomiña ta lana ez da izaten urria. Lemoarrak, ala ere, tarteka marteka idatzi egiten zuen. Idaztean, ordea, gaia ikasi oi zuen lendabizi, zeatz eta sakonki; euskeraz oldoztu, euskeraz ausnartu, euskeraz idatzi.
Arrati araneko izkelgia darabil geien bat; ez gero ari geiegi loturik, zabal eta ikasia baizik. Astun samarra dala esan dute batzuk, gramatika lege-arauak zeatzegi zaindu bearrez edo, bear bada. Aditza, bizkaitar aditza trebe ta nasai darabil beti. Beste batzuk irudimenik ez duela ere egotzi diote. Ez gero? Erakuspenak, ala nola, argituko dudamuda. Ona zatiño au Arrasate'ko itzalditik jasota. «Euskalduna dio ta euskeraz mintzo dana, euskera darabillana, euskeraz itz-egiten dauana, gauza bat eta berbera dira: augaitik euskera guztiz, zearo galduko ba'litz, euskaldunik ez legoke ta Euskalerririk ain gitxi. Euskera zeatz galduta gero be, bear bada gure erri oni askok Euskalerriaren izena emongo leuskioe baña ori illunari argia, txiroari aberatsa, gaisoari osasuna, eriotzari bizitza deitzea beste izango litzake; izanik bako izen utsa, izen aizuna, berenez guzurra, euskera barik Euskalerririk ezin izan daiteke-ta» (6'garren orrialdean). Ez dakigu sarritan zeri esaten diogun irudimena; bestalde, Eguzkitza'k badu izlari trebe naiz aur-irakasle (pedagogo) bati naiko dakion irudimena.
IRITZIAK. Euskal idazlerik geienak gorengo maillan jarri dute Eguzkitza idazlari bezela.
N. Ormaetxea'k: «Maiatzeko Illa ta Garbitokiko arimena, bi liburutxo orietaz landa, J.B. Eguzkitza'k Euskaltzaindian egindako mintzaldiei begira egiezu. Gai zailetan eta argi euskeraz au baiko obeki mintzatu denik ez dakit ote dan Euskalerrian» (Euskal Esnalea, 1927, 250 orr.). «...nire ustez, orainarte izan dogun euskal idazlerik bikaiñena» (Karmel, 1961, urtarrilla, 32 orr.).
M. Lekuona'k: «Prosa oparoa, itz ondo neurtua, joskera jatorra bizkaieraz gutxitxo bezelakoa; aundikeri puztu ta anpaturik gabea; dana adi-errez; itxuraz xalo, bañan estilo ondotxo landua, beaztoporik gabekoa... kirru leuna gorulari trebearen eskuan antzo» (Euskera, 1953, 39 orr.).
Karmelo Etxenagusia'k: «Maixu batek lez idazten dau beti Eguzkitza'k: argi, otz, zuzen, kontuz... Bear bada, astunegitxua egiten jaku, luzarora, bere idazkerea, itzen garbitasunari ta gramatikako legeai lotuegi edo dalako» (Euskal Idazleen Lorategia, Donostia, 1969, 231 orr.).
Onek, eta M. Zarate'k ondoren, Aita I. Omaetxebarria'k eta Villasante'k bere elerti-kondairan egotzia, bir-esaten dute; au da: bizkortasuna palta zaiola Eguzkitza'ren prosari. Zergatik? Idazterakoan, bear bada, bai iztegian eta bai joskeran, bere buruari lege ta bide garbiegiak ezarri zizkiolako. Esanak esan, Eguzkitza beti duzu idazle jator, garbi, landua. Zein gaiari zein izkerari gagozkiola, ba-dugu zer ikasirik lemoar jakintsuaren idatzietan.
(Ikus Euskera, 1953, I, 39-40; S. Onaindia, MEOE, 706 orr., ta Kardaberatz'i Omenaldia, 123 orr.; I. Omaetxebarria, Euskera, 1959, 314 orr.; L. Mitxelena, HLV, 1960, 153 orr.; L. Villasante, HLV, 1961, 354 or.; K. Etxenagusia, Euskal Lorategia, 1965, 231 orr.; Gabin Garriga, Bol. Amer. E.V., 1966, 14 orr.; Mikel Zarate, Bizkai'ko euskal idazleak, 1970, 163 orr.; Auñamendi, Literatura, III, 215 orr.; Jon Bilbao, Bibliografia, III, 95 orr.).