literaturaren zubitegia

1.071 idazle / 5.159 idazlan
7.840 esteka / 6.384 kritika / 1.828 aipamen / 5.571 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
«Euskal literatura VI»
Santi Onaindia

Etor, 1990

 

29.— Sabin Muniategi Astoreka

(1912-....)

 

        Noizbait idatzi nuen nik: «Bizkaia'k ba-ditu bere olerkariak, onak, erdimerdikoak eta kaxkarrak. On orrein arteko da Muniategi». Bego baita, aurrera baiño leen, olerkari onek bere «Goiz-aize» (1935) liburua argitaratzean, Lauaxeta'k beronetaz diñoana: «Muniategi'tar Sabin olerkari gazte-gaztiarena dozu. Bizkai'ko itxaso arraren urdiña dauko begi-barnean. Eder eta On'ek eurentzat autetsi eben. Buru ameskorra eukan eta aruntz-onuntz ibilli izan da bere euzko txapela buruan ebala. Ondo ikasi eban: "Atzerrian lurra garratz, oña ipiñi egik baratz"».

        Gernika'tik Lekeitio'rako bidean, Ereiñozar-pean, daukagun Artia'n jaio zan Muniategi 1912-12-11'an, Agirreta auzuneko Portu-Pantxikone izenez ezagutzen dan bizitza biko basetxean. Beronek dio: «Urdibai ibaiaren gazi-gezazko bustitasun lurrunez eta Atxarre'ko mendi artadien beltzadura eta gaztañadi oparotsu ta basoko egurteriaren itzal eta ezetasunean, Argatxe ta Ozollo bitarteko ibarrean aurkitzen da auzune au».

        Bertoko eskolan egin zituen lenengo ikasteak, 1919-1925. Gernika'n gero, agustindarren ikastetxean. 1929'an, oraindik 17 urte etzituala Filipinas ugarteratu ta Bais izeneko bisaltar errian azukre kañaberaz eta kokotegi ederrez inguraturiko «Nasak» landetxean lan egin zuen, ango langilleen artean bisal izkelgia ere ikasirik. Or malariaz gaixotuta, osatu zanean, Ilo-Ilo'n eta Manapla'ko landetxe baten babestu zan; landetxe onen izena Nerbion zan, lenengo ugazabak, au da, Mendieta'k, Begoña aldeko bizkaitar batek ezarritakoa. Egoitz mana onetan ondu zituan Muniategi'k bere leenengo olerkiak, ementxe parnasoratu zan aldamenean zeuzkan gara zurixka ta gorrixkako kañaberadi ta kokotegien ikuspegiz bere gogoari egazean uzten zion bitartean.

        1934'an Sabin Filipinas'i agur eginda Euzkadi'ratu zitzaigun. «Euzkadi» izparringiko «Euzkel Atala»-ri esker, ezagutu al izan zituan euskaldun zintzo askoren lanak: Erletxue, Lauaxeta, Lizardi eta besteenak. Lauaxeta'k irabazi zion biotza batez ere, eta Bilbo'n alkar ezagutakoan, Muniategi ta Lauaxeta'ren arteko adiskidetasuna sortu zitzaigun, olerkari birena noski. Gudatean Elorrio aldean ibilli zan Sabin, eta gero, garaituak izan giñanean, zurrunbillo ikaragarrian murgildua geratu, galtzailleen taldean millaka asko gudari minberaturen artean, ainbat urteko kalbarioan: zigor-batzakuntzazko zelai, zigor-gudaloste, espetxe ta abar, egun eta urte lazgarriak nunbait. Gero Donostia'ko «Cementos Rezola»-n lan egin izan du urtemordoan, eta gaur zaar-saridun Errenderi'n daukagu bere emazte ta seme-alabakin, olerkintzari emana.

 

        OLERKARI.— Ez dakigu sarri zer daramagun barruan. Eta irakurte batek, ikutu goxo batek esnatu oi du geuron izate-muiñean lo bezela zetzan gogo, ixurki edo aier bereziaren erne-miña. Filipinas ugartian piztu zitzaizkion Sabin'i, irakurriz alegia, aberri-miña eta euskaltzaletasuna. Antxe, Manila'ko «La Opinión» egunkarian azaldu zuten Rizal aundiaren «María Clara», Muniategi'k euskeraz jarria.

        Ariz-ariz iritxi oi zaigu egunero argi-urratzea; olaxe olerkariaren ospea ere. Muniategi'k beiñola «Biotzaren Deya» zeritzon poesi bat argitaratu zuen «Euzkadi»-n eta Lauaxeta'k oar au ipiñi zion bealdean: «Olerkari barri onek ez dakigu zer daukan, baña euzkereak eztau gaur-arte entzun olako gauzarik». Ba-zijoan abarrotsa aziagotuz, argi-izpiak edatuz.

        Muniategi'k eztu askorik idatzi prosaz; itz neurtutan badu ostera etorria eta ekarria. Or lekuko liburuak eta aldizkariak. Ona:

        1) Goiz Aize (Bilbo, 1935, Henao kaleko «Zurak» irarkolan, 80 orr.). Ogetamabi olerki guztiz, laburrak geienak, eta rimadunak, banaka batzuk izan ezik. Poesi-lanean ari geranean, geienetan beintzat inguruko zerbaitek dardarazi oi digu biotza naiz adimena, au edo bestea entzuteaz sarri. Baita atzerrian samiñetan aurkitzeak ere. Liburu au olakoz apaindurik dago. Etxerantz datorrela Kolonboko belak dardarazi diote biotza, bela beltz loiak, baiña ez il aietarikorik, ez ikutu, abere goitarrak dira-ta. Olerkariak:

 

                Oi, ene! neure euzko-begi, begi urdiñak!

                Zeylon ugartian, Kolonbo'ko urijan

                zenbat bela ikus dozubez egazean

                aragi ustelez beterik erpiñak?

 

        2) Bidean gora (Bilbo, 1970, gráficas Bilbao; 184 orr.). Olerkiak. «Euzko Elertiak asko itxaron daike mutil onengandik» esan zuen Lauaxeta'k lenengo poesi liburua atera zuenean. Orrela izan da izan ere, artiar eder-zalea etzaigu aspertu olertigintzan, azken ogei urteotan baitik bat.

        Bigarren poesi-liburu au 98 olerkiz ornidua duzu, txukun osotuak eta txukun irarriak. Nik itzaurrean: «Olerkaria, urtez urte, esperientziz eta biotz-zirraraz azi, ugaritu ta edertu egin zaigula ezeren lotsa gabe aitortu dezakegu. Izadi-aro berri bakoitzak bere lillura berezia du, urterik urtera izan ere. Jantzi berriak, lenak ez zuen zerbait badu. Giza-adimenak, giza-biotzak berdintsu. Eder'i begira beti bere udaberri udazkenak ditu. Zein obe? Epailari zoliaren sardaiak ere ez du emen errez ebatzi aal izango».

        Muniategi gazte ta adiñeko langille gertatu da nun-nai ta noiznai. Baita nun-nai ta beti olerkari ere. Eta esku arteko gaiak izan dira geienetan landu ditunak. Ez ote dugu, beraz, sozial poeta? Gure lurra, gure gauzak, gure istilluak eta goraberak ditu, aspertu gabe, kantagai. Euskalerria obetu nairik dabiltzanen arteko izan nai du Muniategi'k. «Bideatu nadin» asten dan poeman zuzentasunaren alde ari da:

 

                «Atera nadin gogoz, zintzotasunez,

                azkatasunaren bide nekegarriz...

                gizarte, aberri, zuzentasun alde,

                iñoizko bidegiterik alkartuenez».

 

        Kantari jaio, Jainkoa abesten du Muniategi'k; izadia abesten du, udaberri ta udagoien, zugaitzak, mendiak, errekaztoak, arkaitzak, aize ta itxaso, artzai ta nekazari... Gazteen ibillaldiak kantatzen ditu, amets lilluraz sustartuak, ikusterik baikorrenez lorez lore dabiltzanak...

        Azken denborotan eztu iñork idatzi bertsoz artiarrak aiña. Ugari ta jori da berau, ugaritasunak iñoizka ber-esana ta oker batzuk berarekin dakarzkin arren.

        Bada itzultzaille ere, trebe ta bipilla; Alberti, Fernandez, Matxado anaiak, Altolagirre, Gartzia Lorka, Ibarburu ta olakoen olerki-lanak, ainbat europar eta amerikar poeten lanak, euskeraz ipiñi dizkigu.

        Sari galantak ere, bidezko zanez, eskuratu izan ditu olerki-batzaldietan. «Olerti» saria 1963'an asita iru edo lau aldiz berak eraman zuen. Eta igaz (1982) Ondarru'ko Euskal Lora-Jokuetan poesi-arloan beintzat berak jaso zuen leen saria, 150.000 pezetakoa.

        Gerra aurretik, eta gudatean, «Euzkadi»-n, «Euzkerea»-n, «Eguna»-n eta «Tierra Vasca»-n idatzi zuen; gero, «Zeruko Argia»-n, «Olerti»-n, «Karmel»-en, «Goiz-Argi»-n, «Agur»-n, «Zer»-en eta iñoiz «Deia»-n idatzi izan du.

        Labur: egiazko euskal idazle ta olerkari dugu Muniategi. Euskera jator, giar eta asmotsua darabil. Gaiez oparo du adimena, eragin bizia naimenean eta jantzi ñabarrez apaintzen daki izkuntza.

 

        (Ikus S. Onaindia, MEOE, 748 eta Euskal Literatura, 115 orr., eta Zer, 1980, 29'garren zenbakian, 8 orr., eta 37'gn. zenbakian, 8 orr.; San Martin, Escritores euskéricos, 1968, 135 orr.; Auñamendi, Literatura, IV, 221 orr.; J. Bilbao, Bibliografía, V, 523 orr.).

 

Bilaketa