36. Jose Antonio Oar-Arteta
(1900-....)
Axangiz'en munduratu zan 1900-2-18'an.
Gaztetatik, goi-deia zuela barnean susmaturik, Lekeitio'n ikasi zituen latin eta gizarte gaiak, J.B. Eguzkitza irakasle zuela. Jaunari eskerka egoten omen da «gizaldi onetan izan danik sermolaririk onenetarikoa ta latin be ezin-obeto ekiana» maixu izan zuelako. Aldi aretan zillegi zan-eta, iru urtean osotu zituen lau urteko ikaskuntzak.
Gazteiz'en eman zituen Filosofi ta Jainko-gaiak. Eta Burgos'en, eliz-karrerako azken urtea ikasiaz, epaikari guztien iritzi onez, Lizenziatura iritxi zuen Teolojian. Ondoren gudaritza egin zigun, Gazteiz'eko «Gipuzkoa» gudari taldean. Ala ere, Afrika'ko gerra zala-ta, Algeciras'era eraman zuten Primo de Rivera'k Alucemas artu zuenean. Gudaritza bukatuta, Araba'ko Letona erritxoan egon zan arimazai; baita gero Bizkai'ko erritxo bat edo bestean ere, ta azkenez Markiña'n txaunburu-lagun; 1936'an, Markiña utzirik, Bilbao'tik, Santoña'tik, Santander'tik zear Prantzira jo zuen; emendik Beljika'ra ta ondoren berriz Prantzira. Alemanak Prantzi artu zutenean, Ziburu'n bizi izan zan eliz-laguntzaille, 1947'garrenaren azkenerarte.
Amar urtez erbesteko aize latza arnastu ondoren, 1947'an, euskal erriratu zitzaigun. «Gorriak ikusita», diosku berak. 1950'garren urtean Lemoniz'eko arimazai izentatua izan zan, berton 24 urtetan ainbat lan osaturik, bai eliztarren artean eta bai eliza berriztatzen. Gaur Gernika'n daukagu zartzaro goxoan.
EUSKAL LANA. Euskal idazle bezela ezaguna baldin ba'da, geiago oraindik sermolari legez. An gerra aurrean 1936? Nerbion'go mixio ospetsua izan zanean, beste mixiolarien artean zan Oar-Arteta ere. «Jesus'en Biotzaren liburutxua» argitaratu zuenean, M. Lekuona'k egin zion itzaurrea, eta onela mintzatzen zaigun: «Sermolaria degu onen egillea. Ezagun du. Itza errex, oso errex dario nun-naitik. Errex eta ugari. Izketarako errextasunak ordea, ez dio bat ere kalterik egin, bear zan argitasunari. Argi darabil, oso, bere esagaia. Eta egoki, oso egoki. Ez du idaztiak, bear ez dan gogorkeririk. Biziro gozoa ta atsegiña du irakurtzea» (IX orr.).
1) Aratuzteko Iru-urrena (Zornotza, 1930). Garai artan, zerbait ziran errietan beti egin oi zan, irain-ordainketa bezela, aratuzte iru-urrena. Sardá ta Salvany'k egiña duzu euskeraz.
2) Jesus'en Biotzaren Illa (Zornotza, 1931). «Jaungoiko-Zale»-ren irarkolan. 172 orrialde. Ba-zan aurretik ere gai ortaz Azkue'k egiña, baiña au egokiago dugu, neurriz ta gaiez. «Genduan»-en ordez «geba» ta olakoak darabilzki, baiña aditz-forma auek ez dira bereak, Jaungoiko-Zale'ko sasi-jakitunen batek erantsiak baiño.
3) Manuale Sacramentorum, euskeraz (Zornotza, 1934). M. Lekuona'rekin batean. «Jaungoiko-Zale»-ren irarkolan. Ama Eleiza Deunaren Sakramentuak eman eta geixoai Jaunaren besoetan ilten laguntzeko liburua. Abegi oso onez artua izan zan.
4) Baltzeoa, pekatu ete da? (Zornotza, 1936). 13 orrialde.
5) Miren'en senargeya (Bermeo, 1936). Ipui edo nobela duzu, baiña ez egilleak asmatua, jazotakoa ipui antzean jarrita baizik. Nobelan datorren gizon ori Gorgoni Errenteria'k, elantxobetar euskal idazle ta Bizkai Diputazioko aldunak ezagutu omen zuen, eta eriotza or diñoan bezela barik, Ibarrangelu ta Elantxobe artean gertatua omen da.
6) Misterio del matrimonio (Bilbao, 1949). Verdes-Atxirika'renean.
7) Liturgi-gaiak. Gurpide jauna Gotzain zalarik Apaiz-Batzorde bat sortu zan eliz-gauzak, meza ta abar, euskeraz jarri ta azaltzeko. Ortan lan egiña dugu, Ibargutxi, Manterola ta beste batzuekin, Oar-Arteta ere.
8) Begoña'ko Ama Birgiñari Bederatzi-urrena (Bilbao, 1963). 30 orrialde. «La Editorial vizcaina» irarkolan.
Ba-ditu beste bi bederatzi-urren ere: Mikel Goi-aingeruarena ta Ixidor Deunarena. 1936'tik 1950 tartean etzuen zer aundirik idatzi, beti zigorraren izupe neketsuan bizi izan zalako batez ere.
Erbestetik zala, ala ere, osotu zuen itzulpen jakingarri bat Arras goterkiko kalonje M. Adam jaunaren Sermons et Instructions itzaldi liburu lau ta dotorea euskeraz ipiñi zigun osorik. Ez du oraindio argirik ikusi, baña merezi du.
Joskeraz eztu esateko akatsik. Orrez gaiñ, errikoi ta argia duzu geienik. «Euzkadi»-n (Sasi Ezkontza, 1934), «Ekin»-en, «Anaitasuna»-n eta «Karmel»-en idatzi du.
(Ikus Jakintza, 1933, 319 orr.; San Martin, Apéndice a Escritores euskéricos, 27 orr.; Labayen, Teatro Eúskaro, II, 175 orr.; Auñamendi, Literatura, IV, 53 orr.).