literaturaren zubitegia

977 idazle / 4.676 idazlan
7.232 esteka / 5.646 kritika / 1.828 aipamen / 5.232 efemeride

  A B C D E F G H I J K L M N O P R S T U V W X Z  

Patrizio Antonio Orkaiztegi

«Euskal literatura III»
Santi Onaindia

Etor, 1974

 

3.— Patrizio Antonio Orkaiztegi

(1840-1924)

 

        Andoain ez dugu, berriz esanik ere, euskaltzaleetan urria. Apaiz agurgarri ta egiazko euskalari au ere, angoa duzu; 1840-3-17'an munduratua. Artzain on bezela arima-zaintzan eta euskal arloan lan egin zuen etengabe bere bizitza osoan. Beiñola nik idatzi nuen: «Azkarra, zuzena ta biotz onekoa; goikoak eta bekoak guztiz maite izan zutena. Euskaltzale porrokatua ta matematiko ernea». Garraxika dasa ori bere bizitzak. Eliz-deiak barnea dardarazi zion ezkero, ortarako estudioak osotu zitun Arantzazu'n, Iruña'n eta Gazteiz'en. 1865'an apaizgoa artu ta Sorabilla'ra bialdu zuten bertatik. Urte latzak ziran aiek: Isabel II'garrenak bere jaurlaritza utzi zuen, eta Juan Prim jeneralaren bitartez Italia'ko Saboia etxeko Amadeo'k artu zuen Espaiña'ko koroia; urte gutxirako alere, On Karlos'ek bada, 1872-5-2'an, Azkain'go oianetan zear Naparrua'n sarturik, Bera urian azaldu zuen ozenki bere burrukarako deia. Eta emen dauzkagu karlistak eta liberalak, euskaldun mendietan alkarri muturka, 1876'raiño iraungo duen burrukaldi ta kizka gordiñean. Dorronsoro, Santa Krutz, Ollo, Lizarraga, Belasko ta olako gerrari ta jeneralen egunak ziran. Orkaiztegi'k, ere, Santa Krutz apaizaren laguna baitzan, 1876'n, gerra bukatu zanean, Prantzira igesi joan bearra izan zuen.

        Zana zala, Sorabilla'n egon zitzaigun aurrenik arimazai ta ondoren (1870) Altzo-Goiko'n. Gerra amaitzerakoan Elgoibar'ko txaunburu egin zuten, eta bi urte geroago (1878) Mondragoiko artzipreste. Etzuen emen luzaro jarraitu, 1880'an bada Tolosa'ko artzipreste izendatua izan zan, eta kargu orrekin emen bizi izan zitzaigun 43 urtetan; 1923'an laga zuen aginpide ori, ta urrengo urtean azaroaren 7'an il zan.

 

        EUSKALTZALE.— Gogorazi dut jadanik, apaiz ta euskaltzale genduan Orkaiztegi, eta bi izantza auen bitartez oso errikoi gertatu zan Euskalerrian: ezagun-ezaguna zan. Apaiz zan aldetik jator jokatu zuen beti, bere egitekoa arduraz aurrera eramateko bizi-adorerik beiñenak zirkin-azorik; bere begi-nini bezela maite zitun Tolosa ta tolosarrak. Eragin errimekoa zan-eta, askotan jarri zuen pakea eleiztarren etxe ta arimetan. «Gizaseme ona ta laua, zabalik zeukan beti —dio G. Zumuarregi'k— bere langela apal apaiz-gaiñekoa, arnas-billa zijoazkion mailla ta uste guztietako jendearentzat. Buru-ukale esku-zabal beti, amaika laztasun arindu zuen, ta naigabeak upelka gozatu».

        Zernaitakoa zan, eta zernaik kezkatua zebilkigun, erriko auzi ta arazoetan, jakiña. Artzaiñaren ardurak ez al du dena artu bearra?

 

        EUSKAL IDAZLE.— Tolosa'ratu ta laster asi zan idazten, 1882-1901'ra «Euskal-Erria»-n lanak argitara emanaz. Bilbao'ko «Euskalzale» (1899) ta «Ibaizabal»-en (1903) idazten du, eta «Euskal Esnalea»-n, 1908-09'ra batez ere, Tolosa'n ateratzen zanean; «Gipuzkoarra» (1912) asterokoan idazten du; orri auetan argitaldu zitun, Biyarko Izperkiya titulupean, urte guztiko igande-itzaldiak.

        Otaz gaiñ liburu auek ere bereak dira:

        1) Jesus eta Mariaren billerakoentzat itz neurtubac (Tolosa, 1881), Toribio Iriondo apaizak lagunduta. 128 orrialde.

        2) Txardin berriak (Euskalzale, 1899, 346 orr.), bakar jostaketa.

        3) Lardizabal'en Testamentu Zar eta Berriko Kondaira (Tolosa, 1900), zerbait arteztu ta gain-ikutua egiñik. Oni jarri zion itzaurrean au ateratzen digu: «Euskerak erderen antzik ezertan ez du, baña beste gauzetan baño askoz gutxiago itzelkartzen, itzak itzekin lotzen. Naiago nuke, nik nerez, Aitoren izkuntza beingoan soildu, ondatu ta betiko galtzea gaztelani eta beste erderetako gorapillo ta joskeraz betea ikusi baño. Itz bakoitza garbitzea, edertzea, euskeratzea, ona da, nork ukatu?, bañan euskeraren anima bere jatorrizko joskeran dago. Au galdu ezkeroz, euskera ez da euskera. Aspalditik egotzi zitzaizkan gure euskerari andik eta emendik bereak ez diran loturak, eta min ematen diyo bati euskaltzale batzuek lanean indarka, orretzaz azturik, ikusteak». Au ere gaiñeratzen du: «Euskaldunak! Gure euskerari ziñez eutsi dizaiogun! Au galdu ezkeroz, gure sinispen-oiturak galdu dirala esan gentzake. Euskeraz jaioak euskeraz il gaitezen. Ondoren datozenentzat euskera gorde dezagun!»

        4) Aita Mendiburu'ren Otoitz-gaiak (Tolosa, 1904) ere berak arteztu ta atera zitun iru ale ederretan.

        5) Observaciones para hablar y escribir tolerablemente en nuestro idioma euskera (Tolosa, 1906).

        6) Sardin-saltzailleak eta Euskal-dantzak (Tolosa, 1922, Antzerki, 27'gn. zenbakian). Teatru lana.

        Kristau-Ikasbidea txukun nai zuen, eta olakoen itzulpen txarto egiñak gogoz zigortzen ditu liburuxka baten. Beronek ere osotu zuen onako bat euskera garbi ta egokian. Antzerkitxo ta dotriña-azalpenak, sarri edatu oi zitun, Eguberri jaiak zirala-ta batez ere, ikastetxeetako gazteak antzertu zitzaten. Labur berak zeramana nai ta ez enparauai ere erantsi bear.

        Itz-jostun ona agertzen zaigu beti. Ona zein ederko lotzen ditun ondorengo txatal onetako esaerak; Txardiñ berriak deritzan bakar-jostaketatik artuak dituzu.

 

                «Biba gipuzkoatarrak

                   Biba Kantabria!

                Kosta onek balio du

                   Munduaren erdia:

                Legatz eta bixigu

                   Txardiña berria:

                Ondo bizi izateko

                   Biba Euskalerria.

        »Castilla alde ortatik onera udaran asnas-billa datozen jende oiek, gure mendi biribil-txiki politai begira jarrita, goitik bera zearka zearka zillar bizia bezela datozen errekatxuak ikusita, probintzi au paraiso txiki bat dala diote. Ta nik ori aditzen dietedanean kantatzen diet: Santa Agedatik Alzola-ra; Alzola-tik Deba-ra... atozte, atozte lenbait-len bañu gez-gatzik artzera. Ta ni Aia-tik barrena banua, banua txardiñak saltzera. Txardiñak, txardiñak; salerot-erdikoak!

                »Zarauz-tik Tolosa-ra,

                   Aizea bezela,

                Arrai preskuarekin

                   Goizean goiz an gera.

                Gu asten geranean

                   Bizi-biziak dira!

                Sagardotei guziak

                   Irikitzen dira.

        »Aizazu, Josiñazio: Sagardua edateko ta napar-txikia proatzeko, txardiña berria bezelako plater piñik eztezu! Aizu, Praisku: gerriku ori... jajai! ikusiko zenduke onoko mutil papar aundi, kolko-zabal, papa-moskas dirudian au? Zoazkit emendik amonari txanpona kentzera; eztegu emen barometro bearrik. Aizazu, Josepiñazi: Josepantoni Goikoetxe-aundikoa sekulako arrokeriakin danbolin-soñuan eztuela dantzatu nai. Orixen gertatzen zaie, enetxoa, gaurko egunean askori: Iru edo lau urte Madrillen pasata or datozkizu sedazko soiñeko bata goante txuriakin, eztutela dantzatu nai baserritarrakin. Baiña ixil-ixillik utzi nuan esan nionean: Panparroikeri asko ta errenta gutxi... aundi-nai, baiña beti txiki-txiki... pasatzen zaio gaurko eguneko polka dantzariari. Orrelako polka-mimik eta panto-mimik etzaio komeni nekazariaren alabari. Orain biziak, orain! gatzik gazeak! Iui-i-i!

                »Prantzian dana omen da,

                   Dana, arinkeria;

                Baiñan asmakaietan

                   Badute grazia.

                Aurreratua dago

                   Gure auzo-erdia:

                Orain bidaldu digu

                   Sistema berria».

 

        Garbi-zale zan, eta aren lan ederrak ildo sakona utzi zuen orduko aldizkari ta izparringietan. Izen-orde auek erabilli zitun: «Oiparena», «O.K.», «Tinketean», «El Mismo». Matematika gaiak ere eman zizkigun euskeraz. Euskera aldeko jaietan parte artu zuen, Elizondo-n (1908), Lekunberri-n (1910) eta abar.

 

        OLERKARI.— Musaen zalea zitzaigun. Eta poesi-lan auek beintzat bereak ditu: 1) Arantzazu'ko Amaren Kondaira, T. Iriondo'rekin; 2) Aita S. Mendiburu-koaren lenbiziko euntean (Euskal-Erria, 1882, 41 orr.); 3) Donostian Manterolari (Donosti, 1884, 59 orr.); 4) Pekatariyari (Euskal-Erria, 1886, 247 orr.); 5) Kristauaren sinismena (Euskal-Erria, 1886, 273 orr.); 6) Gau ondorengo egun antzari (Euskal-Erria, 1886, 441 orr.); 7) Tolosa eta inguruko erriyak milla zortzireun larogei ta seigarren urteko agorrean, Loyolarako erromeriyan kantatzen dituzten neurt-itzak, Birgiña Ama Izaskungoari (Euskal-Erria, 1886, 276 orr.); 8) Ave maris stella euskeraz (Euskal-Erria, 1886, 496 orr.); 9) Txardin berriak (Euskalzale, 1899, 346 orr.); 10) Ordaintzera! (Euskal Esnalea, 1908); 11) Bagaramazki (Esku-Egundiya, 1910, 91 orr.); 12) Euskal dantzak (Euskal Esnalea, 1914, 157 orr.). Adar-jotzaille bizi agertzen zaigu lan askotan.

        Gure Orkaiztegi il zanean, bertako seme Arrese'tar Emeteri olerkariak, oroitz-zurrian, lan sentikor au ondu zion.

 

                Euskoen Ama negarrez dago,

                   negarrez bakar-bakarti...,

                malko samiñak eldu zaizkio,

                   poz-ate guziak itxi.

                Zoritxar beltza gaurko zoria...

                   itun gaude, kupigarri,

                eriotzaren arnasak orain

                   sugar maite bat itzali...!

                On Patrizio jaun laztangarriya:

                   egizu zerutik argi,

                zure gogoak piztu gaitzala

                   euskaldun geranak beti!

 

        Aren eriotz-ostean, Tolosa'ko Udaletxeak, literatura sari bat jarri zuen, ots, «Orkaiztegi Saria».

 

        (Ikus G. Zumuarregi, Euskal Esnalea, 1924, 230 orr.; Jesus'en Biotzaren Deya, 1924, 381 orr.; Jose Arana, Euskal Esnalea, 1926, 154 orr.; S. Onaindia, MEOE, 781 orr.; G. Garriga, Bol. Amer. E.V. 1955, 173 orr.; N. Kortazar, Cien Autores vascos, 33 orr.; Auñamendi, Literatura, II, 29 orr.).

 

Bilaketa