literaturaren zubitegia

1.063 idazle / 5.119 idazlan
7.827 esteka / 6.319 kritika / 1.828 aipamen / 5.567 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
«Euskal literatura IV»
Santi Onaindia

Etor, 1975

 

37.— Robustiano Ortuzar Legarreta

(1883-1929)

 

        Bermeo'n jaioa, 1883-5-24'an. Bere errian lenengo ikasketak egiñik, Gazteiz'ko abadegaien Ikastetxe nagusian osotu zituen eliz-estudioak, eta 1906'an mezakotu zan Gazteiz'en bertan, Jose Cadena ta Eleta orduko gotzaiñaren eskuz. Gebara (Araba)'ko auzune Etura izan zan aurrenik arima zaintza egin zuen tokia. Gero Bermeo, bere sorterria; emen bete zuen urte mordoan bere abadetasunaz gaiñera erriko gazteai «Nautika» deritzan itxas-jakintza erakustea ere: ainbat itxas-ontzi buru egin ziran Ortuzar'i esker. Berebat egin zuen baita Bilbao'n eta Getxo'n.

        Geroago, Ramon de la Sota, bilbotar aberatsak, bere ontzietan zebiltzan itxastar zarrentzako Sukarrieta'ko Abiña itxas-egal ikusgarrian zar-etxe, jauregi eder, txalogarria jaso zuenean, R. Ortuzar ipiñi nai izan zuen etxe ortako zuzendari ta batez ere arima-arazoetarako arduradun; etxe au gero Biibao'ko Aurrezki Kutxak erosi zuen, gaur daukagun «Aur-Koloni» ipinteko. Etxe onek ere R. Ortuzar aukeratu zuen erakunde onen zuzendaritza eraman zezan. Urte gutxiren buruan, ala ere, 1929-11-23'an, etxe ortan bertan il zan, 46 urte baiño ez zituela. Bere gorpuari Bermeo'ko obitegian lurra eman zioten.

 

        ANTZERKILLE.— Apaiz argi ta jakintsu au bermeotar uts-utsa genduan; bere erriko gazteak batez ere euskeraz kulturatu nai zituen. Ba-dira ortarako berein modu ta era. Ortuzar'ek oietan bat aukeratu zigun, erriari atsegin zaiona: bermeotar arrantzaleen ekandu ta jazoerak antzerki-eraz idatzi ta azaldu.

        Ona R. Ortuzar'en liburu bakarra: Oroigarriak (Bermeo, 1925). Gaubeka'ren irarkolan. 151 orrialde. Sei antzerti-lan dituzu: 1) Torronteruen, Bermeo'ko «Otso-Etxea»-n, 1914'garren urteko Errege-egun eta Aratustietan, antzezturiko antzerkia, gertaldi bitan; 2) Doniane Bezperako Belentziren pozak, bakarrizketa; 3) Zorginkeribako Epaya, jolantzerkia, gertaldi bitan, karmeldar lekaimien ikastolan 1923'an antzeztua; 4) Ondo pentsaten zauz!, alkarrizketa; 5) Pitxar bete ur, alkarizketa; ta 6) Txalupeitsien, gertaldi bateko antzerkia. Azkenik, bi eraskin, Bermeo'ko itz bereizi ta esaera politez aberastuak. Bermeo'ko izkelgiz egiña.

        Azkue zanaren adiskide aundia zan, eta ark egin zion sarrera. Jakingarri dugunez gero, irakur zazu zuk ere. «Gaur egunean —dio—, gure erri au euskalzale egiteko, teatrua dala uste dot biderik laburrena ta errazena. Irakurri, gutxi irakurten dabe euskaldunak: eztakielako, askok; neketsu dabelako, geienak. Txikitatik, erdereaz batera, euskerea begietan barruan sartu balitzakioe, neke orren erdirik eleukee izango. Begiak argitzea gaitz dogunezkero, belarriak gozatu daioguzan erriari.

        »Bermeoko arrantzaleen bizikerea gai dabela, Ortuzar Abade zur ta erri-maiteak eratu dauskuzan antzerkitxo (sainete) onek eztitan ta aoa zabalik entzunak izango dira Bizkaiko edozein uritan. Betoz beste idazle batzuk Ortuzarren ondorik, baserritar ta nekezaleen oitura on nai galgarri mamintzat artuta, gatza ta erri-usaintxo gozoa daben antzerki asko egitera. Olgetan-benetan ta ezarian-baiarian on andia egin lekioe erriari». (Gaubeka ta Duo'tar Bitor'ek, Bermeo'tik 1975'gneko iraillaren 29'garreneko eskutitza).

 

Bilaketa